2018ko martxoaren 21a
Martxoaren 21ean, EUDELek eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikako Sailak informazio-jardunaldi baterako deia egiten zuten, xede izanik euskal udalei EUSKARALDIA edo Euskarak 365 egun ekimena aurkeztea, bai halaber 2018ko jardunbideak zehaztea, euskara aktibatzeko ekimen hau toki-mailan garatu dadin.
Berrogeita hamar bat arduradun politiko bertaratu ziren. Beasaingo Alkate Aitor Aldasorok, EUDELeko euskara ordezkari gisa, aurkezpena egin zuen. Aldasorok hainbat alkate eta zinegotzia bertaratu izana eskertu zuen, eta adierazi zuen horrek argi erakusten duela udalek euskararekiko duten konpromisoa. 
EUDELen ordezkariak EUSKARALDIA goraipatu zuen, jarduteko marko komuna den neurrian, maila askotakoa; izan ere, ekimenean barne daude erakundeak, gizarte-eragileak eta norbanakoak. Beasaingo Alkateak azpimarratu zuen ibilbide luzeko dinamika dela, 2018tik haragokoa, eta gogorarazi zuen hizkuntza-aldaketek denbora-ikuspegi zabala eskatzen dutela. Era berean, adierazi zuen ziurtasun osoa duela hizkuntzaren erabilera soziala apurka eta urratsez urrats indartuko dela.
Zentzu honetan, Batzorde Eragilearen ordezkari gisa, Aitor Aldasorok nabarmendu zuen EUDELek prestutasun osoa duela gainerako eragile sozial eta politikoekin batera euskararen erabileraren normalkuntza sustatzeko.
Sarreraren ostean, EUSKARALDIA ekimenaren ezaugarri zehatzak zein diren azaldu zuten honako arduradunek: Miren Dobaran, Hizkuntza Politikarako sailburuordea; Estibaliz Alkorta, Euskaren Sustatzeko zuzendaria; eta Jasone Mendizabal, TOPAGUNEA elkarteko zuzendaria.
EUSKARALDIA ekimenaren helburua da hizkuntza-ohituretan aldaketa eragitea, nola-eta herritar euskaltzaleak aktibatuz, alegia, euskara sustatzearen aldeko jarrera duten pertsonak. Lana bi esparrutan oinarritzen da: pertsonak eta erakundeak.
Informazio gehiago: www.euskaraldia.eus
2018rako MUGARRIA:
2018: Euskaraldia: 11 egun euskaraz.
Helburua: pertsonak aktibatzea. Euskaltzaleak aktibatzea, beren egunerokoan euskaraz bizitzeko urratsak eman ditzaten.
Horretarako, 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean Euskaraldia: 11 egun euskaraz ekimena gauzatuko da Euskal Herri osoan.
Udalen parte-hartzeari begira, izena emateko epea apirilaren 8ra artekoa izango da.
EUSKARAK 365 EGUN DINAMIKAREN HELBURU NAGUSIAK:
- Hizkuntza-ohiturei astindu bat ematea eta ahalik eta pertsona gehienek euskara gehiago erabiltzeko urratsak ematea.
- Tokian tokiko euskalgintza aktibatzea, praktika linguistikoak erraztuko dituzten neurriak sustatu eta herritar euskaldunak martxan jar ditzaten.
- Era guztietako entitateek euskaraz bizitzea ahalbidetuko duten babes neurriak hartzea eta oztopo diren egoerak arintzea eta bideratzea.
- Ekimenetik abiatuta emango diren urrats berriak eta sortuko diren euskarazko harremanak ekimenaren ostean mantentzea.
EUSKARALDIA: 11 EGUN EKIMENAREN BOKAZIOA:
- Osagarritasuna: Euskarak 365 egun dinamikak euskararen erabilera sustatzeko abian dauden horrenbeste ekimen eta programen osagarri izateko bokazioa dauka. Euskararen erabilera programetan txertagarria eta horiekin uztargarria izan daiteke, eta hala egiteko gonbidapena luzatzen dugu.
- Malgutasuna: Euskarak 365 egun dinamika herri edo eremu bakoitzeko egoera soziolinguistikoaren eta lehentasunen arabera moldatu behar da.
- Abiatzea: Proposamena egin nahi diegu herriko euskalgintzako eragileei elkarrekin harremanetan jar daitezen ekimena elkarlanean diseinatu eta garatzeko; izan euskalgintza soziala zein instituzionala.
- Marko komuna: Euskarak 365 egun dinamikak malgua izan behar du herrien errealitateetara egokitu eta funtzionatuko badu. Hala ere, marko komuna behar du herritarrentzako nahasgarria izan ez dadin. Herrietan oinarrizko ezaugarriak mantentzea komeni da: helburuak, izena eta irudia, ahobizi eta belarriprest figurak izatea eta gauzapen garaia