Eudel

Vitoria-Gasteizen, 2020ko urriaren 15ean. Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak gaur goizean Vitoria-Gasteizen egin duen bileran, Eusko Jaurlaritzak, hiru foru aldundiek eta udalek 2020ko ekitaldian tributu itunduengatiko bilketaren itxiera-aurreikuspena 13.411.590.000 euroan ezarri dute. Kopuru absolutuetan, 2019an bildutakoa baino 2.058 milioi euro gutxiago dira, hau da, % 13,3ko jaitsiera.

Aurreikusten da tributu itunduengatiko bilketa 2021erako aurreikusitako hedatze ekonomikoaren ildoan haztea, eta, hala, uste da foru aldundiek guztira 14.250 milioi euro bilduko dituztela tributu itunduetatik; beraz, 2020. urterako aurreikusitako itxierako bilketa baino % 6,3 gehiago.

Halaber, eta Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoan irailaren 30ean lortutako akordioaren ondoren, gaur goizean adostu da nola banatuko diren hiru foru aldundien artean defizitaren baterako helburuak, 2020ko (% -0,9 595 M€) eta 2021eko (% -0,8 588 M€) ekitaldietarako onetsitako ekarpen koefiziente horizontalen arabera.

Bileraren ondoren, EUDELen elkarteburu Gorka Urtaranek gogora ekarri du Udal Finantzaketarako Foru Funtsetako datu zehatzak eta udal bakoitzaren kontura emango diren kopuruak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Finantzen Lurralde Kontseiluen bileretan emango direla argitara, laster. Urtaranek adierazi duenez, “premiazkoa eta beharrezkoa” da, lurralde bakoitzaren defizitaren banaketan, udalek zer parte-hartze izango duten jakiteko formula zehaztea. “Zer baliabide izango dugun jakin behar dugu, datorren urteko aurrekontuak egiteko”, esan du.

Era berean, EUDELen elkarteburuak nabarmendu du leheneratze soziala udalerrien “funtsezko zeregina” dela. “Udalak gastu publikoaren % 20 gara eta funtsezko agentea gara krisi sozial eta ekonomikotik irteteko.“ esan du Gorka Urtaranek.  Zentzu horretan, elkarteburuak gogoratu du EUDEL euskal udalen elkartea dela eta “batasuna mantentzea“ oso inportantea dela: ”iritzi bakarra behar dugu udalen mezua helarazteko. Hortaz, Eudelen organoetan adostasun eta kontsentsurako deia egiten dut. Laguntza eskasa emango genieke ordezkatzen ditugun udalerriei Eudel barnean zatituko bagina.“ esan du Elkarteburuak.

Gorka Urtaranek nabarmendu du Euskadiko udalek duten borondatea eta prestutasuna herrialdearen baterako erronketan ekarpenak egiteko, Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek sustatuko dituzten berraktibazio-planetan parte hartuz nahiz Euskadira Europatik eta Estatutik irits daitezkeen ezohiko funtsetan parte hartuz.

Udalen ordezkariak

Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan parte hartzen dute EUDELek, Euskadiko udalen ordezkari gisa, Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Foru Aldundiek.

Udalerrien ordezkariak hauek dira:

  • Gorka Urtaran, Vitoria-Gasteizko alkatea (EUDELen elkarteburua)
  • Nagore Alkorta, Azpeitiko alkatea (elkarteburuordea)
  • Ángela Eguia, Gordexolako alkatea (Batzorde Eragileko kidea)

 

Ikusi PRENTSA-OHARRA: Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren 2020ko urriaren 15eko akordioak