Eudel

EUDELen Batzorde Eragileak, 2016/12/14ko saioan bilduta, erabaki du UDALHITZ hitzarmen kolektiboari buruzko ZIRKULAR hau bidaltzea Euskadiko udalei.

1.- EUDELen helburua UDALHITZ Akordio berria negoziatzea da, eratutako marko sektorialean; hartara, Euskadiko tokiko erakundeetako langileen lan-baldintzak osorik arautu ahal izango dira, betiere, hitzarmen kolektiboaren barruan, eta ELA-STV, LAB, CCOO eta UGT zentral sindikalekiko elkarrizketaren, negoziazio arloko fede onaren eta lankidetza zintzoaren giroan.

2.- Helburu hori lortu ahal izateko, beharrezkoa da atxikitako Euskadiko udalei eskatzea UDALHITZ 2008-2010 Akordioa bete dezaten; izan ere, betearazpen hori da Negoziaziorako Mahai Orokorraren baitan lortu daitezkeen akordio posibleen legezkotasunaren bermerik gorena, akordioa gero udal bakoitzera eraman ahal izateko.

3.- Kontuan izanik azken urteotan zenbait lege-ekimen sortu direla –8/2010 ELD, 20/2011 ELD, 20/2012 ELD eta horiekin bat datorren araudia–, eta, batzuetan, ekimen horiek eragina izan dutela UDALHITZ 2008-2010 Akordio Arautzailearen edukiarengan, edota eduki hori eraldatu ahal izan dutela, EUDELek guztiz beharrezkotzat jotzen du, bidezkoa denean, neurri horien eraginaren egoerari buruzko diagnostiko orokorra finkatzea.

Hori horrela, udalei jakinarazten zaie datozen asteotan galdetegi bat jasoko dutela, zenbait galderarekin. Inkesta horrekin batera, batzuetan, teknikarien bisitak ere izango dira, zalantzak argitzeko eta datuak hobeto jaso ahal izateko.

4.- Hurrengo UDALHITZ akordioaren negoziazioa bide onetik joango dela bermatzeko, eskatzen dizuegu ahalik eta gehien kolaboratzeko datuak batzeko ekimen honetan. Era berean, berriz ere gogorarazten dizuegu ez irekitzeko negoziazio mahai indibidualik zuen udaletan, Mahai Orokorrean egiten ari den negoziazioari oztoporik ez eragiteko.