Aurtengo edizioan, azaroaren 20tik abenduaren 4ra, EUDEL euskaraz eroso aritzeko gunea izango da ohi bezala. Bigarren edizio honetan, entitateek herritarrekin duten harremanean ere ekimenaren rolak sartuko dira, eta edizio berriak ekarri duen hirugarren rol horren parte izango da EUDEL.
Konpromiso honekin batera, Euskadiko Udalen Elkarteak orain egiten duen lana indartu ahal izango du, bai udal guztiei, bere helburuen barruan, informazioa eskatutako hizkuntzan igortzean, bai administrazioetan hizkuntzen erabilera normalizatzeko inplikazioan, aspalditik bultzatu baititu berariazko sustapen-ekimenak eta -planak, jardunaldiak, argitalpenak eta matrikulazio-kanpainak, besteak beste.
Hortaz, antolatu ere egiten duen ekimen honekin bat egingo du bere bi alderdietan, izan ere, EUDEL udalerrien koordinazio-mahaiaren parte baita, Hizkuntza Politika Sailburuordetza, Euskaltzaleen Topagunea eta UEMArekin batera.
Azken berriak
- Era guztietako entitateak ari dira euskaraz aritzeko guneak antolatzen hurrengo Euskaraldirako
- Etxealditik Euskaraldira: hizkuntza ohituren inguruan hausnartu eta ekiteko ekimena jarriko da martxan apirilaren 20an
- Euskaraldia azaltzeko entitateentzako aurkezpen irekiak egingo dira
Udaletan ariguneak osatzeko proposamena
Azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean egingo dugu aurtengo EUSKARALDIA ariketa, 15 egunez jarraian. Egoeraren kontziente gara, eta arestian aipatutako elkar zaintza eta gertutasuna behar-beharrezkoak ditugu. Bide horretan, gure arteko sareak ehuntzea oso garrantzitsua da, eta konbentzituta gaude Euskaraldiak horretan lagunduko duela. Horregatik, herritarren hizkuntza-ohiturak aldatzeko duela bi urte hasitako bideari jarraipena emango diogu aurten ere. Euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabiltzea da helburua, sano eta naturaltasunez, premiazkoa iruditzen baitzaigu euskararen erabilera berrindartzea.
Une honetan 300 udalerritik gora daude Euskaraldia antolatzeko martxan. Horretarako, bi zutoinak behar ditu: euskalgintza soziala eta instituzionala.
Udaletan ariguneak osatzeko deia, irailaren 27ra arte
Aurtengo edizioko berritasun nagusiena ariguneak dira: euskaraz lasai aritzeko guneak. Espazio hauetan, euskaraz dakitenek eta ulertzen dutenek beraien arteko harremanak euskaraz ehuntzeko aukera edukiko dute, patxada osoz, bai entitate barruko jardueran zein kanporakoan, herritarrekin duten tratuan. Mota guztietako elkarte, enpresa zein erakundeetan ariguneak osatu eta hizkuntza praktikak eraldatzeko aukera eman nahi diegu ahobizi eta belarriprestei, eremu ezberdinetako langile, bazkide edo kideek hizkuntza erabilera-sare berriak eraiki ditzaten.
Esan gabe doa: badakigu gure herrietako entitateen egoera izugarri zaildu dela larrialdiaren kausaz. Ondorioz, ardura eta adeitasunez jokatzea dagokigu, unean uneko estutasunak kontutan hartuta landuz beraienganako zubiak, beti ere jarrera ulerkor eta eskuzabala erakutsiz.
Entitateek izena emateko epea ireki da dagoeneko, eta herrietako batzordeak hasiak dira jada enpresa, elkarte eta erakundeetan ariguneak antolatzeko lanetan. Gutun honen bidez, zuen herri batzordeko eragile gisa ekimenaren bideratzaile izateaz gain, entitate moduan ere Euskaraldian parte hartzeko lanketarekin hasteko gonbita luzatu nahi genizueke, udaleko sail ezberdinetan ARIGUNEAK identifikatuz, eta Euskaraldian aritzeko lehen urratsak emanez. Horretarako, www.euskaraldia.eus atarian edo entitateak@euskaraldia.eus helbidearen bidez gurekin harremanetan jarrita aurkituko duzue beharrezko informazio guztia.
*Entitateen izen ematea irailaren 27a arte dagoela zabalik.
