Bilbo, abenduaren 15a. Arratsalde honetan bertan, Bilboko Euskalduna Jauregian egindako ekitaldian, Batzorde Eragilearen ordezkariak, Hondarribiko alkate Txomin Sagarzazuk, antolakuntza-buru Joseba Intxaustirekin batera, Hizkuntza Politika sailburu Bingen Zupiriaren eskutik jaso du BIKAIN ziurtagiria, hizkuntza-kudeaketaren kalitateagatik aurten aintzatetsitako erakundeei emandako ziurtagiria.
Gorka Urtaran EUDELen elkarteburua oso pozik dago euskal udalei EUDELek egunero ematen dien zerbitzurako hain garrantzitsua eta beharrezkoa den ziurtagiri hori lortzeagatik.
“Euskal udalerrien lana ziurtagiri honetarako akuilu izan da; udal konpromisoarekin bat eginez, horri esker eta horri erantzunez. EUDELek udalekin batera euskara sendotu ahal izan du, lan-hizkuntzaren erronkaren bidean, gainerakoetan bezala udalei zerbitzu onena eman ahal izateko, eta areago euskaran, gure izateko arrazoian” Gorka Urtaran, elkarteburua.
Bikain ziurtagiria
BIKAIN Eusko Jaurlaritzak ematen duen ziurtagiri ofiziala, publikoa eta doakoa da. Esparru sozioekonomikoan euskararen presentziaren, erabileraren eta hizkuntza-kudeaketaren normalizazio-maila egiaztatu eta aitortzen du.
Azaroan zehar, EUDELeko antolakuntzak eta talde teknikoak BIKAIN ebaluazio-prozesuan parte hartu dute, eta horren bidez oinarrizko maila lortu da.
Ebaluazio horretan, ezarritako neurri-unitatea Erreferentzia Marko Estandarra (EME) izan da, ebaluaziorako 2 ardatzek eta 6 elementuk osatuta:
Zerbitzu-hizkuntza
1.-Komunikazioa eta erakundearen irudia (informazioa, web eta sare sozialak, errotuluak eta kartelak, ekitaldiak eta jardunaldiak, …).
2.-Udalekiko harremanak, politikariak eta teknikariak.
Lan-hizkuntza
3.-Barne-komunikazioa eta lan-tresnak (baliabide informatikoak, kudeaketa-sistemak…).
4.-Pertsonen kudeaketa (giza baliabideak, prestakuntza…)
5.-Kanpo-harremanak (erakundeak, eragileak eta erakunde laguntzaileak, enpresak, herritarrak…).
6.-Kudeaketa-sistema (hizkuntza-politika, pertsonak eta baliabideak).