Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen markoan, gaur, martxoaren 17an (ostirala), hasiko da mintegiaren 11. edizioa, Javier Vázquez Matilla* doktoreak emandako saioarekin. (Europako Batzordeko Kontratazio Publikoko adituen taldeko kidea. Kontratu Publikoen Auzitegi Administratiboko kidea. Nafarroa)
Vázquez Matillak sektore publikoko kontratuen lege berriak zein berrikuntza dakartzan aztertuko du.
Jarraian, Elisa de la Nuez abokatua arituko da, bertaratutako entzuleekin gardentasunari, ustelkeria-adierazleei eta administrazio-kontratuei buruzko eztabaida bat sortzeko xedearekin.
2006an hasi zen egiten hitzaldiekin eta eztabaidekin osatutako prestakuntza-ziklo hau, eta gaur egun erabat finkatuta dago EUDELek, HAEE-IVAPek eta Foru Aldundiek elkarlanean antolatutako prestakuntza-eskaintzaren barnean.
2017ko Mintegirako, 150 pertsonak baino gehiagok eman dute izena. Erreferentziazko programa da toki administrazioko euskal erakundeetako langile juridiko eta teknikoen artean, eta urtetik urtera eskaria handitu egiten da. Hori dela eta, azken urteetan, erabaki da programa EUDELetik jende gehiago har dezaketen areto/lekuetara aldatzea. Gaur egun, saioak Bizkaiko Foru Aldundiaren Agiritegi Historikoan egiten dira (María Díaz Haroko kalea).
Aurtengo programa martxoa eta azaroa bitartean garatuko da, bost saiotan (guztira 20 ordu), eta honako gai hauek jorratuko dira: prozedura elektronikoa eta administrazio elektronikoa; kontratazioa; ordenantzak eta erregelamenduak zehaztea; Udal Erregelamendu Organikoa; eta tokiko zergak.
«Tokiko Zuzenbidearen Behatokia»: araugintzan, jurisprudentzian, dokumentuetan eta bibliografian jaso diren berriak aztertzeko gunea.
- Horrez gain, jurisprudentzia azaltzen duen aldizkari digitala ere barne hartuta dago, arauei buruzko aipamenarekin eta bibliografia interesgarriarekin batera.
