
EUDELeko elkarteburu eta Derioko alkate Esther Apraiz, Azpeitiko alkate Nagore Alkorta eta Irungo alkate Cristina Laborda bi elkarteburuordeekin batera, Denis Itxaso sailburuarekin eta Javier de los Toyos sailburuordearekin bildu dira legegintzaldi honetan elkarlanari ekiteko. Lehenengo bilera horren helburua Euskadiri eragiten dion etxebizitza eskuratzeko arazoari aurre egiteko beharrezkoa den erakundeen arteko lankidetza indartzea izan da.

Erakundeen arteko lankidetza indartzeko lehen topaketa izan da, Euskadiri eragiten dion etxebizitza eskuratzeko arazoari heldu ahal izateko. Euskal udalen ibilbidea eta Euskadiko etxebizitza-politiken garapenari egiten dioten ekarpena aintzat hartuta, Esther Apraiz EUDELeko elkarteburuak “herri mailako erronka handi baten aurrean gaudela, eta ahalegin eta baliabide guztien bidez partekatu behar dela” nabarmendu du.
Lehenengo topaketa horretan, Etxebizitza eta Hiri Agenda Saileko eta EUDELeko taldeak bat etorri dira, babestutako etxebizitzak eraikitzeko eta hiri-lurzoruaren erabilgarritasuna hobetzeko plangintza eraginkorragoa ahalbidetuko dituzten ekimenak aztertzeko, eta lankidetzan aritzeko beharrarekin. Bi erakundeek lankidetzan aurrera egiteko asmoa dutela adierazi dute, betiere udal-autonomia errespetatuz, eta, ildo horretan, EUDELek proposatzen diren neurriak aztertuko ditu, udalen iritzia aintzat hartuta. Hori guztia Euskadi osorako erantzun eraginkorrak eta koordinatuak lortzeko, eta arreta berezia jarriz gazteengan eta etxebizitza lortzeko zailtasun handienak dituzten pertsonengan.
Bileran zehar, Sailak EUDELi jakinarazi dio gutxieneko oinarri partekatu batean oinarritutako neurri posible batzuetan laguntzeko asmoa, besteak beste, tentsio-eremuen arloan, figura horri borondatez heltzea erabakitzen duten udalerriekin; etxebizitza babestutzat kalifikatuta dauden mobilizatu gabeko lursailen azterketa xehatua egitea, eta lurzoruaren eta hirigintzaren arloan egon daitezkeen arau-aldaketak kontuan hartzea.