Eudel

Finantzen Lurralde Kontseiluak, gaur eguerdian Bilbon egin duen bileran, berretsi egin ditu Kontseiluak urrian egindako aurreko bilerako aurreikuspenak. Orduan aurreratu zen 2017ko ekitaldiko likidazioa ez zela negatiboa izango. Lehenengo aldiz 8 urtean udalek ez dute dirurik itzuli beharko eta, diru-bilketaren gehikuntzari esker, 2017ko ekitaldian kontura emandako diru kopurua baino 12.147.328 euro gehiago ordainduko dizkie Bizkaiko Foru Aldundiak udalei. 2017an konturako emateak 795 milioi euro pasatxo izan ziren, eta orain, ekitaldiko likidazioaren ostean, behin betiko zenbatekoa 807 milioi izan da, % 1,5 handiagoa.

  • Bizkaiko udalek ez diote Udalkutxari dirurik itzuli beharko lehenengo aldiz 8 urtean, eta 12 milioi gehiago jasoko dituzte
  • 2017ko ekitaldiko likidazioaren ondoren, diru-bilketaren gehikuntzari esker, 2017ko ekitaldiko konturako emateetan baino 12,1 milioi euro gehiago ordainduko dizkie Bizkaiko Foru Aldundiak udalei, hau da, udalek jaso beharreko guztizko zenbatekoa % 1,5 hazi da.

2017ko Udalkutxaren likidazioa: Udal bakoitzeko banakako datuak

Gaurko Kontseiluko bileran udal ordezkariei emandako informazioa erantsi da dokumentuan dago jasota, eta, horietan, lurraldeko udalerri bakoitzeko banakako datuak eskaintzen dira: IKUSI DOKUMENTUA

SAAD funtsak eta udalerri txikietan azpiegituretako laguntzak

Horretaz gainera, Bizkaiko udalek autonomiarako eta mendekotasuneko laguntzarako SAAD funtsetatik 10.725.125 milioi euro gehiago jasoko dituzte. Estatuko Administrazio Orokorrak transferituko ditu, kupoari buruzko akordioa sinatu eta gero. Diru kopuru hori ordainketa bakarrean jasoko da, eta 2012-2017 bitarteko SAAD funtsen atzerapenen erregularizazioaren ondorio da, Estatuarekiko Kupoaren Batzorde Mistoan adostutako mailarekin bat etorriz.

Bizkaiko Foru Aldundiak Kontseiluan jakinarazi du, halaber, joan zen urtarrilaren amaieran dekretu bat argitaratu zela lurraldeko udalerri txikietan azpiegiturak finantzatzea helburu duten 2 milioi euroko laguntzak emateko. Deialdi hori datorren martxoaren 16ra arte egongo da indarrean. Gehienez 7.500 biztanle dituzten udalerriek parte hartu ahal izango dute, eraikinetan zaharberritze obrak egiteko, oinezkoentzako eremuak atontzeko, bide publikoak eta hiri aparkalekuak egiteko eta ekipamendu publikoak estaltzeko, beste helburu batzuen artean.

*Finantzen Lurralde Kontseilua Bizkaiko udalen eta Foru Aldundiaren arteko koordinaziorako eta parte hartzeko organoa da, udal finantzaketaren banaketa helburu duena, bai eta Bizkaiko Lurralde Historikoko sektore publikoko jarduera ekonomiko-finantzarioaren eta aurrekontu-jardueraren koordinazioa ere.

Hamar kide ditu, eta horietatik bost EUDEL-Euskadiko Udalen Elkartearen izenean parte hartzen dutenak, hau da, Balmasedako alkatea, Álvaro Parro, Bilboko Ekonomia eta Ogasun Saileko zinegotzia, Marta Ajuria, Ermuko alkatea, Carlos Totorika, Larrabetzuko alkatea, Iñigo Gaztelu eta Muskizko alkatea, Borja Liaño. Beste bost kideak Bizkaiko Foru Aldunditik datoz: Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatua eta Kontseiluko burua; Ogasun eta Finantzen foru diputatua; Gizarte Ekintzako diputatua; bozeramailea eta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatua; eta Ogasun eta Finantza Saileko idazkari nagusi teknikoa