2024/03/11
EUDEL, Euskadiko Udalen Elkartea, bidelagun izango da aurten ere Udaltopeko seigarren edizioan.
EUDELek, dirulaguntza eskaintzeaz gain, jardunaldien hedapenean sustapen lana egiten laguntzen du. Horren ordez, Udaltopeko antolakuntzak eskerrak eman ditu euskara zerbitzuen arteko esperientziak trukatzen, esperientzia horiek nola hobetu hausnartzen eta esperientzia berriak elkarlanean abiatzen laguntzen jarritako hondar-alearengatik.
Antolatzaile lanetan, berriz, Euskal Hirigune Elkargoak, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lasarte-Oriako Udalak jarraitzen dute.
Aurtengo topaketaren gaia
Nola erakarri etorri berriak euskarara? Edota, euskaldunok, nola hurbildu etorri berrietara?
Aurtengo edizioan etorri berriak euskarara erakartzeko edota euskaldunok etorri berrietara hurbiltzeko oinarri teorikoak eta praktika onak bilduko ditu. Eta Udaltopeko antolatzailei funtsezkoa iruditzen zaie gizarte politiketako eragileak erakartzea, eta, urrats bat haratago emanez, elkarlanerako zubiak eraikitzea eta elkarlanak bideratzeko oinarriak ezartzea.
Izen-ematea, astea honetan
Egitaraua osatzeko azken lanak egiten dabiltza, eta, ongi-bidean, aste honetan zabalduko dute izen-emate epea. Apirilaren bukaerara arte izango da zabalik Lasarte-Oriako Manuel Lekuona Kultur Etxeak maiatzaren 16an eta 17an jasoko dituen topaketak jarraitzeko.
Informazio gehiago: https://www.udaltop.eus/eu/hasiera