Eudel
  • Lantalde horren 70. bilera EUDELen egoitzan egin da, eta 2026 hausnarketa estrategikoko urtea izango dela azpimarratu du, non klima eta energia sarearen lehentasun nagusiak izango diren.

Udalsarea 2030ek Batzorde Teknikoaren 70. bilera egin du astearte honetan. Euskadiko Udalen Elkartearen (EUDELen) egoitzan, jasangarritasunaren alorreko tokiko erronkei batera heltzeko hitzordua izan da, eta berrogeita hamar bat toki-erakundek hartu dute parte, horietatik hamar bat eskualdeko erakunde izanik.

Joseba Intxausti Iztuetak, EUDELeko jarduneko zuzendariak, jardunaldia ireki du “alkatetzak trantsizio energetiko eta klimatikoari aurre egiten ari direla” baieztatuz, eta gai horiek izan dira hizpide bileran. “Erronka globala eta zeharkakoa da, eta tokiko gobernuek funtsezko rola dute klima-aldaketaren ondorioak geldiarazteko. Asmo handiko lan partekatua da”.

Alexander Boto Bastegietak, Ihobeko zuzendari nagusiak, sareak biziko duen etapa berria aipatzen jarraitu du: “2026 hau hausnarketa estrategikoko urtea izango da, non helburuak eta lan ildoak birdefinituko ditugun hitzarmen berri baten bidez, klima eta energia ardatz hartuta. Era berean, proiektu zehatzak ekarriko dituen ekintza bat bultzatu nahi dugu”.

Izan ere, 2026an amaituko da sarearen Plan Estrategikoa. Bileran, joan den urtera arte egin den ebaluazioa partekatu da. Bertan, sarearekiko atxikimendu handia (260 erakunde, Euskadiko udalen % 90) edo gero eta udalerri gehiagok garatu dituzten Klima eta Energia Planen onarpena nabarmentzen dira.

Euskadiko Emisio Gutxiko Eremuen ikaskuntzak

Batzorde Teknikoaren bilerak balio izan du Udalsarea 2030eko Emisio Gutxiko Eremuen (EGE) lantaldearen ondorioen dokumentua aurkezteko. Lantalde hori, 2023tik 2025era bitartean, EGE bat ezartzeko legezko betebeharra duten euskal udalerriek (Barakaldo, Bilbo, Donostia, Getxo, Irun eta Vitoria-Gasteiz) osatu zuten, eta erronkak, arazoak eta konponbideak bateratzeko balio izan zuen, ezarpenean arrakastaz aurrera egiteko. Gainera, arlo juridikoan aditua den laguntza tekniko baten laguntza izan zen.

Hainbat bilera egin ondoren, taldeak bere ikaskuntzak bildu ditu aurkeztutako dokumentuan. “50.000 biztanletik gorako udalerriez gain, airearen kalitateari buruzko araudian araututako muga-balioak gainditzen dituzten 20.000 biztanletik gorako udalerriek ere EGE bat ezarri behar dute. Gaur egun, Euskadin ez dago bakar bat ere, baina ezarriko den EBko zuzentarau berriarekin baliteke baietz. Beste lurralde batzuetan judizializatutako EGEen ikaskuntzen artean, ikusi genuen ez zela behar bezala justifikatzen EGEaren ezartzea”, adierazi du Sofia Aranak, Ekoiure laguntza teknikoko arduradunak.

Etorkizuneko ezarpenak errazteko, dokumentuak EGEen oinarrizko ezaugarriak, bermatu behar dituen printzipioak, taldearen ikaskuntzak (judizializazioari dagokionez) eta bestelako informazio interesgarria biltzen ditu. Ezarpen-prozesua irudikatzeko, Virginia Fernández Escuderok, Bilboko Udaleko Mugikortasun Proiektuen Bulegoko buruak, eta Ana Juaristik, Donostiako Udaleko Ingurumen Osasun eta Jasangarritasun Zerbitzuko buruak, beren udalerrietako esperientziak partekatu dituzte.

