Eudel
  • EUDELeko elkarteburu Esther Apraizek udalak beren ahalmenak ahalik eta gehien garatzera animatu ditu, Euskadiko udalerriak osasun- eta bizi-iturri osasungarri bihurtzeko; eta, bereziki, gaixotasunak prebenitzeko osasuna zaintzeak duen garrantziaz herritarrak sentsibilizatzeko.
  • Alberto Martinez sailburuak azpimarratu du udalek funtsezko zeregina dutela herritarren osasuna sustatzeko eta hobetzeko “Salud y Municipios. Osasuna zure herrian” jardunaldian. Jardunaldi hori hausnartzeko eta udalerrietan osasuna prebenitzeari eta sustatzeari lotutako ekintzak partekatzeko gunea da. “Osasunak batzen gaitu”, adierazi du.

Bilbon, 2025eko apirilaren 9an. Gaur goizean Osasun Sailak eta EUDELek, Osakidetzarekin lankidetzan, antolatutako eta euskal udalei zuzendutako jardunaldi bat egin da.  Jardunaldiak udal-esperientziak partekatzeko eta hausnartzeko balio izan du. Topaketan hainbat tresna aurkeztu dira, hala nola, Euskadiko Osasunaren Behatokia eta Osasun Eskola+ plataforma digitala, baita udal-jardunbide onen arrakastaren hiru kasu ere: Durango, Zanbrana eta Soraluze.

EUDELeko elkarteburu Esther Apraizek azpimarratu duenez, “osasun komunitarioa sustatzea udalen eskumena da, eta hori gauzatu behar dugu, Osakidetzarekin eta eskualde eta lurralde desberdinetako ESIekin batera lan eginez. EUDELek eta Sailak udalak beren ahalmenak ahalik eta gehien garatzera animatu dituzte, Euskadiko udalerriak osasun- eta bizi-iturri osasungarri bihurtzeko; eta, bereziki, gaixotasunak prebenitzeko osasuna zaintzeak duen garrantziaz herritarrak sentsibilizatzeko”.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Alberto Martinezek nabarmendu du udalek funtsezko zeregina dutela herritarren osasuna sustatzeko eta hobetzeko, eta adierazi duenez, “Euskadi erreferente bihurtu behar dugu, baita osasuna prebenitzeko eta sustatzeko politikan ere. Osasun-baldintzatzaileek eragin handia dute udaletan, eta zuen beharra dugu”.

Gaur goizean Bilbon egin den foroan, Martinez sailburuak udalei eskatu die eragile aktiboak izan daitezen osasunaren prebentzioan eta sustapenean; izan ere, gure osasunaren kalitatearen % 10 gure osasun-sistemaren mende dago, % 20 gure genetikaren mende, % 20 ingurumenari, faktore sozioekonomikoei, herri eta hirien plangintzari, etxebizitzari, mugikortasunari eta abarri lotutako baldintzatzaileen mende, eta % 50 bizi-estiloaren eta ohitura osasungarrien mende.

Horren harira, Alberto Martinezek esan duenez “pedagogian eta sentsibilizazioan inoiz baino gehiago eragiteko unea da”. Guri dagokigu. Gauzak erraztea dagokizue. Prebentzioan eragina duten lankidetza-ekimenak bultzatzea”. Eta gaineratu du horretarako Osasun Saila eragile anitzeko eta maila anitzeko lankidetza bultzatzen ari dela osasun komunitarioaren inguruan. Lankidetza hori “erakusten ari da OSASUNA zatiketa-elementua baino gehiago lotura-elementua dela. Osasunaren prebentzio-ikuspegi horrek gizarte gisa eta, batez ere, pertsona gisa ahalduntzeko balio izatea nahi dugu. Osasunak batzen gaitu”.

Osasunaren prebentzioan eta sustapenean hobetzeko funtsezko tresnak

Hain zuzen ere, osasunaren prebentzioan eta sustapenean hobetzeko funtsezko bi tresna aurkeztu dituzte jardunaldian zehar.

Osasun Saileko Osasun Eraldaketa, Plangintza eta Digitalizazioaren zuzendari Gontzal Tamayok Euskadiko Osasun Behatokia aurkeztu du. Behatoki hori azterketa-, komunikazio- eta ikerketa-tresna bat da, eta EAEko herritarren osasuna ekitatearen eta genero-ikuspegiaren arabera monitorizatu eta ebaluatzea du helburu. Hori berritasuna da estatu-mailan, horrelako tresnek normalean ez baitute genero-ikuspegia kontuan hartzen.

Tresna hori Osasun Sailari atxikita dago, eta Euskadiko 135 osasun-eremutan informazioa eta ebidentzia ematen die osasun-sistemari berari, udalei, aldundiei eta gainerako erakundeei, baita ikerketako langileei, profesionalei eta, oro har, gizarteari ere. Hori oso baliagarria da osasun-arloko ekintzak planifikatzeko eta lehenesteko. Zehazki, bizi-itxaropenarekin eta heriotza-tasarekin, osasun-egoerarekin, haurtzaroarekin, osasun-baldintzatzaileekin edo osasun-sistemaren erabilerarekin lotutako 23 adierazle biltzen ditu.

