Bilbon, 2015eko uztailak 7. EUDELek Batzar Orokorrerako deia egiten die Euskal Udalen alkateei. Batzarra egingo da irailaren 16an, asteazkena, 10:00etatik aurrera, Durangon(Landako gunea), eta bertan euskal udalak egongo dira ordezkatuta eta, halaber, EUDELeko gobernu-organo gorenetako kideak aukeratuko dira: Batzorde Eragilea (udalen 15 ordezkarirekin, Elkarteburua barne) eta hiru Lurralde Batzordeak (9na ordezkarirekin).
Dei-egile ofiziala da 2011tik pasa den astera arte Euskal Udalen ordezkari gorenaren funtzioetan jardun dena, Ibone Bengoetxea, zeinak Elkarteburu izateari utziko dion, behin burututa bere izendapena, hots, Bizkaiko Foru Aldundiaren Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Sailaren foru diputatua (BAO 126 zk., 15/07/03).
Irungo Alkate eta EUDELeko Lehen Elkarteburuorde José Antonio Santano izango da jarduneko Elkarteburuaren zereginak bere gain hartuko dituena, harik eta irailean Batzorde Eragile berria osatzen den arte.