Eudel

Vitoria-Gasteiz, otsailak 13.

Herri-dirubideen Euskal Kontseilua gaur goizean bildu da Gasteizen, funtsezko gaiak aztertzeko: 2019ko ekitaldiko zerga itunduen bilketaren itxiera, 2019ko ekitaldirako foru aldundiek Eusko Jaurlaritzari egindako ekarpenen likidazioa eta 2019ko ekitaldirako Doikuntza Funts Orokorraren likidazioa.

Herri-dirubideen Euskal Kontseiluko partaideak dira EUDEL (Euskal udalen ordezkari gisa), Eusko Jaurlaritza eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Udalerrietako ordezkariak hauek dira:

  • Gorka Urtaran, Vitoria-Gasteizko alkatea (EUDELen elkarteburua)
  • Nagore Alkorta, Azpeitiko alkatea (elkarteburuordea)
  • Ángela Eguia, Gordexolako alkatea (Batzorde Eragilea)

Bileraren ondorengo agerraldian, Gorka Urtaranek balioan jarri du Kontseilu horretan bildutako hiru maila instituzional guztiek erakutsitako “jarrera”. “Elkarlanerako, ulermenerako eta adostasunerako jarrera parte-hartzailea, gizarte osoaren alde emaitza onak ematen dituena, Kontseilu honetan islatzen den bezala” esan du.

EUDELen elkarteburuak jakinarazi du udal bakoitzaren kontura egindako entregen datu zehatzak Finantzen Lurralde Kontseiluen bileretan jakinaraziko direla, hurrengo egunetan egingo baitira bilera horiek Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian. Lurralde Kontseiluak topaketarako foroak dira; lurralde bakoitzeko udaletako eta aldundietako ordezkariek zehatzago aztertuko dituzte udalerri bakoitzaren banako datuak foro horietan, eta, ondorioz, egoeraren tokiko balorazio zehatzagoa egin ahal izango da Toki Erakundeak Finantzatzeko Foru Funtsaren likidazioei buruz (TEFFF Araban, UFFM Gipuzkoan eta Udalkutxa Bizkaian).

2019ko ekitaldiaren itxieran foru aldundien zerga itunduengatik egindako bilketa kontsolidatua 15.469,6 milioi eurokoa izan zen, hau da, urtetik urtera % 3,3ko hazkundea izan du, eta iazko urrian egindako azken aurreikuspenaren gaineko betearazpena % 100,6koa izan da.

Ikus PRENTSA-OHARRA: 2020ko otsailaren 13ko Herri-dirubideen Euskal Kontseiluaren akordioak.