Eudel

EUDELek, Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluak (CMRE) eta Europar Batzordeak indarrak batu dituzte, emakumeek tokiko bizitzan duten parte-hartzea sendotzeko

Bruselan, 2017ko martxoaren 9an. Emakumearen Nazioarteko Eguna dela-eta, atzo, martxoaren 8an (asteazkena), bilera egin zen Bruselan, Europako tokiko eta eskualdeetako gobernuetako berdintasun-politiken horizonte berria aztertzeko, horri buruz hausnarketa egiteko, eta ideiak trukatzeko. Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluak (CMRE) antolatu zuen saioa, Corina Crețu Eskualde Politikaren europar komisarioak Belgikako hiriburua bisitatu zuela aprobetxatuz. Ekimenaren asmoa zen topaketa bat izatea Emilia-Romagna eskualdeko presidente eta CMREren presidente Stefano Bonaccinirekin, bai eta EUDELen ordezkaria, CMRE Europako Udalerrietako Berdintasun Batzordeko presidentea eta Galdakaoko alkatea den Ibon Uriberekin ere.

Erakunde europarren artean Bruselan izandako topaketa horren barruan, adierazpen bateratua sinatu zen, emakumeari boterea emateari buruz eta bizitza publikoan emakumeek duten parte-hartze aktiboa sustatzeari buruz. Konpromiso hori Cretu komisarioak eta CMREren ordezkariek sinatu zuten.

Ekitaldian, EUDELen ordezkariak, Ibon Uribek, iragarri zuen CMREren berdintasun, gizarteratze eta dibertsitate konferentzia Bilbon egingo dela 2018an (ekainaren 11tik 13ra). Crețu komisarioak ekitaldi horretara joateko interesa adierazi zuen.

Ibon Uriberen audioak

Audio 1

Audio 2

Martxan jarri da hiri berdinzale, inklusibo eta askotarikoen europar zigilua


Hiriek, herriek eta tokiko gobernuetako elkarteek urte asko daramatzate genero-berdintasunaren inguruko neurriak hartzen eta xede horretarantz doazen urratsak ematen. Hori dela-eta, CMREk hiri berdinzale, inklusibo eta askotarikoen europar zigilua sortzeko prozesuari ekin dio.

Genero-berdintasunaren inguruan nabarmentzen diren tokiko gobernuek zigilu bereizgarri bat jasoko dute Bilboko 2018ko konferentzian, euren konpromisoaren erakusgarri,” adierazi du CMREren idazkari nagusi Frédéric Vallierrek.

Gai berari buruz, hauxe esan zuen Ibon Uribek: Zigilu honek Berdintasunerako Europako Gutunaren inplementazioa sustatuko du, adibidez, berau inplementatzeko eskatuz; era berean, udalerrien eta emakume hautetsien sareak (Berdinsarea eta Virginia Woolf Basqueskola euskadiko sareak bezala) garatzeko eta sendotzeko oinarriak finkatuko ditu.

2017: hitzetatik ekintzara joanez, eszenatoki globalean

2017. urtea inflexio-puntua izan da; izan ere, hitzetatik ekintzara joan gara, eszenatoki globalean. Garapen Iraunkorraren Helburuen (GIH) inplementazioaren urtea da, genero-berdintasunari eta emakumeei boterea emateari buruzko 5. helburua barne hartuz. Horretarako, hiriak eta eskualdeak funtsezkoak dira; izan ere, emakumeei bizitza publikoan boterea emateko prozesuaren buruan daude.

Ildo horretan, Angossaseko (Kamerun) alkate eta Afrikako udal emakume hautetsien sarearen (REFELA) ordezkariak, Anne Marie Tsitsolek, dei egin zien munduko sareei, lan bateratua egin dezaten. Txalotu egin zuen komisarioak hartu duen konpromisoa, Europako udal emakume hautetsien sarea babesteari dagokionez, baina baita mundu osoko emakume hautetsiak babesteari dagokionez ere. Izan ere, berdintasuna lortzeko modu bakarra dago: elkarrekin lan egitea.