EUDELeko elkarteburu Esther Apraizek nabarmendu duenez, “garrantzitsua da udal-arduradunok gure herri eta hirietan osasunaren egoerari eta haren bilakaerari buruzko informazioa izatea”, eta positibotzat jo du udalerri bakoitzerako datu espezifikoak izatea ahalbidetuko duen Behatokiaren tresna.

Bestalde, Begoña Belarrak —Osakidetzako erizaina Lehen Mailako Arreta Koordinatzeko Zuzendariordetzan— Osasun Eskola + plataforma digital berria aurkeztu du. Herritarrei zuzendutako osasun-eskola da, eta Osakidetzaren webgunetik sar gaitezke; bertan, pertsona bakoitzak bere osasunaren zaintzan inplikatzeko ahal izateko eta erabakiak hartzen parte hartu ahal izateko informazioa eta tresnak ditu. Belarrak azaldu duenez, atari horren bertsio berrituak, informazioa eta tresnak eskaintzeaz gain, osasuneko profesionalak kontsultan bertan zerbait agindu edo edukiren bat adierazteko (ikastaroak, tailerrak, multimedia-materiala…) aukera izango du, paziente eta familia zaintzaileek ezagutza zabalagoa izan dezaten eta, horrela, gaixotasuna hobeto kudeatu ahal izan dezaten.

Kasu arrakastatsuak: Osasuneko jardunbide egokiak udalerrietan

Topaketa horren baitan, Zanbranako, Durangoko eta Soraluzeko alkateek, Osakidetzako profesionalekin eta udaletako teknikariekin batera, beren udalerrietan herritarren osasuna eta ongizatea sustatzeko jardunbide egokien kasu arrakastatsuak azaldu dituzte.

Zanbranan duela urte batzuetatik hona adineko pertsonei zuzendutako proiektu kolaboratibo bat garatzen ari dira, biztanleria ahulen eta aurre-ahulen zahartzea lantzeko helburuarekin. Amaia Pikazak —Osakidetzako erizaina Zanbranako kontsultategian— eta María Trinidad Zarzak —Arabako Zanbrana udalerriko alkatea— azaldu dutenez, programan parte hartzen duten adinekoek jarduera fisikoa eta jarduera kognitiboa lantzen dute, Zanbranako kontsultategiak aldez aurretik balorazioa egin ondoren. Gainera, etengabeko komunikazioa dago Udalarekin programa eta inguru horretako osasun-beharrak baloratzeko.

Soraluzen, Osakidetzaren eta Gipuzkoako udalerri horretako udalaren eskutik, JendartEKIN proiektua abian da. Carlos Cangak —Lehen Mailako Arretako erizain albokoa eta Debabarrena ESIko Osasun Komunitarioko erreferentea— eta Unai Larreategik —Soraluzeko alkatea— zehaztu dutenez, 55 urtetik gorako pertsonei zuzendutako ekimen hau bizitza osoko ikaskuntzan eta berdinen arteko prestakuntzan oinarrituta dago, prebentzioarekin lotutako hitzaldiak eta tailerrak eskainiz, adibidez, loaren higieneari edo udazkenarekin eta neguarekin lotutako gaixotasunei buruz.

Programa horretaz gain, jarduera fisikoa sustatzeari buruzko “Mugi Soraluze” proiektua ere martxan dago Soraluzen. Proiektu hori Eusko Jaurlaritzak kirola bultzatzeko duen programaren barruan kokatzen da. Azaldu dutenez, proiektu horren helburu nagusia da osasun-zerbitzuak orientazio-zerbitzura bideratzea edozein adinetako pertsona ez-aktiboak, pertsona horiek jarduera fisikoa egitera animatzeko eta beren egoera fisikoa eta ongizate orokorra hobetzeko.

Azkenik, Mireia Elkoroiribek —Durangoko alkatea— eta Izaskun Zeberiok —Donostiako Unibertsitate Ospitaleko hematologoa— EDONOLA ikerketa-proiektuaren berri eman dute. Ikerketa horrek linfoma duten eta immuno-kimioterapia jasotzen duten pertsonen artean ariketa fisikoak dituen onurak aztertzen ditu. Ekimen horrek —180 pertsonak parte hartzen dute eta Saileko Osasun Ikerketako Institutuek, udalek eta lanbide-heziketako ikastetxeek garatzen dute— tratamendu eraginkorra eman nahi du pertsona horien bizi-kalitatea hobetzeko, bihotz-biriketako gaitasunaren jaitsiera eta hauskortasunaren eta nekearen areagotzea saihestuz.