Emakumeen kontrako Indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna
- Emakundek eta euskal erakundeek elkarrekin egindako kanpainaren ildotik, Euskadiko Udalen Elkartearen Adierazpenak indarkeria matxistaren diskurtso negazionistetan jartzen du arreta, emakumeen eta haien inguruaren aurkako indarkeria ezerezten baitute.
2024ko azaroaren 20an. Azaroaren 25eko Adierazpena onartu zuten urriaren 10ean EUDELeko Batzorde Eragileko alkateek. Egun horretan berean, udal osoko bilkuren eta gobernu batzarren aurretik, EAEko udal eta mankomunitate guztiei bidali zitzaien dokumentua.
Adierazpenaren lehen paragrafoan, EUDELek, Euskadiko udalen izenean, “gaitzespen irmoa” adierazten du indarkeria matxistaren adierazpen guztien aurrean, bai eta “gainerako erakundeekin eta gizarte osoarekin batera indarkeria hori desagerrarazteko lanean jarraitzeko konpromisoa” ere.
Agiriak adierazten duenez, “emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte baten aldeko sentsibilizazio eta kontzientzia kolektibo handiagoa” dagoen arren –bai esparru legalean, bai politikoan, bai sozialean–, gaur egun “joera neomatxista gero eta handiagoa dago, bereziki adin ertaineko mutilengan eta gizon gazteengan eragina izaten ari dena eta eremu digitalean enfasi berezia duena”.
Udal esparruan proposatutako konpromisoen artean, “euste-horma kolektiboa aktibatzeko” deia egiten da, udalerrietan emakumeen aurkako indarkeria ukatzen edota ezerezten duen edozein erreakzio matxistaren aurrean. Nabarmentzekoa da “mezu horiei aurre egingo dien eta tokiko bizimoduan barneratuko den iritzi giroa sortzeko eragile guztiekin batera egindako lana”.
Adierazpenean proposatzen diren beste neurrietako batzuk dira gazteria sentsibilizatzea, bereziki mutilak; hezkuntza eta prestakuntza prozesuak indartzea espazio formal eta informaletan; edo Berdinsareatik udalerrien ekintza bateratua indartzea, negazionismoari aurre egiteko eta indarkeria matxistaren aurka modu kolektiboan borrokatzeko.
Azkenik, EUDELek herritarrak animatu nahi ditu azaroaren 25aren harira hainbat herritan antolatu diren ekitaldietan parte hartzera, bai eta PUNTU LILA –EUDELek 2008an sortua– ikusaraztera ere, euskal gizarteak emakumeen aurkako indarkeria matxista mota guztiak –negazionismoa eta indarkeria horien ezereztea barne– gaitzesten eta arbuiatzen dituela erakusteko.