Klima eta energia, Udalsarea 2030en oraingo eta etorkizuneko ardatzak

Bilerak sarearen lanaren ardatz izango diren bi gai nagusiekin jarraitu du: klima eta energia. Ildo horretan, Izaskun de Allendek, Ihobeko Ekintza Klimatikoaren arlokoak, arlo horretako tokiko plangintzari eta Klimaren eta Energiaren aldeko Alkateen Itunari heldu die: “Azken bileratik aurrerapauso handiak eman dira, eta beste 30 bat Klima eta Energia Plan (KEP) ditugu. Guztira, 130 udalerrik badute edo egiteko bidean daude”.

Horrela izan da Alkateen Itunari emandako atxikimenduekin ere: “Handituz joan gara, nahiz eta atxikimendu horri etekina ateratzeko hainbat modu aurkitu ditugun”, adierazi du de Allendek. Beste ideia bat ere indartu du: Udalsarea 2030 laguntza-sare bat da, eta hainbat baliabide, tresna, aholkularitza eta abar eskaintzen ditu, hala KEPak ezartzeko, nola horien jarraipena eta ebaluazioa egiteko: KEPetarako gida eguneratua, horiek kontratatzeko giltzarriak, Euskadin ezarritako NOKen arrakasta-kasuei buruzko argitalpena

Mari Mar Alonsok, Ihobeko Ekintza Klimatikoaren arloko zuzendariak, LIFE 2026 deialdiak Naturan Oinarritutako Konponbideen proiektu bat aurkezteko duen aukera azaltzen jarraitu du. Proiektu horrek erakundeen laguntza behar du: “Planak edo proiektuak garatu zituztela bagenekien eskualde-erakundeekin harremanetan jarri gara, eta LIFE proiektu bat abiaraziko dugu eskualde-ikuspegi horrekin. Horrek balio bereizgarria emango duela deritzogu. Proiektuak edo esparruak ezarrita badituzue, esan iezaguzue eta ikusiko dugu nola eratu proiektu hau proposamen indartsu bat osatzeko eta deialdira aurkezteko”.

Tokiko ekintzarako agertokia

Bi udalerrik tokiko ekimenak aurkeztu dituzte bileran. Lehenengoa Trapagarango Birnaturalizazio Plana izan da: “Gure egunerokotasunean azpiegitura berdea eta NOKak txertatuz hasi ginen. Ez ginen proiektu handi batekin hasi, egunerokotasuna naturalizatuz baizik: plangintza, diseinua, exekuzioa…”, kontatu du Mikel Garcia Aguado Udaleko arkitekto teknikoak. Lehenengo pausuak landaredian aldaketak egitea izan zen, bai eta ibaiertzetan eta ibai-espazioetan ere, zuhaitzen hautaketan eta inausketan, HDSJak ezartzea… 2022tik aurrera hasitako ekintzek Plan Zuzentzaile Berde bat eman zuten ondorio, “ezagutzaren oinarri ordenatua”, espazio horien erabilera soziala ere barnean hartzen duena. Birnaturalizazio Planak ikuspegi hori handitu du, eta estrategia zabalagoa eta egituratuagoa eman du. Nabarmentzekoa da talde teknikoaren, lorezaintza-zerbitzuaren eta udal-brigadaren etengabeko lanaren garrantzia.

Pilar Azurmendi Etxegarai Orioko Udaleko arkitektoak udalerriko Klima Aldaketara Egokitzeko Plana partekatu du. “Klima aldaketa hemen da. Arazoak gero eta kritikoagoak dira eta gero eta presio handiagoa dago”, adierazi du Azurmendik. Uholdeak, ekaitzak eta haizeteak, luiziak, suteak eta abar izateko arriskua gero eta handiagoa da udalerrian. Horiei aurre egiteko, Planak hondartzan duna bat, urmael bat, zona antropizatuak edo hezeguneak berreskuratzea, babesleku klimatikoen mapa bat sortzea… bezalako NOKak aurreikusi ditu.

Aitor Senar Enekotegi Arabako Errioxako Ingurumen teknikariak ere Lezon egindako proiektu txiki bat aurkeztu du: “Gure arbasoen ezagutza kopiatuz, ardoaren tenperatura mantentzeko moduetan oinarritzen gara, pertsonei aplikatzeko. Hiri-baso bat hobetzea eta haren balioa nabarmentzea planteatu da, beroaren aurrean espazio egokituak sortzeko, hiri- espazioen arteko lotura izango direnak. Proiektu pilotu bat egin nahi da, beste udalerri batzuetan errepikatu ahal izateko”.