Gaur goizean, Gorka Urtaran elkarteburuak euskal alkateekin egindako informazio-saio bat gidatu du webinar formatuan, eta iragarri du EUDELek lan egingo duela udalek aukera izan dezaten “funts horien ahalik eta portzentajerik handienean” parte hartzeko, eta, era berean, funtsok ahalik eta udal gehienetara iristeko.
2021eko martxoaren 4a. Gaur goizean, Gorka Urtaran EUDELen elkarteburuak euskal alkateei aurkeztu die Euskadiko udalei bakarrik zuzenduko zaien informazio-zerbitzu berria, tokiko entitateen proiektuak diruz babesteko aukerei buruzkoa, NEXT GENERATION EU eta Europako beste programa batzuen esparruan.
Euskadiko Udalen Elkarteak informazio-saio telematikoa antolatu du gaur goizean, tokiko berrehun ordezkari ingururekin, haiei adierazteko zein finantziazio-mekanismo aktibatuko diren, 2021etik aurrera, herri eta hirien bitartez Europa sozialki eta ekonomikoki berpizteko, modu jasangarrian.
Gorka Urtaranek azpimarratu du Euskadiko Udalen Elkarteak lan egingo duela “funts horien ahalik eta portzentajerik handienean” parte hartu ahal izateko, eta, gainera, “ahalik eta udal gehienetan”. Elkarteburuaren hitzetan, horretarako behar den informazio guztia emango du EUDELek, udalerri txikienei bereziki, Euskadiko herri eta hiri guztiek onura atera dezaten funts horietatik.
Elkarteburuak azaldu du EUDELen Batzorde Eragileak, otsailean egindako azken bileran, udalerriei begirako zerbitzu berri hori bultzatzea adostu zuela, konpromisoa harturik informazio erreal eta zehatza emateko udalek Europako funts horiek jasotzeko dituzten epeez, moduaz eta moldeaz.
Gorka Urtaran elkarteburuak esan du Europako Batzordeak berak oinarrizko rola eman diela udalei funtsak kudeatzeari dagokionez, gizartetik hurbilen dauden erakundeak diren aldetik. Europako Batzordeak azaldu duenez, funts horien ardatza udalen eskumeneko arloak izango dira (efizientzia energetikoa, etxebizitzak birgaitzea eta hiria leheneratzea, mugikortasuna), baita beste erakunde batzuekin batera gauzatzen diren politikak ere; trantsizio ekologiko eta digitala, kasu baterako.
Next Generationen gako nagusiak ezagutzeko, EUDELek Guillermo Dorronsoro gonbidatu du gaur goizeko saioan hizlari izateko. Europako funtsen berrikuntzan eta politika publikoen kudeaketan aditua da Dorronsoro; udal-arduradunei azaldu die zein mekanismoren bidez irits daitezkeen laguntza-deialdietara, bai Europatik, bai Estatuko ministerioen bidez, eta bai Euskadi Nexten esparruan egingo direnetara ere.
Aukera garaia
Alkateekin partekatutako mezuen artean, EUDELen elkarteburuak honako hau azaldu du euskal udalek, “itxaropenak puztu gabe”, aukeratzat dituztela Europako funtsak: “Udal-aurrekontuak eta Europatik zein Euskadi barrutik datozen beste laguntza batzuk osatzeko aukera dira”.
Gorka Urtaranek adierazi du “leihatilak” ez daudela zabalik oraindik, eta zalantza asko daudela argitzeko: zertarako eta norentzat izango diren lehen laguntzak, eta noiz eta nola emango diren, berbarako. Momentuz “Interes Adierazpenak” (IA) besterik ez dira argitaratzen ari, eta horiei ez zaio diru-sailik esleitzen. Bestalde, Dorronsoren esanetan, lehenbiziko IA horiek erabilgarriak izan daitezke udalek beren proiektuen ezaugarriak finkatzeko orduan, “bai lehiakorrak izateko, bai garaiz egiteko aurkezpenak, lizitazioak eta egikaritzeak”.
EUDELen newslettera EBko funtsei buruz
Hilabete honetatik bertatik aurrera, EUDELek hautatu egingo ditu udalentzat interesa duten deialdi guztiak, Europako, Estatuko zein Euskadi barruko esparruan, eskura dagoen informazio guztia banatzeko udalekin, barne-prozedurak arintzen lagundu eta aukera izan dezaten laguntza-ildo guztiak jasotzeko.
Datorren astetik aurrera, hilero, udalek posta elektroniko bidez jasoko dute EUDELek egindako “Newsletter” erako informazio-buletin bat, Euskadiko udalerrien askotariko errealitateentzat pentsatua eta egokitua.
Buletin bakoitzean IAen eta dirulaguntzen zerrenda bat emango da, eremuaren (Europa, Estatua, Euskadi) eta gaien arabera (politika traktoreak) sailkatuta, baita bakoitzaren xehetasunak azaltzeko fitxak ere. Horietan adieraziko dira zenbatekoa, aurkezteko epea eta ekintza-ardatzak, dirulaguntzak zuzentzen zaizkien tokiko proiektuei dagokienez.
EUDELen zerbitzuak ez du inolaz ere barne hartuko udal bakoitzaren egitasmo espezifikoetarako laguntza edo aholkularitza zuzena, ez proposamenak idazteko eta deialdietan aurkezteko fasean, ezta, ondoren, diruz lagundutako ekimenak gauzatzean ere.