Eudel
  • Gorka Urtaran Vitoria-Gasteizko alkatea, bihar arratsaldean (osteguna), Europako Udalerrien eta Eskualdeen Batzordearen maila goreneko bilera batean izango da lehen aldiz; 41 herrialdetako tokiko buruzagiek parte hartzen dute bertan.
  • Hitzordu honen bidez agertuko da Urtaran EUDELen elkarteburu gisa nazioartean lehenengoz. Topaketa hau garrantzi handikoa da Europako tokiko erakunde guztientzat; izan ere, bihar aukeratuko dira hurrengo bi urteetarako elkartearen ordezkariak.

EUDEL, 2020ko urtarrilaren 22a. Ostegun honetan, Gorka Urtaranek EUDELen elkarteburu gisa parte hartuko du Europako Udalerrien eta Eskualdeen Batzordearen (CEMR) Zuzendaritza Batzordearen lehen bileran. Frantziako Orleans hiriko biharko hitzordua Europako lehen foro munizipalista izango da, eta Vitoria-Gasteizko alkateak Euskadiko udalen ordezkari gisa parte hartuko du, maila gorenean.

Europako Herrien eta Eskualdeen Batzordeak Europako 41 herrialdetako udalerrien elkarteak biltzen ditu; besteak beste, EUDEL. Gobernu organo gorena Zuzendaritza Batzordea (Policy Committee) da; hiri eta eskualdeetako buruzagi garrantzitsuek osatzen dute, eta urtean bi bider elkartzen dira, gaurkotasuneko eta kontinenteko tokiko gobernuentzako interes handiko gaiak lantzeko. Oraingoan, Orleans, Loira haraneko hiriburu administratiboa, aukeratu dute urtarrilaren 23an eta 24an hitzordu garrantzitsu hau hartzeko. Bertako udalak eta hango udalerrien elkarteak antolatu dute elkarlanean, hau da, EUDELen Frantziako homologoak.

Zuzendaritza Batzordearen 2020ko lehen bilera garrantzi handikoa da, 2020-2023 agintaldirako kideak berrituko direlako. Horien artean honako hauek daude: Stefano Bonaccini, Emilia Romagna eskualdeko presidentea eta Europako udalerrien eta Eskualdeen Batzordeko egungo lehendakaria, zeina berriz ere hautagai den, eta Europako zenbait hiriburutako alkateak, besteak beste, Paris, Lisboa, Utrecht eta Innsbruckekoak; beren hautagaitza aurkeztu dute Batzorde Politiko berriko exekutiboa osatzeko.

Europaren etorkizunari buruzko eztabaida: tokiko irtenbideak munduko arazoentzat.

Bozketa baino lehen, Gorka Urtaran elkarteburuak bere homologoekin hartuko du parte Europaren etorkizunari buruzko eztabaidan. Dubravka Šuica Europako Demokrazia eta Deografia komisarioa eta Edouard Philippe Frantziako lehen ministroa izango dira buru.

Eztabaidaren xedea da udalerrien eta eskualdeen iritzia zein den jakitea –horiek baitira herritarrengandik hurbilen dauden gobernuak–, haien ahotsa entzun dadin, EB europarren ikuspegitik abiatuta modernizatzeko xedez, Europako Parlamentuak, Batzordeak eta Kontseiluak sustatzen duten Konferentzian. Hurrengo bi urteetan, 2022a bitarte, herritarren arteko elkarrizketak aktibatuko dira, eta rol garrantzitsua izango dute gazteek, gizarte zibilak eta maila guztietako erakundeek, europar proiektua biziberritzeko bazkide eta aliatu dira-eta.

Urtarrilaren 14an, Ursula von der Leyen Europako Batzordearen lehendakariak Europako Parlamentuko diputatuen aurrean aurkeztu zuen Konferentziaren egitura, egutegia eta irismena. Konferentzian aurkeztuko dira Europaren etorkizuneko sei lehentasunen berri izateko egingo diren kontsulten emaitzak.

  1. Akordio berde europarra: klimari dagokionez neutrala den lehen kontinentea izan dadin ahalegintzea.
  2. Pertsonentzat funtzionatuko duen ekonomia, ekitate sozialaren eta oparotasunaren alde lan eginez.
  3. Aro digitalerako prest dagoen Europa: pertsonak gaitzea teknologia belaunaldi berriei dagokienez.
  4. Bizi estilo europarra sustatzea: berdintasunezko Batasuna sortzea, zeinean pertsona guztiek aukeretarako sarbide bera izango duten.
  5. Europa indartsuagoa munduan: Europa gehiago, gehiagoren alde lan egiteko, gure lidergo global arduratsuaren marka berezia indartzearen bidez.
  6. Europako demokraziarentzako bultzada: gure Demokrazia elikatu, babestu eta indartu.

Hain zuzen ere, biharko Zuzendartiza Batzordearen eztabaidan, 14:45etik aurrera, EUDELeko elkarteburuak, Zuzendartiza Batzordeko gainerako kideekin batera, hirietatik Europako erronka globalei nola erantzun hausnartuko dute.

Informazio gehiago: https://www.ccre.org/   @CCRECEMR