Eudel

Euskadiko Udalen ElkarteaEUDELek eta Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailak gizarte zerbitzuen zorroari buruzko dekretu berrian jasotako gizarte prestazio eta zerbitzuen lurralde antolamenduaz arduratuko den erakundeen arteko talde bat sortuko dute

2016ko urtarrilak 26.- Udalek gizarte zerbitzuen arloan duten garrantzi handia kontuan hartuta, EUDELek eta Bizkaiko Foru Aldundiak lan-bilera bat egin dute Bizkaiko alkateekin, gizarte zerbitzuen zorroari buruzko dekretu berria ezartzean gure lurraldean egingo den zerbitzu eta prestazioen inguruko eskumenen banaketa denon artean eztabaidatzeko. EUDELek Bilbon duen egoitzan egin da bilera eta bertan izan dira EUDELeko elkarteburua, Imanol Landa, Gizarte Ekintza Saileko foru diputatua, Isabel Sanchez Robles, eta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietako sailburuordea, Lide Amelibia.

Imanol Landa EUDELeko buruak nabarmendu du Bizkaiko Mapa egiteko “beharrezkoa dela koordinatuta lan egitea eta udalen beraien arteko akordioetara iristea”. “Udaloi dagokigu gure zerbitzu berriak non kokatu erabakitzea. Gure artean hitz egin behar dugu, sistema berria udalen errealitatera eta gizarte beharrizan berriei egokitzeko”. Halaber, erakundeen garrantzia azpimarratu du “konturatu gaitezen amaierarik ez duen etengabeko hobekuntzarako bidean abiatzen garela, iraunkorra izango den eta denboran iraungo duen gizarte zerbitzuen benetako sistema bat eraikitzeko”.

Prozesuak dirauen bitartean, EUDELek aholkularitza eta laguntza eskainiko dizkie udalei, haien kontsulta guztien inguruko laguntza teknikoa eta juridikoa eskainiz.

Isabel Sanchez Robles Gizarte Ekintza Saileko foru diputatuak gogorarazi du 2008ko Gizarte Zerbitzuei buruzko Legeak eta 2014. urtearen amaiera aldean hitzartutako Gizarte Zerbitzuen Zorroari buruzko dekretuak ezartzen dutela gizarte zerbitzuak hiritar guztien eskubide subjektibo bihurtu direla eta, helburu hori lortzeko, “denon artean Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema babestu eta eraikitzen jarraitzeko” erakundeen arteko lan-mahai bat sortzeko lehen urratsa eman da. Sanchez Roblesek azpimarratu du erakundeen arteko inplikazioa eta koordinazioa funtsezkoak direla helburu hori lortzeko: “erakunde bakoitzaren autonomiarekiko begirunetik, erabakitzeko eta koordinatzeko dugun erantzukizunetik eta errealitate printzipiotik, Bizkaiko Foru Aldundia eta udalerriak gidariak izango dira foru zein udalen eskumeneko baliabideak jaso eta lurraldeko zentroen hedatzeari buruzko proposamen bat egingo duen Bizkaiko Gizarte Zerbitzuen Mapa egiteko orduan”.