- Udalen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko datu-trukea lankidetza-hitzarmen baten bidez egingo da; truke honi esker hitzarmenari atxikitako udalerrietako herritarrek errazago eta erosoago egin ahal izango dituzte beren administrazio-izapideak.
- Udazkenean abiaraziko dira Aldundiak eta udalek lankidetzan sortutako plataforman bideratuko diren lehen proiektuak: gizarte ekintzako modulua eta erroldako datuak partekatzeko modulua.
- Ondoren, apurka-apurka, beste arlo batzuetako datuak sartuko dira truke-plataforman, esaterako gizarte prestazioei buruzko ziurtagiriak, DSBEri buruzko informazioa, zerga-betebeharrei buruzko ziurtagiriak, eta NANak Poliziarekin konektatuz egiaztatzeko zerbitzuak.
- Herritarrek onura hauek izango dituzte: administrazio-izapideak errazagoak izango dira, ez dute edukiko zertan joan hainbat leihatilatara agiriak eskatzeko, eta ez dituzte aurkeztu beharko administrazioak badauzkan agiriak.
Bilbo, 2016ko uztailaren 15a. Gaur goizean 67 udalerritako alkateekin eta ordezkariekin egindako ekitaldi batean Bizkaiko Foru Aldundiak eta EUDELek elkarreragingarritasunerako hitzarmen bat aurkeztu dute; horri esker hitzarmenari atxikitako administrazioek datuak partekatuko dituzte herritarrek beren izapideak errazago kudeatu ahal izateko.
Aurkezpen-ekitaldian Getxoko alkate eta EUDELeko lehendakari Imanol Landak eta Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatu Ibone Bengoetxeak azaldu dute aurtengo udazkenean bi modulu abiaraziko direla, bata gizarte ekintzako datuen trukerako eta bestea erroldako datuen trukerako.
“Elkarreragingarritasuna; alegia, administrazioen arteko lotura eta datuak nahiz informazioa trukatzea, garrantzi handiko urratsa da gure udalen berrikuntzarako eta modernizaziorako”.
“EUDELetik, beti egin izan dugun bezalaxe, udalen ondoan izango gara eta laguntza emango diegu beren eskari eta interesei erantzuten dieten ekimen guztietan; are gehiago herritarrentzat modu nabarmenean onuragarria denean. Kasu honetan, kontua da edozein herri-erakunderekin burutu behar dituzten izapide eta gestioak erraztea eta erosoago egin ahal izatea. Udalek, bereziki, gure herritarrentzako arreta eta zerbitzu gero eta irisgarriagoak, erakinkorragoak eta kalitatezkoak eskaini behar ditugu, batez ere gizarte-beharrei edo egoera zailei erantzun behar zaienean.”
Imanol Landa, EUDELeko elkarteburua.
BI MODULUAK
Gizarte ekintzako moduluaren bitartez ondokoak kudeatu ahal izango dira modu telematikoan eta datuak trukatuz: etxez etxeko laguntza zerbitzua, gizarte larrialdietarako laguntzak, gizarte-inklusioko eta haurren arloko interbentzioak, eta mendekotasunaren balorazioak, besteak beste.
Beste alde batetik, erroldako datuen moduluari esker errolda-helbidea udalerri barruan aldatu nahi duten herritarrek ez dute edukiko ziurtagiria Bizkaiko Foru Aldundian aurkeztu beharrik informazio hori behar den kudeaketak egiteko, Aldundiko langileak online aztertu ahal izango du eta.
Bi modulu horiek abian jarri ondoren, apurka-apurka beste arlo batzuetako datuak sartuko dira truke-plataforman, esaterako Aldundiaren gizarte prestazioei buruzko ziurtagiriak, DSBEri buruzko informazioa, zerga-betebeharrei buruzko ziurtagiriak, eta NANak Poliziarekin konektatuz egiaztatzeko zerbitzuak.
Hitzarmenaren onurak
Elkarreragingarritasunerako hitzarmen honek hainbat onura ekarriko dizkie herritarrei, batez ere administrazioekin egin beharreko kudeaketetan, asko erraztuko dira eta. Esate baterako, ez da egongo leihatilaz leihatila agiri “eskean” ibili beharrik, herritarrek ez dituzte aurkeztu beharko administrazioak lehendik dauzkan agiriak, beharrezkoak ez diren joan-etorriak saihestuko dira, eta espedienteen izapidetzea bizkortuko da, besteak beste.
Gainera, gure langile publikoei ere lana erraztuko diegu. Berehalako sarbidea izango dute izapidetzeetarako behar duten informaziora, eta, horrez gain, dokumentuak lortzeko herritarrek egindako eskaerak murriztuko dira. Horrela, modu eraginkorragoan, azkarrago eta modu gardenagoan lan egin ahalko dute, erantzunaren kalitatea ere hobetuz.
Imanol Landak eta Ibone Bengoetxeak udalen lana azpimarratu dute, beren ustez funtsezkoa baita 2015ean sinatutako hitzarmen bat dela bide foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak elkarri datuak linean lagatzeko erabiltzen duten egitura osatzeko. Hitzarmen honi esker Bizkaiko udalak elkarrekin konektatu ahal izango dira, bai eta gainerako administrazio publikoekin eta Estatuko Administrazio Orokorrarekin ere (Eusko Jaurlaritzaren bidez). Horrela, administrazioaren maila guztiak egongo dira konektatuta.
Aldundiaren eta Bizkaiko udalen arteko elkarreragingarritasunerako hitzarmena Bizkaiko Foru Aldundiaren modernizaziorako, gardentasunerako eta gobernu enerako estrategiaren funtsezko elementuetako bat da. Estrategia horretan oinarritzen da oraingo legegintzaldiko gobernu-proiektua, helburu hauek dauzkana: Aldundia modernizatzea egungo egoerara egokitzeko eta zerbitzu hobeak eta erabilerrazagoak eskaintzea.
