Eudel
  • Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluak (CMRE), EUDELen proposamena onartu, eta Bizkaiko hiriburua aukeratu du Konferentziaren egoitza moduan.
  • Datorren apirilean egingo da Bilboren izendapenaren aurkezpen ofiziala, Nikosian (Zipre) izango den tokiko gobernuen Kongresuan.
  • 2018ko Konferentziaren baitan, CMREren Zuzendaritza Batzordeak bilera bat egingo du Bilbon; izan ere, bertako Alkate eta EUDELeko elkarteburu Imanol Landa batzorde horretako kidea da.

Bilbon, 2016ko martxoak 2. Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluak (CMRE) Bilbo aukeratu du 2018an “berdintasunari, aniztasunari eta inklusioari” buruzko gaikako konferentziaren egoitza izan dadin. EUDELek eta Bilboko Udalak koordinatuta egingo dute lan, bai programa diseinatzeko, bai ekitaldia prestatzeko beharrezkoak diren baliabideak antolatzeko. Gaia zein den aintzat hartuta, Emakunderen lankidetza ere izango da.

EUDELek proposatu zuen Bilboren hautagaitza, CMREren kidea den aldetik, eta, proposamenari erantzunez, Konferentzia Euskadiko udalerrietako batean egiteko interesa helarazi dio Kontseiluak EUDELi.  Gaur goizen bertan onartu dute Bilboren hautagaitza Bruselan, Kontseiluko idazkari nagusien bileran.

Lau urterik behin, eta ohiko Kongresuez aparte, CMREk konferentzia garrantzitsu bat antolatzen du bere kide eta bazkideekin, toki nahiz eskualde mailako gobernuentzat garrantzitsua den gairen bat garatzeko. Konferentzia horren egoitzen artean Europako hiriburu garrantzitsuak egon dira; 2014ko azken edizioan, esaterako, Erroma aukeratu zuten.

2018ko Konferentziak 2 eguneko iraupena izango du, eta 500 lagunen parte-hartzea espero da; horien artean: zenbait udaletako hautetsiak, toki nahiz eskualde mailako adituak, europar erakunde nahiz gobernuetako ordezkariak, akademikoak, eta gizarte zibileko eta sektore pribatuko kideak.

Bilboren aurkezpen ofiziala datorren apirilean egingo da, 20tik 22ra bitartean Nikosian izango den CMREren Kongresuaren baitan.

Horrez gain, 2018ko Konferentzia horren baitan, CMREren Zuzendaritza Batzordearen urteroko batzarra egingo da; bertan izango da, Batzorde horretako kide den aldetik, EUDELeko elkarteburu eta Getxoko alkate Imanol Landa ere. Topaketa garrantzitsu hori Bilbon bertan egiteko aukera eskaini die alkateak Europako beste kideei. Zuzendaritza Batzordearen bilera horrek garrantzi handia dauka, foro horretan defendatzen baitira, mailarik gorenean, tokiko gobernuen interesak. Gainera, une benetan garrantzitsua izango da, 2030. urterako Europa mailan finkatu beharreko estrategiei begira.

EUDEL, Europako Berdintasun batzordearen presidentetzan

EUDELek egindako proposamena onartzeko orduan, eragina izan dute Euskadiko udalerriek berdintasuna eta gizarteratzea indartzeko toki mailan gauzatu dituzten politikek. Izan ere, EUDEL da alor horretan udalei aholkua eman eta laguntzeko erreferentziazko elkartea, udalerri txikienetan, batez ere, euren ekimenak garatzeko laguntza eskaintzen baitie; era berean, bestelako programak ere sustatu ditu Emakunderekin eta Euskadiko beste erakunde batzuekin.

Horri guztiari esker, joan den urteko ekainean EUDELeko ordezkari eta Galdakaoko alkate Ibon Uribe Berdintasun Batzordeko (Standing Committee for Equality) presidente izendatu zuten, hau da, berdintasun arloko tokiko politiken koordinatzaile nagusi.

CMRE, udalerrien ahotsa Europan

Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseilua da (CMRE) tokiko nahiz eskualde mailako gobernuek Europan daukaten ahotsa.  150.000 agintari publiko baino gehiago ordezkatzen ditu, 41 herrialdetako udalerrien eta eskualdeen 55 elkarteren bidez. Horien artean dago EUDEL, Euskadiko Udalen Elkartea.

CMREren egoitza Bruselan dago, eta bere egitekoa bikoitza da:

  • Europar legerian eragitea, hirien eta tokiko nahiz eskualde mailako gobernuen izenean; eta
  • Plataforma bat eskaintzea, erakundeko kideek esperientziak eta praktikak truka ditzaten.

United Cities and Local Governments (UCLG-Ciudades y Gobiernos Locales Unidos) deritzonaren Europako atala da CMRE.