- Koldobike Olabidek, EUDELen izenean parte hartu du gaur 2030 Agendari buruzko udako ikastaroan (uztailaren 12an eta 13an, Donostian).
- Euskal erakundeak bat etorri dira GJHak “politika publikoak hobetzeko hizkuntza komun” gisa definitzean; eta aditzera eman dute adierazle partekatuak behar direla emaitzak eta eraginak neurtzeko.
Donostia, 2022ko uztailaren 12a. Koldobike Olabidek, Legazpiko alkateak eta EUDELen Batzorde Eragileko ordezkariak, parte hartu du gaur goizean “Agenda 2030, kontratu sozial berri bat” udako ikastaroko erakundeen arteko mahaian. Udalek, Foru Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak beren estrategiak helarazi dituzte Garapen Jasangarriko Helburuak zehazteko, ekintza eta proiektu eraldatzaileen bidez.

Olabidek udal esparruaren esperientzia eta ikuspegia partekatu ditu 11:30ean egin den erakundeen mahaian. EUDELekin batera, hiru foru-aldundietako eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek parte hartu dute: Leixuri Ugartek, GJHen aldeko Arabako Aliantzaren arduradunak eta Arabako Foru Aldundiko zuzendariak; Maitane Leizaolak, Bizkaiko Foru Aldundiko kabinetearen koordinazioko zuzendari nagusiak; Sebas Zurutuzak, Gipuzkoako Foru Aldundiko proiektuen zuzendariak; eta Jone Berriozabal, Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko erakunde harremanetarako sailburuordeak.
Euskadiko Udalen Elkarteko ordezkariak nabarmendu du EUDELek konpromiso irmoa duela 2030 Agendarekin; proiektu “estrategiko” bat da, eta hainbat biztanleria-tamainatako eta sentsibilitate politikoko udalek parte hartzen eta laguntzen dute.
Olabidek azaldu du nola antolatzen den EUDELeko alkateen lana nola antolatzen den, arlo honetan: EUDELen Batzorde Eragilearen bidez, “lidergo” batzorde baten bidez eta Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzak sustatutako Eragile Anitzeko Foroari lotutako hainbat lantalderen bidez.
EUDELen lana oinarritu izan da udalek Euskadiko 2030 Agendari egin beharreko “udal-ekarpena” egitean. Zehazki, Euskadiko udalerrien sareekin lan egin da, tokiko sustapeneko 15 proiektu identifikatzeko. Euskadiko 2030 Agendaren proiektu enblematikoekin daude lerrokatuta. Gizarte-inklusioa, berdintasuna, ingurumen-jasangarritasuna, enplegua eta tokiko garapena, garapenerako lankidetza, edo gobernantza ona eremuetan.
Olabidek aurreratu duenez, une honetan EUDELek garapen jasangarriaren helburuekin lerrokatutako udal-aurrekontuen eredua lantzen ari da, “GJHen hizkuntza kudeaketa ekonomikora eramateko eta herritarrei kontuak emateko”.
Alkateak udalen funtsezko parte-hartzea defendatu du: “Helburu globalak ekintza gisa eta lankidetza gisa planteatu behar ditugu. GJHak inpaktuetan islatu behar dira; gizartearentzako onuretan eta aurrerapenetan.”
Gizarte-kontratu berri bat eta GJHen adierazleak
Koldobike Olabidek gailendu du “paradigma-aldaketa” bizi dugula, eta “pertsonen arteko kontratu sozial berri bat bultzatzeko unea dela, eta gurearen eta planetaren artekoa” ere bai. “Tokiko gobernuok aldaketaren protagonista izateko aukera dugu, gainerako erakunde eta eragileekin batera”.
“Euskadiko 2030 Agenda palanka gisa baliatu behar dugu gizarte hobea bilakatzeko, udalerrien barruan eta lurralde mailan beharrezkoak diren sare eta adostasunak sortuz, lankidetza publiko-pribatu-soziala sustatuz”, azaldu du Koldobike Olabidek.
Olabidek azpimarratu du udalerriak direla gizarte-kontratu berri hori garatzeko espaziorik egokiena, hiru arrazoirengatik: lehenik, GJHak herritar eta gizarteko eragile bakoitzari helarazteko lotura-puntu gisa (Hirugarren sektorea, enpresak, ezagutza…); bigarrenik, esperimentazio-gune edo -laborategi gisa, proiektu berritzaileak testatzeko; hirugarrenik, ingurune hurbileko eta zehatzeko inpaktuak neurtzeko behatoki gisa, eta, horrela, emaitzen berri emateko.
Azken helburu horri buruz, erakundeek ebaluazio-sistema bat izatearen garrantzia partekatu dute. Koldobike Olabidek azaldu duenez, udalerriek Udalsarearen adierazle espezifikoak dituzte. Baina neurketa-tresna bat behar da maila guztietarako, adierazle koordinatu eta partekatuetan oinarritua. “GJHen adierazleak udal-mailaraino jaitsi behar dira, baina, aldi berean, herrialde mailako adierazleekin lerrokatuta egon behar dute”. “EUDELek udalerri txikien egitekoa aldarrikatzen du; hori dela-eta, adierazleek herri eta hiri guztiok barne hartzen dituztenen aldeko apustua egiten dugu, inor atzean gera ez dadin”.
Alkateak azpimarratu du ere herri eta hiri bakoitzean GJHak ekintza zehatzekin praktikan jartzearen garrantzia, eta aitortu du udalek beren Tokiko 2030 Agendak bultzatzeko egindako lana. “Pertsona, herritar eta tokiko komunitate bakoitzak konpromisoa hartu behar du helburu globalekin, bai eta udalerri-mailako helburu zehatzekin ere”.
Ikastaroa
Ikastaroa uztailaren 12an eta 13an egingo da, Donostiako Miramar Jauregian, eta Eusko Jaurlaritzako Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiak antolatu du, EHUrekin batera. Iñigo Urkullu Lehendakariak bihar, asteazkena, egingo du ikastaroaren amaiera instituzionala.
Inaugurazioa Jonan Fernandezek, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiak, eta Asier Arambarri zuzendariak egin dute, eta ikastaroaren helburuak aurkeztu dituzte: 2030 Agendan oinarritutako gizarte-kontratu berri bati buruzko hausnarketa estrategikoa. Adostasunak identifikatzea; ekarpenak zehaztea; aukerak aztertzea; printzipioak eta balioak; inplikatutako eragileen arteko aliantzak; erronkak eta aukerak.
Euskadiko Udalen Elkarteak (EUDEL) Euskadiko 2030 Agendaren Eragile Anitzeko Foroko kide gisa parte hartzen du programan. Aipatutako Idazkaritza Nagusiarekin (Lehendakaritza) iaz sinatutako lankidetza-hitzarmenaren esparruan, EUDEL udalek Euskadiko 2030 Agendan izandako parte-hartzea eta ekarpena bideratzen ari da.