- EUDELek konpromiso sendoa eskatuko dio Foru Aldundiari, arau-esparrua behin betiko ezartzea ahalbidetuko duen jarduketa-egutegia zehazteko
2020ko apirilaren 16an.
EUDELen Lurralde Batzordeko kide diren alkate jaun-andreek, Arabako udalerrien ordezkaritzan, bilera telematikoa egin dute gaur goizean bideo-konferentziaz, gizarte zerbitzuak behin-behinean mantentzea onartu izana formalizatzeko, Aldundiak eta 20.000 biztanle baino gutxiago dituzten Arabako Lurralde Historikoko udalerriek orain arte kudeatu izan dituzten baldintzen arabera.
EUDELen Lurralde Batzordearen akordioa aldeko zazpi botorekin (Vitoria-Gasteiz, Amurrio, Erriberabeitia, Arratzua-Ubarrundia, Agurain, Oyón-Oion eta Arraia-Maeztuko ordezkariak) eta bi abstentziorekin (Asparrena eta Zambrana) onartu da. Akordioaren edukia hiru puntu hauetan oinarritzen da.
- Arabako Foru Aldundiari akordio hau 2020ko abenduaren 31ra arte luzatzeko proposamenarekiko adostasuna helaraztea: Diputatuen Kontseiluaren 904/2016 Erabakia, abenduaren 26koa, onartzen duena gizarte zerbitzuei eustea behin-behinean, 2016ko abenduaren 26tik aurrera, Aldundiak eta 20.000 biztanle baino gutxiagoko lurralde historikoko udalerriek orain arte kudeatu izan dituzten baldintzen arabera.
- Halaber, Arabako Foru Aldundiari jarduketa-egutegi bat ezartzeko konpromiso irmoa eskatzea, arau-esparru bat behin betiko ezartzeko, horri buruz hartu beharreko erabakiak txertatzeko aukera ematen duena.
- Akordio honen berri ematea Arabako 20.000 biztanle baino gutxiagoko udalei.
EUDELen lurralde organoak COVID-19ak eragindako osasun krisiaren testuinguru berrian egindako lehen bilera izan da gaurkoa. Horren haritik, topaketa birtuala alkate jaun-andreen interes eta adeitasun gorenarekin egin da; izan ere, informazioa trukatu ahal izan dute toki errealitate bakoitzaren egoerari buruz, eta, era berean, pandemia Arabako udalerrietan izaten ari den eraginei erantzuteko xedez toki erakundeetatik bultzatu diren neurriak eta ekimenak partekatu ahal izan dituzte.
Gizarte zerbitzuen arloan gaur lortutako akordioak, hain zuzen ere, Arabako biztanle guztien beharrizanei erantzuteko asmoz alkate jaun-andreek duten kezkari eta erantzukizunari erantzuten die, bereziki, beharrizan handiena dutenei laguntzeko, betiere, gizarte zerbitzuak Aldundiak eta lurraldeko udalerriek orain arte kudeatu izan dituzten baldintzen arabera emango direla bermatuz.
