Kudeaketa politikorako gaitasunen eta tresnen programaren edizio berri honetan, 500 plazatik gora eskaini dira, eta 50 lagun izango dira batez beste saio bakoitzeko. Guztira, 5 saio izango dira, urritik azarora arte, gaztelaniaz eta euskaraz.
2015eko urriaren 14a. Gaur goizean, Euskadiko udaletako politikariei zuzendutako Prestakuntza eta Gaitasunen Garapenerako Programa berriaren lehen saioa izan da Durangoko Landako gunean. EUDELen Zuzendaritza Batzordeko ordezkari den aldetik, Beasaingo alkate Aitor Aldasoro arduratu da ikasturtea irekitzeaz eta lehen saioan parte hartu duten 80 lagun ingururi ongietorria egiteaz:
“Ausardiaz egin duzue urratsa. Sekula ez da gaur baino garrantzitsuagoa izan tokiko politika eta tokiko gobernantza ona izatea. Eta, hori lortzeko, “ondo egiaztatutako gaitasun politikoak” dituzten pertsonak behar dira, dagozkien zereginak hobeto egin, eta osotasunari eta ereduzkotasunari jarraiki lan egingo dutenak.”
(Aitor Aldasoro, Beasaingo alkatea eta EUDELeko ordezkaria).
EUDELek “2015-2019 UDAL GOBERNUA” izenburuko prestakuntza-programa diseinatu du, IVAPekin lankidetza estuan. Horren bidez, lan politikoa erraztu nahi die alkateei eta zinegotziei, legegintzaldi honen hasieran.
Saioen bidez, gaitasunak eta tresnak eman nahi zaizkie udaletako politikariei, lagungarriak izango baitzaizkie gobernuko zereginak betetzeko. Horrez gain, behar den orientabidea eman nahi zaie, erronka berriei eta herritarren eskaerei dagokienez.
Datozen bi hilabeteetan, urritik azarora bitartean, 5 saio izango dira hizkuntza bakoitzean, gaztelaniaz eta euskaraz. Udal-kudeaketan adituak diren pertsona hautatuek emango dituzte saioak.
Saioetako gaiak
1.- Funtzio politikoa garatzeko oOinarrizko gaitasunak.
2.- Kudeaketa aurreratuko ereduak. Izapideen Eskuliburua eta Herritarren Arretarako Zerbitzuak.
3.- Udal iraunkorrak. Ekonomia- eta finantza-kudeaketa.
4.- Komunikazio politikoa eta negoziatzeko teknikak.
5.- Gobernantza ona: berdintasuna, etika, gardentasuna eta herritarren parte-hartzea.
EUDELen prestakuntzako beste ildo batzuk
Udaletako politikarien eta teknikarien prestakuntza lehentasunezko ardatza da elkarte honek eskaintzen dituen zerbitzuetan. IVAPekin izandako lankidetzaren bidez, azken urteetan, programen eta mintegien lerro berriak sartu dira, esate baterako, Tokiko Zuzendaritza Publikoko ibilbideak edota Tokiko Zuzenbideko Euskal Mintegia, bai eta udaletako teknikari guztiei urtero eskaintzen zaien EUDEL-Aldundiak-IVAP Zeharkako Plana ere.
www.eudel.eus/prestakuntza
