Eudel

EUDELeko Elkarteburu eta Getxoko Alkate Imanol Landak eta Euskadiko Udalen Elkarteko Batzorde Eragilea osatzen duten gainerako alkateek (15 udalerri),  gaur goizean parte hartu dute Vitoria-Gasteiz, Bilbo eta Donostiako alkateekin batera udal ordezkaritzari egokitu zaion tartean, 10:00 eta 10:15 artean, Eusko Jaurlaritzak deitutako elkarretaratzean, xede duena Terrorismoaren Biktimei eskainitako Egun Europarra oroitaraztea, egun hori bihar ospatzekoa baita, martxoak 11.

Vitoria-Gasteizek gaur goizean elkarretaratzea hartu du, eta bertara gonbit egin zaie euskal gizartearen estamentu guztiei. Lau orduz eta etenik gabe, Andre Maria Zuriaren plaza izan da eszenatokia zenbait ordezkari instituzional, politiko, sozial, ekonomiko, kultural eta abar elkartzeko, bai halaber beren elkartasuna, omenaldia eta aitortza erakusteko biktimei, beroriek ere ekitaldian ordezkatuak egon baitira. Herritarrei ere gonbit egin zaie parte har dezaten.

Lau orduz, hainbat ordezkaritza ari dira txandakatzen elkarretaratzearen gidaritzan, hamabost minutuan behin. Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak sustatu du ekimena, gizarteak eta erakundeek biktimekin bat egiten dutela agerrarazteko. Barruan mezu bat daraman lekuko bat eskuz esku igarotzen ari da, eta Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluko lehendakari José Luis de la Cuestak irakurriko du mezua ekitaldiaren bukaeran.