Eudel
  • EUDELeko elkarteburuak CEMR-ko tokiko liderren goi-bileran parte hartu du Karlsruhen (Alemania). Bertan, demokraziarako egungo mehatxuak eta horiei tokiko autogobernutik, deszentralizaziotik eta maila anitzeko gobernantzatik aurre egiteko gomendioak aztertu dira.

Karlsruhe, 2024ko abenduaren 10a. Esther Apraiz EUDELeko elkarteburu eta Derioko alkateak CEMRren (Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseilua) Batzorde Politikoaren urteko azken bileran parte hartu du atzo eta gaur, 41 herrialdetako 150 tokiko gobernuren ordezkariekin batera. Alemaniako Karlsruhe hirian egin dute bilera, eta tokiko autogobernua eta Europako agendan udalen eragin handiagoa aldarrikatzeko balio izan du, Batzordearen eta Parlamentuaren ibilbide berriarekin bat eginez.

CEMRk tokiko liderren goi-bilerarako deia egin du, “Europa indartsuago, autonomoago eta erresilienteago baten eraikuntzan tokiko gobernuek duten funtsezko zeregina eztabaidatzeko eta biltzeko aukera paregabe gisa”. Eskuin muturraren gorakadaren mehatxuaren eta gorroto diskurtsoen aurrean Europako arkitektura demokratikoaren defentsa izan da CEMRren goi-bileraren ardatz nagusia.

Esther Apraizek, erakunde horretako batzorde politikoko kideak, EUDELek sustatzen duen euskal udalen “espiritu europazale sakona” nabarmendu du: “CEMRko organoetan lan egiten dugu, demokrazian eta ongizatean, bizi-kalitatean, jasangarritasunean eta gizarte-kohesioan aurrera egiten laguntzen diguten Europako balioak babesteko”.

EUDELeko elkarteburuak, subsidiariotasun-printzipioari helduta, Europa mailan erabakiak hartzeko udalek parte-hartze aktiboagoa izan behar dutela defendatu du, gainerako erakundeekin elkarlanean. “Europa bidegurutze batean dago, eta tokiko gobernuen ahotsa entzun behar du, politika hurbilagoak diseinatzeko, maila anitzeko gobernantza- eta finantzaketa-mekanismo berriekin, pertsona guztien beharrei eraginkortasunez erantzungo dietenak, Europako udalerri guztietan”.

Esther Apraizek gogorarazi du balioen eta erakundeekiko konfiantzaren krisia “erronka handia” dela gizarte guztientzat, eta jarduera bateratua eta koordinatua eskatzen duela. “Demokrazia indartzeak herritarrekin konexio handiagoa izatea dakar, hautetsien eredugarritasunaren, gobernu onaren, gardentasunaren eta herritarrek gai publikoetan parte hartzearen bidez”.

Goi-bilerak iraun duen bi egunetan, hainbat errealitatetako eta sentsibilitatetako tokiko agintariek erronka komun handiei buruz eztabaidatu eta hausnarketak trukatu ahal izan dituzte: migrazioa eta aldaketa demografikoa, Ukrainaren inbasioa, aniztasun kulturala eta linguistikoa, berdintasuna politikan eta gizartean, trantsizio klimatiko-energetikoa, digitalizazioa eta zerbitzu publikoen hobekuntza, besteak beste.

Demokraziarako mehatxuak eta gomendioak

Karlsruheko goi-bilera honetarako, CEMRk posizionamendu politikorako dokumentu bat egin du, non Europan demokraziari egiten zaizkion mehatxu nagusiak aztertzen diren. Besteak beste, eskuin muturreko alderdiek Europako Parlamentu berrian izan dezaketen eragina aipatzen da, eta CEMRk ohartarazpena egin du Europako politikaren deriba antidemokratikoen aurrean. Aldi berean, erakunde horrek argitu du Parlamentu hautatu berriak “Europaren aldeko gehiengoa” izaten jarraitzen duela, eta interes handia duela tokiko eta eskualdeko politika publikoak indartzeko, Europak munduko eragile estrategiko gisa jardun dezan.

Ildo horretan, EUDELek bat egiten du CEMRren mezuarekin, zeinak tokiko autogobernua “deszentralizazio politiko eta fiskalaren” bidez indartzearen alde egiten baitu. Esther Apraiz elkarteburuaren ustez, hori lagungarria izango da tokiko gobernuek finantza-baliabide eta eskumen eraginkorrak izan ditzaten, “gure komunitate eta lurraldeen eraldaketa bultzatzeko, eta, aldi berean, udalerriek Europako eta Estatuko politiken eraketan duten egiturazko eginkizuna bermatzeko”.