Eudel

Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak gaur goizean Vitoria-Gasteizen egin duen bileran, Eusko Jaurlaritzak, hiru Foru aldundiek eta Udalek 2021eko ekitaldirako zerga itunduen ondoriozko diru-bilketaren likidazioaren aurreikuspenak onartu dute, 15.580 milioi euro, hau da, 2021eko aurrekontuan aurreikusitakoa baino % 9,3 gehiago.

Espero da zerga itunduen ondoriozko diru-bilketa bat etortzea 2022rako aurreikusitako susperraldi ekonomikoarekin. Hartara, zenbatetsi da Foru Aldundiek zerga itunduen ondorioz guztira 16.290 milioi euro biltzea 2022an, hau da, 2021erako aurreikusitako itxierako diru-bilketa baino % 4,6 gehiago.

Herri Dirubideen Euskal Kontseiluari buruzko informazio osoa ikusi

Bileraren ondoren, EUDELen elkarteburu Gorka Urtaranek gogora ekarri du Udal Finantzaketarako Foru Funtsetako datu zehatzak eta udal bakoitzaren kontura emango diren kopuruak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Finantzen Lurralde Kontseiluen bileretan emango direla argitara, datorren astean.

EUDELeko elkarteburuak nabarmendu duenez, tokiko erakundeek baliabide gehiago izango dituzte datorren urtean, eta “hori albiste ona da udalerrientzat”.

Gorka Urtaranek baloratu duenez, egungo egoera, hein handi batean, Euskadiko Udalen kudeaketa eraginkorraren ondorio da; “sentsibilitate handiz eta, aldi berean, zorroztasun handiz jokatu dugu, eta horrek aukera emango digu funts hauen erabileran eragile aktibo izateko, gainerako erakundeekiko lankidetzatik, herrialdearen erronka handiei erantzuteko.

Elkarteburuak gaineratu duenez, zorroztasunaz gain, “oso garrantzitsua da herritarren beharrekin enpatia izatea, eta hori da gure zeregin garrantzitsua gizartetik hurbilen dauden erakundeak garen heinean”.

Udalen ordezkariak

Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan parte hartzen dute EUDELek, Euskadiko udalen ordezkari gisa, Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek.

Udalerrien ordezkariak hauek dira:

  • Gorka Urtaran, Vitoria-Gasteizko alkatea (EUDELen elkarteburua)
  • Nagore Alkorta, Azpeitiko alkatea (elkarteburuordea)
  • Ángela Eguia, Gordexolako alkatea (Batzorde Eragileko kidea)