Eudel

EUDELen Batzar Orokorrak Euskadiko udaletako alkateak bildu ditu gaur Durangoko Landako gunean, lau urterik behin egiten den bezala eta maiatzeko hauteskundeen ostean udal gobernuak eratu ondoren, estatutu-organoak berritzeko asmoz.

Eudelen Batzar Orokorrak Batzorde Eragilea osatuko duten 15 pertsonak aukeratu ditu, baita Lurralde Batzordeak osatuko dituzten 9 kideak ere.

Getxoko alkate Imanol Landa aukeratu dute EUDELen elkarteburu, osotara emandako 660 botoetatik 657 lortuta. Landak Euskadiko Udalen Elkartearen kargurik gorena hartuko du 2015-2019 agintaldian. Irungo alkateak, Jose Antonio Santanok, 1. elkarteburuorde kargua hartuko du beste behin ere, eta Amurrioko alkatea, Josune Irabien, 2. elkarteburuordea izango da; aurreko agintaldian, Batzorde Eragileko mahaikide izan zen Irabien.

Elkarteburua eta bi elkarteburuordeak aukeratzeaz gain, EUDELen Batzarrak Batzorde Eragileko 12 mahaikideak hautatu ditu; Euskadiko udaletako alkateak dira guztiak.

 

Esker onak eta lehentasunak

1982. urtean sortu zenetik, Euskadiko Udalen Elkartea zuzenduko duen zazpigarren elkarteburua da Imanol Landa. “Makila” jaso ondoren, “kideei” eskaini nahi izan dizkie lehen hitzak, hurrengo lau urteotan EUDEL zuzentzeko arduradun izateko eskaini dioten babes eta konfiantzagatik eskerrak emateko.

“Sareko lana da EUDELen balioa. Neure agintaldian, ahalegin handia egingo dut talde-lana indartzeko, nire kideengana, alkate zein zinegotziengana, zuen udalak ‘in situ’ ezagutzeko –udal txikienak, batez ere–. Horretarako, behatu, entzun, hitz egin… eta zer arazo dituzuen “antzemango dut”. Imanol Landa, Elkarteburua.

Elkarteburu gisa eman duen lehen hitzaldian, Imanol Landak hiru lehentasun nabarmendu ditu agintaldi berrirako: Udalei buruzko Legea onartzea, Elkartearen “ateak zabalik” edukitzea eta Tokiko Gobernantza Onerako bidean lan egiten jarraitzea, gardentasuna, herritarren partaidetza, etika, elkarbizitza eta gizarte-kohesioa oinarri hartuta.