Vitoria-Gasteizen, 2023ko azaroaren 15ean. Gaur goizean, Iñigo Urkullu Lehendakariak, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Olatz Garamendirekin batera, Lehendakaritzaren egoitzan hartu ditu EUDELeko Batzorde Eragileko kideak, irailaren 19an Donostian egindako Batzar Orokorrean izendatutakoak.
ERREKUTSO-BIDEOA
Batzorde Eragilea Euskadiko Udalen Elkartearen gobernu-organo nagusia da. Hiru lurralde historikoetako udalerrietako 15 ordezkari hautetsik osatzen dute, eta Esther Apraiz elkarteburua eta Nagore Alkorta eta Jose Antonio Santano elkarteburuordeak ditu buru. EUDELeko zuzendari nagusia, Mª del Mar Zabala, ere Lehendakaritzako bileran izan da gaur.
Lehendakariarekin izandako bileran, Batzorde Eragileak, Euskadiren eta bertako 251 udalerrien erronken aurrean, tokiko erakundeak indartzeko lanean jarraitzeko konpromisoa adierazi du. Horretarako, EUDELeko elkarteburuak adierazi du Eusko Jaurlaritzako sail ezberdinekiko lankidetza egonkorrean sakontzeko borondatea dutela, politika publikoen diseinuan eta garapenean partekatutako erantzukizunen esparruan.
Esther Apraizek udalen “hurbiltasunaren eta enpatiaren” balioak azpimarratu ditu, baita haiek tokiko komunitateen lehentasunak beste erakundeekiko lan bateratura eramateko funtsezko zeregina ere. Zentzu horretan, elkarteburuak adierazi du agintaldiaren hasierako lehen konpromisoa elkarteak udalerri txikienei ematen dien arreta eta zerbitzua indartzea dela.
Aldi berean, udaletako Gizarte Zerbitzuak nabarmendu ditu, haiek baitira herritar zaurgarrien premiei erantzuteko lehen lerroa. Gizarte-prestazioei dagokienez, Esther Apraizek proposamen zehatz bat egin du: Eusko Jaurlaritzak sailen artean eta administrazioen artean koordinatutako ibilbide bat bultzatzea, laguntza ezberdinen arteko osagarritasunari buruzko irizpideen zehaztapena errazteko; besteak beste, udalen eskumeneko Gizarte-Larrialdietarako Laguntzak, DSBE, Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera eta Etxebizitzarako Prestazio Ekonomikoa.
Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen (ETEL) garapena izan da bileran jorratutako beste gaietako bat. EUDELen helburu nagusia udal-autonomia defendatzea da eta, agintaldi oso honetan zehar, lege hori benetan betetzen dela zaintzen jarraituko du. Zehazki, ETELek sortutako organoen balioa emanez, udalerrien iritzia arau eta politika publiko berrietan txertatzeko.
Azkenik, EUDELek Lehendakariari jakinarazi dio Euskadiko 2030 Agendaren kokapenean udalerrien parte-hartze aktiboa koordinatzen jarraitu nahi duela. Hain zuzen ere, GJHak aurrekontuetan eta udal-kudeaketan txertatzeko tresna berrien bidez; eta, era berean, udalek beren herritarren eguneroko bizitzara hurbildu ahal izateko.
EUDELeko Batzorde Eragilea, 2023-2027
Elkarteburua:
ESTHER APRAIZ FERNANDEZ LA PEÑA, Derioko alkatea
Elkarteburuordeak:
NAGORE ALKORTA ELORZA, Azpeitiko alkatea
JOSE ANTONIO SANTANO CLAVERO, Irungo alkatea
Bokalak:
ERLANTZ URRESTI OLASAGASTE, Maruri-Jatabeko alkatea
MAIALEN GURRUTXAGA URANGA, Elgoibarko alkatea
JON KOLDOBIKA LUQUI ALBISUA, Urretxuko alkatea
NATIVIDAD LOPEZ DE MUNAIN ALZOLAN, El Burgo/Burgeluko alkatea
TXERRA MOLINUEVO LAÑA, Amurrioko alkatea
IÑIGO HERNANDO ARRIANDIAGA, Galdakaoko alkatea
TXELO AUZMENDI JIMENEZ, Asparrengo alkatea
XABIER LERTXUNDI ASTEASUINZARRA, Hernaniko alkatea
ENERITZ AZPITARTE ARANZABAL, Zaldibarko alkatea
IZARO ELORZA ARREGI, Oñatiko alkatea
MIKEL TORRES LORENZO, Portugaleteko alkatea
JOSEBA ANDONI ZORRILLA RUIZ, Zallako zinegotzia