Eudel
  • Galdakaoko alkate eta EUDELeko ordezkariak hitzaldia eman du gaur Bruselan ehun pertsona baino gehiagoren aurrean, Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluaren (CMRE) berdintasunerako Batzordearen presidente gisa eskaini duen lehenengo konferentzian.
  • Ibon Uribek dei egin die tokiko gobernuei, lidergoa euren gain hartu dezaten eta Berdintasuna agenda politikoaren erdigunean jartzeko eskura dituzten tresna guztiak aktibatu ditzaten.

Ibon Uribek lehenengo hitzaldia eskaini du gaur goizean Bruselan, CMREk 2015-2017 agintaldirako Berdintasunerako Batzordearen presidente izendatu ostean. EUDELen talde eragilearen kide da Uribe, eta Europako batzorde horren buruan lortu nahi duen helburuetako bat da Euskadi erreferente bihurtzea, Berdintasunerako politika publikoei dagokienez, udalerrien artean sarean lan eginez eta Euskadiko gainerako erakundeen arteko lankidetzan oinarrituta.

Belgikako hiriburuko topaketan Europako Batzordeko kide diren herrialdeetako tokiko eta eskualdeko agintaritzen ehun bat ordezkari izan dira, baita Europako Parlamentuko eta Batzordeko ordezkariak ere. Ibon Uribe Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidarekin eta Berangoko Alkatea, Maria Isabel Lasarekin, eta Sestaoko gizarte-ongizatearen zinegotzia, Flori Nuñezekin izan da topaketan.

Presidente berriak 2017ra arte beteko duen bi urteko agintaldiaren ardatzen norabidea zehaztuko duten helburuak zein diren azaldu du, berdintasunerako tokiko politikek eragin handiagoa izan dezaten lortzeko azken xedearekin.

“Gure udalerriek gero eta tresna eta aditu gehiago dituzte, berdintasunari tokiko esparruan bultzada emateko (…).

Alabaina, desberdintasunaren zifrek esaten digute hau ez dela nahikoa. Beharrezkoa da tokiko gobernuen buruan gaudenok kontzientzia indibidual eta kolektiboa hartzea, berdintasuna politikaren erdigunean kokatzeko, bai edukiari bai berdintasuna bera betearazteari dagokienez.”

Konferentzia Bruselako udaletxean izango da gaur. Saio nagusian, Berdintasunerako Europako Gutunak tokiko bizimoduan duen eragina neurtzeko proiektu pilotuaren emaitzak aurkeztuko dira. Gainera, programak hiru tailer paralelo hartzen ditu barne, honako gaiak aztertu eta horien gainean eztabaidatzeko: enpleguan dauden desberdintasunak, erabakiak hartzeko orduan emakumeek duten rol politikoa eta genero-indarkeria