[nivo effect=”slideInLeft” slices=”6″ directionNav=”button” width=”600″ ]
[image]https://noticias.eudel.eus/wp-content/uploads/2016/04/Foto_grupo_nicosia1.jpg[/image]
[image]https://noticias.eudel.eus/wp-content/uploads/2016/04/nicosia00.jpg[/image]
[image]https://noticias.eudel.eus/wp-content/uploads/2016/04/nicosia01.jpg[/image]
[image]https://noticias.eudel.eus/wp-content/uploads/2016/04/nicosia02.jpg[/image]
[image]https://noticias.eudel.eus/wp-content/uploads/2016/04/nicosia03.jpg[/image]
[image]https://noticias.eudel.eus/wp-content/uploads/2016/04/nicosia04.jpg[/image]
[image]https://noticias.eudel.eus/wp-content/uploads/2016/04/nicosia05.jpg[/image]
[image]https://noticias.eudel.eus/wp-content/uploads/2016/04/nicosia06.jpg[/image]
[image]https://noticias.eudel.eus/wp-content/uploads/2016/04/nicosia07.jpg[/image]
[image]https://noticias.eudel.eus/wp-content/uploads/2016/04/nicosia08.jpg[/image]
[image]https://noticias.eudel.eus/wp-content/uploads/2016/04/nicosia09.jpg[/image]
[/nivo]
- Euskadiko alkateen ordezkaritza bat CMREren ‘Europa 2030’ Biltzarrean ari da parte hartzen; Biltzarra Txipreko hiriburuan izango da, apirilaren 21etik 22ra.
- Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluaren goi-bileran 500 bat pertsonak hartuko dute parte; 41 herrialdetako tokiko eta eskualdeko gobernuetako 60 erakundetakoak dira, eta Europako 150.000 udalerri baino gehiago ordezkatzen dituzte.
- Imanol Landa elkarteburuak modu ofizialean aurkeztu ditu Bilbok eta Getxok jaso dituzten izendapenak: “Berdintasuna, aniztasuna eta inklusioa” gaiei buruzko CMREren Biltzarraren egoitza eta aipatutako erakundearen Zuzendaritza Batzordearen bileraren egoitza izango dira 2018an, hurrenez hurren.
Bilbo, 2016ko apirilaren 21a. EUDELen elkarteburu Imanol Landak Europako Udal eta Eskualdeen Kontseiluaren (CMRE) gailurrean hartuko du parte, Batzorde Eragilearen ordezkaritza batekin batera; aipatutako gailurrean, errefuxiatuen krisiaren gaia jorratuko da, besteak beste. Atzo, asteartean, Landak erakunde horretako Zuzendaritza Batzordearen aurretiko bilera batean hartu zuen parte. Bertan, tokiko eta eskualdeko gobernuen ordezkariek adierazpen bateratu bat onartu zuten, babes errealerako europar politika arrunta ezartzearen alde.
Zuzendaritza Batzordea, besteak beste, honakoek osatzen dute: Parisko alkate Anne Hidalgok, Bruselako alkate Yvan Mayeurrek eta Lisboako alkate Fernando Medinak, baita Europako udalerri eta eskualdeetako elkarte eta federazio nagusien presidenteek ere.
Nikosian onartutako manifestuak errefuxiatuak EBko herrialde guztietan banatzeko baliabide “bidezko, orekatu eta iraunkorra” ezartzea babesten du, “gune gorietatik” Batasuneko herrialde mugakideetara modu seguruan igaro daitezen bermatzeko.
CMREn lortutako adostasuna “lorpen eta aurrerapauso oso positiboa” dela uste du Imanol Landak. Landa elkarteburuaren iritziz, ebazpen bateratu honek “konpromiso komunaren oinarriak eta lankidetza testuinguru iraunkorra ezartzen ditu herrialde kideetako tokiko gobernuen artean, premiazko irtenbideak topatzeko; era berean, neurri iraunkorrak ezartzen ditu, milaka pertsonak Europako sarbideetan bizi duten egoera dramatikoari aurre egiteko”.
Onartutako adierazpenak lekualdatzeak eragiten dituzten arrazoiak jatorrizko lekuetan jorratzeak duen garrantzia ere jasotzen du, baita tokiko gobernuak baliabide ekonomiko eta materialekin hornitzeko beharra ere; izan ere, horiek dira nagusiki errefuxiatuei premiaz zerbitzu publikoak hornitu behar dizkietenak. Halaber, udalerri eta eskualdeek tokiko autonomia errespetatzea eta lankidetza deszentralizatua indartzea eskatzen dute, errefuxiatuak hartzeko orduan tokiko gobernuen gaitasunak indartzeko funtsezko tresna gisa.
Euskadiko ordezkaritzaren parte-hartzea
Ostiralean amaituko den goi-bilerara EUDELen Batzorde Eragileko ordezkaritza bat joango da: Elkarteburu eta Getxoko alkate Imanol Landa, Amurrioko alkate Josune Irabien, Galadakaoko alkate Ibon Uribe, Portugaleteko alkate Mikel Torres, Burguko alkate Natividad de Munaiz, Iruña Okako alkate Javier Martínez, eta Abadiñoko alkate José Luis Navarro.
Saioen egitarauaren barruan, Europako integrazio ereduan eta EBren etorkizuneko arkitekturan tokiko gobernuek duten zereginari buruzko eztabaidan hartuko du parte Imanol Landak, gaur, apirilaren 21ean (osteguna). Getxoko alkateak panela partekatuko du, besteak beste, Erresuma Batuko, Norvegiako, Alemaniako eta Greziako alkateekin eta erakunde publikoen ordezkariekin.
Portugaleteko alkate Mikel Torresek ere “Herritarrekin gobernatzen: Smart teknologiek ustelkeriaren aurkako borrokan egin duten ekarpena” panelean hartu du parte gaur goizean. Alkateak herritarren partaidetzari eta teknologia berriei buruzko EUDELen gidaliburua eta Gardentasunaren aldeko Euskadiko udalen Sarea aurkeztu ditu.
Azkenik, Galdakaoko alkate Ibon Uribek CMREren Berdintasuneko Batzordeko presidente gisa hartuko du parte bihar, apirilak 22 (ostirala), “Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Europako Gutuna” egitasmoaren emaitzen berri eman eta berau modu eraginkorrean aplikatzeko eman beharreko hurrengo pausoak azaltzeko; izan ere, 10 urte bete dira aipatutako gutuna indarrean sartu zenetik.
CMREren biltzar honek “Etorkizuna bihar hasiko da. 2030eko Europaren tokiko eta eskualdeko ikuspegia” izenburua izango du. Lansaioetan, tokiko ordezkariek honako gaiak izango dituzte hizpide, errefuxiatuen krisiaz gainera: Europaren eta bertako erakundeen etorkizuna, lurralde erreformak, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna, tokiko finantzen murrizketaren testuinguruan zerbitzu publiko iraunkorrak mantentzea eta Parisko Klimaren Goi-bilerako akordioaren ondorengoko pausoak.
CMREren biltzarrari buruzko informazioa: http://www.ccre.org