- Virginia Woolf Basqueskola, euskal emakume alkate eta zinegotzien sarea, erreferentzia eta gida da Aragoiko Tokiko Emakume Hautetsientzako Lidergo eta Ahalduntze Eskolaren sorreran.
- EUDELen eta Emakunderen ekimen aitzindaria berdintasun-arloko jardunbide egokitzat aurkeztu da, udal-politikan diharduten emakumeak ahalduntzeko eta esperientziak trukatzeko daukan sare-eredua dela eta.
- Euskadiko emakume hautetsien ordezkaritza batek truke-mahai batean parte hartu du Zaragozan, EAEko eta Aragoiko emakume politikarien artean esperientziak partekatzeko.
2017ko urriaren 5a. EAEko hiru lurraldeetako emakume alkate eta zinegotzien ordezkaritza bat –hainbat tamainatako udaletako eta hainbat talde politikotako kideak daudela– Zaragozara joan da Virginia Woolf Basqueskola ordezkatuz, Aragoiko homologoekin batera egoteko urriaren 4an (asteazkena) ELEM, hots, Aragoiko Tokiko Emakume Hautetsientzako Lidergo eta Ahalduntze Eskola inauguratzeko izandako jardunaldian.
EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak bultzatuta, Basqueskola ekimen aitzindaria da, 2012an sortua prestakuntza, lidergo eta ahalduntze politikorako eskola gisa, eta Euskadiko emakume alkate eta zinegotzientzako “berezko espazio” gisa. Prestakuntzako, coaching-eko eta komunikazioko ikastaroak zenbait ediziotan egin eta gero, gaur egun benetako lan- eta aliantza-sare gisa sendotzen ari da Basqueskola, EAEko udaletan politikan diharduten emakumeen artean.
2016. eta 2017. urteen artean, Euskadiko udalerrietan zehar jarduera ugariko ibilbide bat egin da, eta eskualdeko bilerak antolatu dira Bizkaian eta Gipuzkoan, bai eta topaketak ere, Arabako kuadrilletako udalerri txiki guztiekin.
Kontaktu horien guztien ondorioz, Basqueskola bere ibilbideko fase berri batean sartu da, bere jarduera-eremuan hedadura eta eragin handiagoak erdiesteko. Hala, bada, sareak bere jardunaren zabalkundea areagotuko du, eta EAEtik kanpoko udaletako beste emakume hautetsi batzuekin harremanetan sartuko da, Aragoikoekin kasu, bai eta Europako esparrukoekin ere, bereziki, Bilbon 2018ko ekainaren 11tik 13ra bitartean egitekoa den Berdintasunari, Aniztasunari eta Inklusioari buruzko Europako Udalerrien Konferentzia dela-eta.
Alderdi guztietako talde eragile berria
Natividad López de Munain, Arabako Burgelu udalerri txikiko alkatea eta, halaber, EUDEL Batzorde Eragilearen ordezkaria, izendatu dute Basqueskolako kideek sarearen ibilbidearen nahiz egungo egoeraren berri emateko. “Bultzada-etapa berri bat”, azaldu duenez, talde eragile batek gidatuko duena –beste talde kolaboratzaile batekin batera–, non EAEko udaletan dauden indar politiko guztietako emakume alkate eta zinegotziak egongo diren:
“Bost urte hauetan “ereintzako” lana egin eta gero, Basqueskola “inspirazio-olatu” bilakatu da beste toki batzuetan emakume-sare berriak ehuntzeko. Eskola ‘mugimendu’ baten hazia izan da, eta mugimendu horrek bere ibilbidea izango du eta denborarekin eragin handiagoa lortzeko asmoa du.
Emakume hautetsien sare gisa, gure azken xedea da, udaletan ez ezik, erabakiak hartzeko eginkizunean bertan ere egotea. Parte-hartze politikoak berezkoa du, orobat, erabakiak hartzeko eta eragina izateko ahalmena edukitzea, politika egiteko era berriak bultzatzeko, berdintasuna udal-agendaren erdigunean jartzeko, eta gizarteari kutsatzeko.”
Natividad López de Munain, era berean, tokiko esperientziei buruzko mahai-inguru bat moderatzeaz arduratu da; mahai-inguruan Aragoiko Erkidegoko hainbat udaletako zazpi emakume alkate eta zinegotzik parte hartu dute.
Zaragozako jardunaldiarekin batera, ondoren bilera bat ere egin da Euskadiko eta Aragoiko tokiko emakume politikarien artean, ikuspegiak eta esperientziak partekatzeko, emakume gisa udal-politikan garatzen duten eguneroko jardunaren inguruan.
Burgeluko alkatearekin, Zaragozara Josune Irabien Amurrioko alkatea eta Paula Amieva eta Mari Luz Palacio Getxoko eta Sondikako zinegotziak ere joan dira. Udal, Eskualde eta Probintzien Federazioko (FAMCP) buru Carmen Sánchez Pérezek berak egin zion gonbidapena, ekitaldiko anfitrioi gisa, Euskadiko ordezkaritzari, EUDELen bitartez.
Basqueskola zer den eta haren egungo jarduera (berriak, ikastaroak, gidak eta argitalpenak) zein den azaltzen duen informazio guztia webgune ofizialean dago eskuragarri: www.virginiawoolfbasqueskola.eus eta sare sozialetan ere: