- EUDELek gehiengoa duten ELA eta LAB sindikatuekin negoziatzeko eta akordioa lortzearen aldeko jarrera izaten jarraitzen du, horiek 2016ko abenduaren 1eko Negoziazio Mahai Orokorrean aurkeztutako konpromisoen proposamena ukatu bazuten ere.
- Hurrengo egunetan bi aldetako bilerak izango ditugu ordezkari sindikalekin.
- EUDEL UDALHITZ Hitzarmenaren Mahai Orokorraren barruan batutako negoziazio kolektiboa mantentzearen aldekoa da, langile publiko guztien aldeko akordioak lortzeko eta udalen funtzionamendu onerako –herritarrei zerbitzu hobea emanez islatuko dena– bide gisa.
- Horretarako, EUDELentzat ezinbestekoa da udaletan banakako Negoziazio Mahaiak ez irekitzea.
Bilbon, 2018ko otsailaren 27an. Sindikatuek otsailaren 28an Euskadiko udaletan lanuzteak egiteko egindako deialdiaren aurrean, EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak, Euskadiko tokiko erakundeetako langileen lan-baldintzak arautzen dituen UDALHITZ Akordioaren Negoziazio Mahai Orokorreko parte-hartzaile gisa, ondorengo gogoetak egin nahi ditu:
1.- EUDELek negoziazio kolektiboarekin duen konpromiso irmoa adierazten du, gure udal eta tokiko erakundeetan aurreratutako lan-harremanen marko bat egituratzeko bide bakar gisa, udalerrietatik eskaintzen dugun herritarrentzako zerbitzuaren eraginkortasun, kalitate eta espiritu maila altuan islatuko dena.
2.- EUDELek negoziatzeko duen borondatea eta eremu propioaren aldeko apustua ukaezina da eta izango da.
EUDELek, azken 30 urteetan, erabateko konpromisoa erakutsi du gure negoziazio eremuarekin lan-harremanen markoan. Antzinako ARCEPAFESetatik egun indarrean dagoen UDALHITZera arte, EUDEL lortutako sektore-akordio ezberdinetan egon da beti, eta gure udaletako lan-baldintzen egungo garapen maila lortzeko oinarrizko pieza izan da.
EUDELen eta sindikatuen arteko negoziazio leial eta zintzo horri esker, gure udaletan berezko marko bat lortu da, aitortzekoa, eta langile publiko guztientzako lan-baldintza aurreratu eta homogeneoekin, eguneratu beharrari kalterik egin gabe, banakako negoziazio kolektiboen dispertsio eta atomizazioak sortuko zituen desberdintasunik gabe.
Duela gutxiko iraganean ere, oinarrizko araudiak ezarritako arrazionalizazio neurri ezberdinak hartu diren testuinguru zail eta konplexuan, EUDELek gure negoziazio eremua eta ELKARKIDETZA prestazio pasiboen babes sistema osagarria defendatzearen aldeko borondatea agertu du, legea errespetatuz UDALHITZ akordioaren legezkotasunari, indarraldiari eta ezarpenaren printzipioari dagokienez, termino guztietan.
Legegintzaldi honetan esfortzu handia egin da negoziazio kolektiboaren eremuan. Negoziazio Mahai Orokorra askotan bildu da, baita gizarte-eragileekin bi aldetako txanda eta bilera ugari egin ere, negoziazio ireki, parte-hartzaile eta zintzo batean ordu eta esfortzu ugari emanez. Negoziazio hori proposamen trukean, estatistika lanetan, egoera diagnostikoetan, datu bilketan, zirkular bidalketan, gomendioetan, eta abarretan oinarrituz garatu da, gehienetan sindikatuekin adostutako iradokizunei eta metodologiari jarraituz.
3.- Hori dela eta, EUDELek ozen ukatzen ditu gehiengoa duten bi sindikatuek ondorengo lanuzteen arrazoien gainean adierazitako baieztapenak, non gure negoziatzeko borondatea zalantzan jarri den. Zentzu horretan, azpimarratu beharra dago Negoziazio Mahai Orokorrean EUDELen proposamen zehatza dagoela, besteak beste, ondorengo konpromisoak berariaz jasotzen zituena:
– Galdutako erosteko ahalmena errekuperatu.
– UDALHITZ egungo akordioa hobetu, lizentzia eta baimen berriekin, eta lana eta eremu pertsonala bateratzeko hobekuntza zehatzak.
– Asistentziaren arloko hobekuntzak.
– Lan egonkortasuna hobetu eta enplegu publikoa sortzeko konpromisoa.
– UDALHITZ egungo akordioa osorik berrikusi eta egokitzen hasi, horretarako egutegi zehatzarekin.
– UDALHITZ akordioaren betetze-mailaren egoeraren diagnostikoa egin.
Gehiengo sindikala izan da Negoziazio Mahai Orokorraren barruan EUDELen proposamen hau ukatu duena.
Dena dela, ukapen honetaz gain, EUDELek negoziazioaren eta akordioaren alde egoten jarraitzen du, eremu sektorial orokorraren garrantzia langile publiko guztien aldeko akordioak lortzeko eta udalen funtzionamendu onerako –herritarrei zerbitzu hobea emanez islatuko dena-– bide bakar gisa azpimarratuz. Zentzu horretan, hurrengo egunetan bi aldetako bilerak izango ditugu ordezkari sindikalekin.
4.- Negoziazio Mahai Orokorrean bateratutako negoziazio kolektiboa mantentzearen garrantzia gogorarazi da. Horretarako, ezinbestekoa da udaletan banakako Negoziazio Mahaiak ez irekitzea. Udal bakoitzean egungo UDALHITZ 2008-2010 akordioaren gabezia posibleak jorratzeko osatu diren edo osatu daitezkeen “Jarraipen Mahaiei” kalterik egin gabe.