Eudel

“Eman giltza-¡Háblale, escúchale!” leloa daraman kanpainaren helburua, euskara belaunaldiz belaunaldi transmititzeak duen garrantzia nabarmentzea da. Aipatutako kanpaina Bizkaiko 10.000 familia inguruk jasoko dute eta, Alkarbide bilguneak koordinatuta eta Bizkaiko Foru Aldundiak babestuta, orain dela bi urte martxan hasi zen egitasmo hau aurten ere 39 udalerritan eta 2 mankomunitatetan zabalduko da.

Bilbon, 2013ko urriaren 9an. Kanpaina gaur goizean aurkeztu dute Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendari Ana de Castrok, EUDELeko Batzorde Eragileko kide eta Basauriko Alkate Andoni Busquetek, eta Txorierriko Mankomunitateko Lehendakari Lander Aiarzak.

EUDELetik Andoni Busquetek adierazi du “etxea dela hizkuntzak transmititzeko lekurik naturalena, hurbilena, guraso eta seme-alaben arteko espazio intimoena. Bizkaiko udal askoren sostenguaz datorren ekimen honek hortxe eragitea nahi genuke, herritarren espazio horretan”.

Horretarako, ume jaioberriak eta 1-6 urte bitarteko umeak dituzten gurasoek umearen ingurune hurbilean euskara sustatzeko aholkuak batzen dituen diptikoa jasoko dute etxean eta euren kezka eta beldurrak uxatzeko prestatu den webgunearen berri ere izango dute.

Horrez gain, adur-zapia, askari-poltsa, kotxean jartzeko pegatina eta KU-KU liburuxka eta CDa ere banatuko zaizkie. Liburuxka horretan, besteak beste, abestiak, euskarazko oinarrizko hitzak eta esamoldeak daude jasota. Gainera, aurten ikasturte hasierarekin batera, ETB2n egitasmoa ezagutzera emateko eta transmisioa sustatzeko iragarkia ere ikusi ahal izango da.

Andoni Busqueten hitzetan, “Metafora polita ageri da egitasmo honetan: giltza, batetik; eta engranajea, bestetik. Gurasoak seme-alabei euskara transmititzeko pieza dira. Udalok transmisioaren aldeko giltza ere izan nahi dugu. Euskara giltzarria da, iragana, oraina eta etorkizuna batzen duen elementua delako.”

Parte-hartzaileak

“Eman giltza -¡Háblale escúchale!” kanpainan guztira 54 herri-erakundek parte hartu dute; 39 udalerriak eta 2 mankomunitateak honako hauek dira:

Abadiño, Abanto-Zierbena, Amorebieta-Etxano, Arrankudiaga, Arrieta, Arrigorriaga, Balmaseda, Basauri, Berango, Berriz, Bilbo, Durango, Elorrio, Erandio, Ermua, Etxebarri, Etxebarria, Fruiz, Galdakao, Gernika-Lumo, Gordexola, Kortezubi, Laukiz, Leioa, Lemoa, Markina-Xemein, Maruri-Jatabe, Mundaka, Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz, Muskiz, Orozko, Ortuella, Sestao, Sukarrieta, Trapagaran, Ugao-Miraballes, Urduña, Zaldibar, Zeberio eta Zierbena. Mankomunitateak hauek dira: Enkarterri eta Txorierri.

Webgunea: www.emangiltza.com.