Eudel

Kurtso honen hasieran euskal udalek jardunari berriro ekin diote testuinguru zail eta konplexuan, osasun-, gizarte-, eta ekonomia-erronka hirukoitzarekin. Covid-19k dena aldatu du. Birusa ez da betiko hemen egongo, baina aldi batez berarekin bizitzen ohitu beharko dugu, osasunean eta ekonomian ahalik eta inpaktu txikiena eragiten duela ziurtatuz.

Krisi honen irtenbideak konpromiso kolektiboa eskatzen du gizarte gisa; eta, berriro ere, euskal udalok urrats bat egiten dugu konponbidearen parte aktibo izateko. Pertsonengandik hurbilen baikaude, herri eta hirietako errealitatea eta aniztasunaren ezagutza pribilegiatua baitugu.

 

Gorka Urataran, EUDELen Elkarteburuaren audioa

Konpromiso partekatu honetatik, EUDELeko Batzorde Eragileko alkateok adierazpen hau sinatzen dugu mezu bikoitza helarazteko, lehena, gizartearentzat; bigarrena, gainerako erakundeentzat.

Lehenik eta behin, elkartasuna eta erantzukizun soziala, indibiduala eta kolektiboa arren eskatzen ditugu.

Udalerria da elkarbizitza eta gizarte-harremanak ehuntzen diren espazioa. Gure herri eta hiriak dira “normaltasun berrira” iragateko eta pandemia elkarrekin gainditzeko lekua. Beraz, beharrezkoa da denok gure osasuna eta gainerakoena, gure seme-alabena eta gure adinekoena zaintzeko konpromisoa hartzea.

Osasun-larrialdi egoeran ezinbestekoa da arauak zorrotz betetzea eta arduratsuak izatea osasun-agintarien gomendioei jarraituta. Zuhurtzia eta arreta une oro eta leku guztietan, etxean, kalean, lanean, klasean, familia- eta lagun-topaketetan, merkataritza-, kultura-, kirol- eta aisialdi-jardueran…

Udal-eremuan eragile askok hartzen dute parte, eta orain, inoiz baino gehiago, horien guztien arteko elkarlana eta koordinazioa funtsezkoa da, tokiko engranajea, komunitatea, ibilarazteko.

Udal, elkarte, gizarte-erakunde, merkataritza eta ostalaritza, enpresa eta pertsona ekintzaile, familia… guztiok, gazte eta nagusi, lagundu dezakegu eta lagundu behar dugu gure udalerriak ingurune osasungarriak eta seguruak izan daitezen, batez ere pertsona eta kolektibo ahulenentzat.

Izan gaitezen solidarioak, zaindu dezagun gure eta ingurukoen osasuna. Babes ditzagun gure udalerriak, bizitzarako, ongizaterako eta oparotasunerako leku eta topaketa izaten jarrai dezaten.

Bigarrenik, udalak eragile giltzarri gara euskal erakunde-sisteman, eta, horrela izanik, Euskadiren susperraldian eta eraldaketan dugun parte-hartze aktiboa aintzat hartzea eskatzen dugu, betiere udal autonomia errespetatuz, eta Toki Erakundeen Legean aurreikusitakoaren arabera, finantza-nahikotasuna errespetatuz.

Gobernu-maila ezberdinen elkarlanean, osasuna babesteko, ongizatea bermatzeko eta familia- eta enpresa-ekonomia babesteko toki-erakundeek duten ezinbesteko eginkizuna balioestea eskatzen dugu.

Udalok ere bagara erakunde giltzarriak eraldaketa sozial, digital, energetiko eta ekologikoa gure herri eta hiri bakoitzean gerta dadin. Garapen Jasangarrirako Helburuetan edo Green Deal Europako itun berdean zehaztutako jomugen ildotik.

Horregatik guztiagatik, Euskadirentzat aurreikusitako ezohiko funtsak euskal udal guztietara irits daitezen eskatzen dugu.

Era berean, Euskadik duen foru-berezitasuna defendatzen dugu, udal-sistema eta -egitura bereizi baten bidez, Ekonomia Itunean oinarrituta. Marko propio honen defentsan, euskal udalok ezin dugu bereizkeriarik jasan gure finantzaketa indartzeko aukerei dagokienez.

Erakunde hurbilenak izanik, herritarrekin benetako konpromiso irmoa hartzen dugun garai honetan, gizartearen eta planetaren erronka berriei aurre egiteko baliabide egokiak behar ditugu.

Hauek dira EUDELeko Batzorde Eragiletik euskal alkateen izenean helarazten ditugun mezuak. Helburu partekatu batetik sortzen diren bi mezu, guztion onerako lan egiteko helburutik, herritar bakoitzaren onerako. Haren konfiantzak bultzatzen gaitu herrialdea aurrera eramateko atsedenik gabe lan egiteko konpromisoan. Udalok lehen lerroan jarraituko dugu, eragile guztiekin elkarlanean, elkar hartuta, gure lehen lorpena gizarte osoaren baterako ekintza izango baita.

Bilbon, 2020ko irailaren 10ean.