Eudel

Bilboko Udalak eta Petronorrek Sum Bilbao 2021 Mugikortasunaren Nazioarteko Biltzarra egingo dute Bilbon, urriaren 6an eta 7an.

Bilbon, 2021eko otsailaren 23an. EUDELen elkarteburu eta Gasteizko alkateak parte hartu du, modu telematikoan, gaur goizean Azkuna Zentroan egindako ekitaldian. Aurkezpenaren buru Bilboko alkatea eta Petronorreko presidentea izan dira, Biltzarraren antolatzaile gisa. Gaurko ekitaldian ere izan dira BBKko zuzendari nagusia eta Rafael Sterling Irizarreko CEOa. Horiekin batera, modu telematikoan parte hartu dute Abel Caballero FEMPeko presidenteak, eta Francisco Iglesias Alsako CEOak.

Gorka Urtaranek azaldu duenez, EUDEL Itun Berde handi bat bultzatzen ari da, “Euskal Udalen Green Deal” delakoa, hirien eta herrien eraldaketa iraunkorraren protagonista izan daitezen.

Urtaran elkarteburuak azpimarratu duenez, “Euskal Udalok planetaren erronka nagusiekin konprometituta gaude: klima-aldaketa eta trantsizio energetikoa, garraio publiko modernoa eta pertsonei lehentasuna emango dien hiri-mugikortasuna”. Adibide zehatzen artean, Gasteizko alkateak bere hiriko “superetxadien” proiektua nabarmendu du, eta proiektu horren ardatza “espazio publikoa pertsonei ematea” dela adierazi du.
Gorka Urtaranen hitzetan, EUDELen eta Euskal Udalerrien  konpromisoa haratago doa, “Gure gizartea bidezkoagoa, berdintasunezkoagoa eta kohesionatuagoa izan dadin, baita ekonomiak gure ingurune naturala oso presente izan dezan ere.”esan du Urtaranek.

Bilboko Adierazpena

Petronorrek eta Bilboko Udalak Hiri-mugikortasun jasangarriagorantz deritzon Bilboko Adierazpenaren bigarren urteurrena ospatu dute gaur goizean, Azkuna Zentroan antolatutako ekitaldian.

Bilboko Adierazpena SUM Bilbao Mugikortasunaren Nazioarteko Biltzarraren barruan sinatu zen, eta horren edizio berri bat aurkeztu dute gaur,  urrian Bizkaiko hiriburuan antolatuko dena.

Bilboko Adierazpenean, garraio, automobilgintza zein energia arloetako enpresek beren gain hartu zuten diseinu eta ekoizpen-prozesuak pixkanaka-pixkanaka ingurumen-inpaktu txikieneko garraiobide jasangarri, seguru eta eraginkorretarantz bideratzeko konpromisoa. Halaber, tokiko gobernuek mugikortasun-eredu berriak garatzea ahalbidetuko duten arau-esparruak bultzatzeko konpromisoa hartu zuten, ingurumen-iraunkortasuna eta gizarte-ongizatea bermatzeko eta mugikortasun jasangarrian oinarritutako garapen sozioekonomikoa sustatzeko. Laburbilduz, trantsizio energetikoaren prozesua bultzatuko duen ibilbide-orria.

Bilboko Adierazpena SUM Bilbao mugikortasunaren nazioarteko lehen biltzarraren barruan sinatu zuten Bilboko Udalak, Petronorrek, FEMPek, EUDELek, Estrasburgoko Udalak, Mercedes-Benzek, BBKk, Ibilek, Alsak, Kapschek, Irizarrek, FCCk, Sacyrrek, Beazek, Red Eléctrica de Españak, AMETICek eta Energiaren Euskal Erakundeak (EVE).

SUM Bilbao 2021 Mugikortasunaren Nazioarteko Biltzarra

Bilboko Udalak eta Petronorrek gaur iragarri dutenez, urriaren 6an eta 7an antolatuko da Bizkaiko hiriburuan Mugikortasunaren Nazioarteko Biltzarraren edizio berri bat, SUM Bilbao 2021. Biltzar honetan mugikortasunarekin zerikusia duten gaur egungo gairik garrantzitsuenak jorratuko dira, mugikortasun jasangarriaren arloko eragile nabarmenen partaidetzari esker.

SUM Bilbaoren edizio berriak ondorengo arlo tematikoak izango ditu ardatz: batetik, trantsizio energetikoa, hidrogenoari lotutako aukerak, energia garbiak eta energiaren deskarbonizazioa. Bigarren ardatz tematikoa gobernantza eta finantzaketari buruzkoa izango da, hau da, klima-aldaketa arintzeko arau-esparruak eta aliantza publiko-pribatuak. Eta hirugarren ardatz tematikoan mugikortasuna, digitalizazioa eta berrikuntza izango dira aztergai. Izan ere, mugikortasun berria konektatua, irisgarria, planifikatua eta garraio publikoaren bidezkoa izatearen aldeko ikuspegitik aztertuko da.

www.sumbilbao.com