Eudel

Urtero bezala, martxoaren 8aren eta Emakumeen Nazioarteko Egunaren ospakizunaren aurrean, EUDELek adierazpen instituzionalaren eredu bat prestatu du EAEko udalentzat.

Aurtengo Adierazpenaren titulua da “EMAKUMEEN MOBILIZAZIOAK. Emakumeen botereak mundua aldatzen du”

Bilbon, 2020ko martxoak 4. EUDELek, Batzorde Eragileak otsailaren 13an hartutako erabakiaren bidez, martxoaren 8a ospatzeko egingo den adierazpen instituzionalaren eredua bidali zien Euskadiko udal guztiei. Testua otsailaren 13an bidali zitzaien toki-entitateei, behar adinako aurrerapenaz, Gobernu Batzordeak eta udaleko osoko bilkurak egin baino lehen. EUDELen ohikoa den bezala, udal autonomia errespetatuta, adierazpen hori erreferentziako eredu edo testu gisa proposatzen zaie udalei, tokiko errealitatera egokitu dezaten.

Azken urteotako mobilizazio feministak direla eta, aurtengo M8-ko Adierazpenaren titulua da “EMAKUMEEN MOBILIZAZIOAK. Emakumeen botereak mundua aldatzen du”. Beijingeko Ekintza Plataformaren 25. urteurrenaren esparruan, adierazpenak ekintza zehatzen proposamena jasotzen du, tokiko gobernuek abian jar ditzaten, tokiko bizitzan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta indarkeria matxistaren prebentzioa sustatzen jarraitzeko. EAEko udalek ibilbide luzea dute egina berdintasunaren alde, eta, alde horretatik, EUDELen baterako lana erreferentzia-esparru komuna eta ibilbide-orria da, tokiko konpromiso horien jarraipena egiteko.

BERDINSAREA-Berdintasunaren aldeko EAEko udalerrien batzarra

Bihar, osteguna, martxoak 5, EAEko udaletako ordezkari politikoak EUDELen egoitzan elkartuko dira, Berdinsarearen urteko lehen batzarrean. Gaur egun, hiru lurraldeetako 69 udalerrik osatzen dute Berdinsarea, eta EAEko biztanleen % 80 inguru ordezkatzen dute.

BERDINSAREA udal-sarea 2006ean sortu zen, eta EUDELek eta Emakundek koordinatzen dute, tokiko gobernuek berdintasunaren alde eta emakumeenganako indarkeriaren aurka kudeatzen dituzten programak eta zerbitzuak bultzatzeko, indartzeko, koordinatzeko eta ebaluatzeko.

Beste abantaila batzuen artean, sareak aukera ematen du irizpide komunak adosteko eta tamaina desberdinetako udalen artean baliabideak partekatzeko; era berean, laguntza berezia da udalerri txikienek mankomunitateetan eta kuadrilletan taldekatuta lan egiteko.

JAITSI ADIERAZPENA