Gaur goizean, EUDELen elkarteburua, Imanol Landa, eta Batzorde Eragile berriko gainerako alkateak Lehendakaritzara joan dira, Lehendakariaren aurrean aurkezpen ofiziala egiteko.
Gaur goizeko bileran, EUDELen Batzorde Eragileak Lehendakariari azaldu dio zein diren udalentzat lehentasunezko interesa daukaten gaiak. Euskadiko udalgintzaren egoerari buruzko balantze laburrean, gaur egungo testuinguru politiko, ekonomiko eta sozialean tokiko gobernuek legealdi berri honetan dituzten erronkak eta aukerak zein diren adierazi dute EUDELeko ordezkariek.
Imanol Landa elkarteburuak adierazi duenez, EUDEL bera “bete-betean laguntzeko prest dago”, “Euskadiko instituzio guztion lan kolektiboaren bidez herrialde-mailako erronka handiei aurre egiteko orduan”.
Bileraren amaieran, Imanol Landa elkarteburuak batzarra ondo joan dela adierazi du. Bertan, hain zuzen ere, “EUDELen Batzorde Eragileko alkateok, tamaina zein sentsibilitate politiko desberdinetako udaletakook, Lehendakariari azaldu ahal izan diogu tokikoaren balio handia ezarri beharra dagoela euskal sistema instituzionalaren eta bere bereizgarritasunaren barruan”.
“Tokiko gobernuok herrialde-mailako politika publikoetako engranajea sustatzen duen elementua gara, baina berezko autonomia ere badaukagu geure eginkizunak garatzeko”.
Kontzertu ekonomikoa
Landak esan du Kontzertu Ekonomikoaren gaia jorratu dutela, besteak beste. Euskadiko Udalen Elkarteko arduradun nagusiak azaldu duenez, Lehendakariari helarazi dio oso garrantzitsua dela Euskadiren eta Estatuaren arteko “akordio politiko eta ekonomiko” hori aldarrikatzea. Hain zuzen ere, Kontzertua babesteko adierazpena sinatu zuen Elkarteak joan den astean, Eusko Jaurlaritzarekin eta Foru Aldundiekin batera.
Lehendakariak eta Euskadiko Udalen Elkarteko (EUDEL) Elkarteburu Imanol Landak berretsi egin dute Euskal Kontzertu Ekonomikoarekiko “erabateko babesa”, akordio hori baita Euskadiren eta Espainiar Estatuaren arteko harremanen “egonkortasunareko bermea”.
Landak azpimarratu duenez, arau horrek, zeinari esker, euskal instituzioak gai baitira Autonomia Erkidegoko zergak biltzeko, herritarren “ongizatea” ziurtatzeko ere balio du, zerbitzu publikoei “eustea” ahalbidetzen baitu.
Lehentasunezko erronkak
Imanol Landaren esanetan, “garai berri honetan, etorkizuneko erronka askori ere aurre egin beharko diete tokiko gobernuek”, eta, haien artean, funtsezko 4 erronka hauek nabarmendu nahi izan ditu:
1) Udal Legea
Landak Lehendakariari helarazi dionez, oso garrantzitsua da une honetan Eusko Legebiltzarrean izapidetzen ari den Udal Legearen Proiektua.
Eudeleko Elkarteburuak nabarmendu du Lege hori “errealitate” bilakatu behar dela. Zera adierazi du: “35 urte igarota, bada garaia Euskadiko instituzio-sistemak udalerri-sistemaren errealitatea ere jasotzeko, instituzio komunen (Eusko Jaurlaritza eta Legebiltzarra) eta foru-instituzioen (Aldundiak eta Batzar Nagusiak) baldintza berekin”.
Landak azaldu duenez, Lege hau beharrezkoa da udalek ematen dituzten zerbitzuen “finantziazioa bermatzeko”, bai eta udalen eta Autonomia Erkidegoko beste bi maila instituzionalen arteko “harreman-moduak” finkatzeko ere. Gainera, Landak azaldu duenez, Lehendakariak konpromisoa helarazi dio, “funtsezko” lege hau “bultzatzeko”.
EUDELen Elkarteburuak Udal Legearen balio nagusia nabarmendu du, hau da, “Euskadin bertan tokiko berezko gobernu-sistema eratzeko aukera edukitzea, udalok herritarren premiei hobeto aurre egin ahal izateko”.
2) Egoera ekonomikoa
Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak urriaren 14an egindako bileran eta Gipuzkoako zein Bizkaiko lurralde-kontseiluek ostean egindako bileretan jakinarazi ziren datuen arabera, betiko moduan EUDELek udalei gomendatu die kudeaketa ekonomikoan eta aurrekontuetan zuhurtziaren eta erantzukizunaren irizpideak erabiltzea.
3) Gizarte-politikak
Bestalde, bi aldeek aztertu dute zer-nolako “erronka” den “Zerbitzuen Zorroa” garatzea, tresna horrek biltzen baititu Euskadin dauden gizarte-prestazioak. EUDELen iritziz, oso egokia izan da Gizarte Zerbitzuetarako Fondo berria sortzea, tresna erabilgarria ongizate-estatua sendotzeko orduan.
Edonola ere, aldi berean nabarmendu duenez, “erakunde guztiok ahalegin osagarria egin beharko dugu, gainerako politika publikoekiko koordinaziopean, etengabe eta jasangarritasunez”.
4) Tokiko gobernantza ona
Era berean, Eudelek Lehendakariari helarazi dio gardentasunaren, herritarren parte-hartzearen, etika eta osotasun instituzionalaren politiketan sakontzen jarraitzeko asmoa daukatela. Azaldu duenaren arabera, honakoa dute helburu: “lanean jarraitzea, herritarrek instituzioengan duten konfiantza sendotzeko”.
EUDELen Batzorde Eragile berriak aurreko agintaldian egindako lanaren lekukoa hartu du. Betiko moduan, Euskadiko udalei lagunduko diegu honako ardatz hauetan oinarritutako tokiko gobernantza onerako berezko eredua ezartzen:
- Etika eta osotasun instituzionala
- Gardentasuna eta partaidetza
- Berrikuntza eta kudeaketaren modernizazioa
- Emakumeen eta gizonen berdintasuna tokiko bizimoduan