Europak Euskadiko udalen esku utzi du berdintasunerako tokiko politiketako lidergoa
- Izendapena CMRE-ko Zuzendaritza Batzordeak egin du ofizial, ostegunean eta ostiralean Munichen egindako bileran. Bertan, hain zuzen ere, Euskadiko Udalen Elkarteko elkarteburuak parte hartu du.
- Ibone Bengoetxeak gustura hartu du albistea, eta oso pozik dagoela adierazi du, Euskadiko udalek eta herritarrek egindako lanaren eta ibilbidearen bermea dela uste duelako. Aldi berean, Euskadiko instituzio guztiek emakume eta gizonen berdintasunaren alde garatutako lankidetza ere aitortu dute horrela: “Elkarrekin lan egin dugu, Euskadi berdintasunerako politika publikoetako erreferentea izan dadin”.
Bilbon, 2015eko ekainaren 26an. Europako Udalen eta Eskualdeen Kontseiluak (CMRE) EUDELen esku utzi du bertako Berdintasuneko Lantaldeko presidentetza (Standing Committee for Equality). Hain zuzen ere, herrialde kideetako berdintasunerako tokiko politikak koordinatzen dituen organo gorena da.
Gaur egun, Galdakaoko alkatea, Ibon Uribe, EUDELeko Batzorde Eragileak dimentsio guztietako berdintasunerako daukan ordezkaria dela kontuan hartuta, lantaldeko presidentetza hartuko du bere ardurapean.
Gaur goizean, izendapena modu ofizialean jakinarazi da Munichen, CMRE-ko Zuzendaritza Batzordeak ekainaren 25ean eta 26an Alemaniako hiri horretako Komunitate Juduaren Zentro sinbolikoan egindako urteko bileran. Ibone Bengoetxea Europako tokiko gobernuetako emakume eta gizon liderren arteko goi mailako topaketara joan da, Euskadiko udalen ordezkari gisa.
Bengoetxeak Euskadiko maila askotako gobernantza-eredua balioetsi du, baita Europa mailako lanerako tresna gisa daukan ahalmena ere. “Emakume eta gizonen berdintasuna lehentasuna da garapen globalari begira. Aurrera egiten jarraitzeko, zenbait herrialdek partekatutako estrategiak eta aliantzak ere aplikatu beharko ditugu”.
Euskadi-Suedia
Hurrengo bi urteetan, 2017. urtearen amaierara arte, Euskadiko Udalen Elkarteak presidentetza izango du bere ardurapean, berdintasunaren arloan berarekin lankidetza-harreman ezin hobea daukan elkarte suediarrak lekukoa eman ostean. Europako Iparraldeko herrialdeak aurreratuenetakoak dira berdintasunaren arloan, eta Euskadiko udalek Europako Iparraldeko eredurantz begiratu dute betidanik.
www.eudel.eus/eu/areas/igualdad