EUDELek eta Bizkaiko Foru Aldundiak .EUS domeinuaren erabilera sustatu nahi dute enpresa eta elkarteen webguneetan.
Ia bi urte dira .EUS domeinua erabilgarri dagoenetik. Eta, bi urte hauetan 6.000 enpresa, erakunde eta norbanakok komunitatearekin bat egin dute domeinu-izenak erregistratuz.
Une honetan, .EUS da Hego Euskal Herrian hazkundean dagoen interneteko domeinu bakarra, gainerako domeinu guztiak (.com, .net, .es, etab.), bataz beste, %7 jaisten ari diren bitartean .EUSek %18ko hazkundea izan du 2016ko lehen bederatzi hilabetetan.
.EUS domeinuaren hazkundea lurralde guztietan eta sektore guztietan ari da ematen. Bizkaian, esate baterako, domeinu-izenen %30 enpresek erregistratu dituzte, %16 erakunde publikoek eta %20 euskararen eta kulturaren arloko erakundeek. Webgune askok eman du .EUSerako jauzia; eta, horri esker eta webgune horien kalitateari esker, munduko 783 domeinu berriren artean egindako azterketan 4. postua lortu du .EUSek kalitateari eta SEOri dagokionean.
PuntuEUS Fundazioaren bokazioa domeinua zabaltzen eta hazten jarraitzeko lan egitea da eta egindako azken merkatu-azterketaren arabera hazkunde bidea, Bizkaiko enpresa, elkarte eta abarren parte-hartzetik etor daitekeela aurreikusi da. Izan ere, gaur gaurkoz .EUSen pisua handiagoa da, adibidez, Gipuzkoan Bizkaian baino.
Bizkaiko erakunde publiko nagusien apustua garbia da eta .EUS domeinua darabilte, Bizkaiko Foru Aldundia eta EUDEL adibide dira. Erabiltzeaz gaiz, erakunde hauek dei egin diete Bizkaiko enpresa, erakunde eta abarri haien webguneetan .EUS domeinua erabil dezaten.
Izan ere, .EUS domeinua tresna baliagarria da euskaren interneteko presentzia sustatzeko. Interneteko webguneen %15k erabiltzen du euskara Bizkaian eta domeinu nagusietan euskarazko edukia duten webguneen ehunekoa aztertuta, nabarmen gelditzen da .EUS domeinua dela euskara gehien duena. Kasu honetan euskarazko edukia duten webgune kopurua %88koa da eta euskararik ez duten domeinu-kopurua %12an kokatzen da. Esan daiteke beraz .EUS domeinua dela euskararen arnasgune digitala. Gainerako domeinuen kasuan, euskararen presentzia haien webguneetan %20aren azpitik dago kasu gehienetan. Gaur egun guztira 16.559 dira Euskal Herrian euskarazko edukia duten webguneak eta horietatik 6.000k .EUS domeinu-izena dute.
PuntuEUS Fundazioa
.EUS domeinua Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitatearen Interneteko lehen mailako domeinua da.EUS, hortaz, tresna bat da, euskara beste hizkuntzen mailan kokatzen duena, euskararen normalizazioan lagunduko duena eta euskararen herriari nazioarteko aitortza eskaintzen diona.
PuntuEus Fundazioak aurkeztu zuen, 2012ko maiatzean, .eus domeinuaren eskaria ICANN erakundearen aurrean eta bera izan da, 2013ko abenduan, ICANN erakundearekin kontratua sinatu duena.
Hori horrela, PuntuEus Fundazioa da .eus domeinua kudeatu, kontrolatu eta administratzeko ardura duen erakunde duena. PuntuEUS Fundazioaren misioa Euskara ingurune digitalean ikusgarri, erabilgarri eta baliagarri egitea da euskara lehen mailako hizkuntza izan dadin.
Informazio gehiago: www.domeinuak.eus
