Bizkaiko udalek 50 milioi euro gehiago izango dituzte 2019. Urtean
- Bizkaiko udalek 869,1 milioi jasoko dituzte Udalkutxatik, hau da, % 6,1 gehiago aurtengo kopuruarekin alderatuta eta % 22 gehiago duela hamar urteko kopuruarekin alderatuz gero
- Otsailean izango dugu 2018ko ekitaldiaren itxieraren berri, baina aurreikuspenen arabera, likidazioa positiboa izango da, iaz bezala
Bizkaiko Finantzetako Lurralde Kontseiluaren urriaren 17ko (arratsaldeko 16.30tan) bilera egin eta gero, bidaltzen dizkizu:
Bilbon, 2018ko urriaren 17an. Bizkaiko Finantzetako Lurralde Kontseiluak 2018-10-17ko arratsaldean egindako bileran, 2019. urtean lurraldeko udalerriei emango zaizkien funtsen kalkulua egin da, eta, zenbaki orokorretan, 869,1 milioi euro izango dira. Horrela, bada, Bizkaiak udalei ematen dien zerga-itundunen bilketaren zatia % 6,1 hazi da aurten banatutako funtsekin alderatuta, eta Udalkutxaren aurrekontua 819,3 milioi eurokoa da. Duela hamar urtetik egon den bilakaerari begiratuz gero, argi dago Udalkutxaren bitartez banatzen den diru-kopuruak hazkunde nabaria izan duela, % 22; izan ere, 2010eko ekitaldian 712,5 milioi euro eman ziren.
Udalkutxa-Udal Finantzaketarako Foru Funtsa arduratuko da kopuru hori Bizkaiko udalerrien artean proportzionalki banatzeaz. Gainera, datu erabakigarria dugu udalek datorren urteko ekitaldirako aurrekontuak prestatu ahal izateko. Udalerrien artean banatzerako orduan, hainbat irizpide hartzen dira kontuan, besteak beste: biztanle-kopurua, langabezia-tasa, ahalegin fiskala, ikastetxeen kopurua edo biztanleen sakabanatzea.
Bileran, halaber, aurtengo ekitaldia ixteko aurreikuspenak jorratu dituzte. Behin betiko datuak otsailean egingo den Finantzetako Lurralde Kontseiluan emango dituzte ezagutzera, baina, hala ere, badirudi likidazioa positiboa izango dela berriz ere, 31 milioi euroko. Kopurua udalen artean banatuko dute 2019ko otsaileko behin betiko likidazioa egin ostean.
Finantzetako Lurralde Kontseiluari buruz
Finantzetako Lurralde Kontseilua Bizkaiko udalerrien eta Foru Aldundiaren arteko koordinaziorako eta parte-hartzerako organoa da. Hain zuzen ere, udal-finantzaketa modu egokian banatzen dela bermatzen du, bai eta Bizkaiko Lurralde Historikoko sektore publikoaren ekonomia- eta finantza-jarduera eta aurrekontu-jarduera zaindu ere.
Hamar kide ditu, eta horietatik bost Bizkaiko Foru Aldunditik datoz. Ibone Bengoetxea, Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatua, Kontseiluko burua da. Bestalde, gainerako bost kideek EUDEL – Euskadiko Udalen Elkartearen izenean dihardute, eta Balmaseda, Bilbo, Portugalete, Larrabetzu eta Muskizeko udalak dira.
EUDELen ordezkariak Bizkaiko Finantzetako Lurralde Kontseiluan:
Álvaro Parro, Balmasedako alkatea
Marta Ajuria, Bilboko zinegotzia
Borja Liaño, Muskizko alkatea
Mikel Torres, Portugaleteko alkatea
Iñigo Gaztelu, Larrabetzuko alkatea
- UDALEI informazio bidalketari buruzko OHARRA: Laster EUDELetik landutako informazio gehiago eskainiko da ‘Udalen parte-hartzea zerga itunduetan 2018-2019ri’ buruzko txostenaren (ikusi azken txostenak) eta UDALA aldizkariaren ale berriaren bidez: ‘Udal Finantzaketa ’