Eremu soziolinguistiko ezberdinetako gazteak izango dira ‘Mingaina dantzan’ ekimenan eta erabilera sustatzeko tresnen eraginkortasuna aztertuko da ikerketa baten bidez
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak ‘Mingaina dantzan’ proiektua aurkeztu du gaur Donostiako Miramar Jauregian. Ekimen honi esker euskarari lotutako udaleku erakargarri batzuk sustatuko dira eta erabileran eragiteko baliogarriak izan daitezkeen tresnen inguruko ikerketa bat garatuko da. Udaleku hauetan, eremu soziolinguistiko oso euskaldunetako gazteak euskarak pisu gutxiago duen eremuetako gazteekin batera izango dira. Proiektu pilotua da, eta hortik aterako diren ondorioak baliogarriak izango dira erabilera sustatzeko estrategiak garatzeko orduan.
Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, EUDEL eta UEMA ere proiektu honen atzean daude. Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordearekin batera, Beasaingo alkate eta EUDELeko euskara ordezkari Aitor Aldasoro, UEMAko presidente Josu Labaka, Ebete enpresako hezitzaile Iñaki Eizmendi eta udalekuak antolatuko dituen Ttakun enpresako ordezkari Iñaki Aristondo egon dira prentsaurrekoan. EiTBko Goazen! telesail arrakastatsuaren protagonistak ere bisitari izango dira udalekuetan, eta ekimenaren gaurko aurkezpenean Inma Fernandez, Haritz Morras eta Lorea Iribar aktoreak izan dira.
Udalekuetan izango diren gazteak Euskadiko eskualde ezberdinetatik joango dira: Urola Kosta-Urola Erdia, Oarsoaldea, Lea Artibai, Ezkerraldea eta Gasteiz. Beraz, euskararekin harreman ezberdina duten gazteak izango dira ‘Mingaina dantzan’ proiektuan. Udalekuak bi txandatan antolatuko dira. Lehenengoa, Mundakako aterpetxean izango da, uztailaren 3tik 12ra arte. 30 lagun izango dira guztira, Azpeitia, Zumaia eta Barakaldoko ikastegietatik etorritakoak. Bigarren udalekua, Kortezubiko Baratze aterpetxean egingo da. Uztailaren 21etik 30era arte izango da eta, honetan ere, 30 lagunek parte hartuko dute. Oiartzun, Markina-Xemein eta Gasteizko ikastetxeetatik etorritakoak.
Aitor Aldasoro, EUDELeko ordezkariak aisialdiko programa pilotu honen balioa azpimarratu du eta emaitzen zabalkundea egiteko konpromisoa adierazi du:
“Gazteak ez dira isolatuta bizi. Beren gizarte hurbilean txertaturik bizi dira. Nerabeen inguru soziolinguistikoak askotarikoak dira. Izan ere, Euskadiko udalerrietan ere oso errealitate desberdinak daude. Hala ere, euskarak indar gutxiago duen horietan ere, aurrerapausoak emateko gaitasuna dago, ezagutza nabarmen igo delako. Gainera, ikusten duguna da udal guzti-guztietan gogoa badagoela aurrerapausoak emateko.
Gure iritziz, proiektu hau eraginkorra izan daiteke aipatu ditugun aurrerapauso horiek emateko, betiere erabileraren inguruan, kasu honetan gazteen artean. EUDEL‒Euskadiko Udalen Elkateak bere esku dagoen guztia egingo du proiektu honen emaitzen zabalkundea egiteko eta erabilitako estrategien eta metodologiaren aplikazioa ere aintzat hartzeko.”