Eudel

 

  • EAEko Udalen Elkarteak EAEko alkate guztiak bilduko ditu, pandemia hasi zenetik egingo duten aurrez aurreko lehen topaketan.
  • Gorka Urtaran elkarteburuak EUDELek Euskadiko 2030 Agendari egindako ekarpena aurkeztuko du Batzarrean: udalen arteko eta toki-ekintzako proiektuen panel bat, Garapen Jasangarrirako Helburuak udalerrietan modu koordinatuan aplikatzeko.

2021eko azaroaren 5a. EUDELek berriz bilduko ditu udalen ordezkari nagusiak 2021eko ohiko batzar nagusian. EAEko Udalen Elkartearen Batzarra Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako alkateen urteko bilerarik garrantzitsuena da. Euskal udalentzat garrantzi handiko foroa da, eta aurten aurrez aurre egingo da berriro ere, pandemiaren ondoren normaltasunera pixkanaka itzultzearekin bat.

Batzarra azaroaren 11n egingo da, ostegunean, Mungiako Olalde Aretoan, 11:30ean hasita. Alkateak 11:00etatik aurrera hasiko dira iristen, akreditazioa jasotzeko, eta, ekitaldia hasi baino lehen, Batzorde Eragileak hileko bilera egingo du toki berean.

Batzarra EUDELen elkarteburu eta Gasteizko alkate Gorka Urtaranek gidatuko du, Azpeitiko alkatea den Nagore Alkorta eta Irungo alkatea den Jose Antonio Santano elkarteburuordeekin batera. Elkarteburuaren mahaiarekin batera, Batzorde Eragileko beste hamabi kideak egongo dira, hiru lurralde historikoetako udalerrien ordezkari gisa.

Ager Izagirre Mungiako alkatearen ongietorriaren ondoren, Elkarteburuak bilkurako gai-zerrenda aurkeztuko du. Gai-zerrendak lau puntu ditu: EUDELen 2022ko jardueraren aurkezpena, aurreko bilkuraren akta, 2020ko ekitaldiaren itxierako urteko kontuak eta 2022ko ekitaldiko aurrekontua.

Batzarra urriaren 8an deitu zen, Batzorde Eragileak hala erabakita, eta urriaren 11n, hilabete lehenago, EUDELek gai bakoitzari dagokion dokumentazioa bidali zien udalei.

Paperezko dokumentazioa euskarri digitalarekin ordeztu ondoren, EUDELek aurrera jarraitzen du Batzarraren berrikuntzarekin, eta aurten bozketa elektronikoa egingo da. Batzarraren mekanika EUDELen Estatutuek eta Antolakuntza eta Jarduera Erregelamenduak arautzen dute.

Lehentasunezko ekintza-ildoak

EUDELen Batzar hau bereziki garrantzitsua da udalentzat, bat baitator udal-agintaldiaren erdialdearekin (2019-2023), eta 2022ko ekitaldia une erabakigarria izango baita gizartearen eta ekonomiaren susperraldia finkatzeko.

Udalerriak ere eraldaketa iraunkorraren agertoki izango dira, eta, erronka handi horiei erantzuteko, EUDELek udalei laguntzeko ildoak indartuko ditu, lehentasunezko bi frontetan: lehenengoa, toki-autonomia eta finantza-nahikotasuna indartzea, udal-politikak eta -zerbitzuak hobetzen jarraitzeko; bigarren ardatza, hau ere behar-beharrezkoa, tokiko gobernuen funtsezko eginkizuna finkatzea, Euskadi udalerrietatik kohesionatzeko eta gainerako instituzioekin lankidetzan aritzeko “Herrialdeak” dituen erronken aurrean.

Helburu horiekin bat etorrita, Gorka Urtaran elkarteburuak ekintza-ildo estrategiko berri bat aurkeztuko dio alkateen Batzarrari: Tokiko ekintza koordinatzea Euskadiko 2030 Agendan, udalek sarean eta beste instituzio batzuekin lankidetzan bultzatutako GJHen trakzio-proiektuen bidez. Ekimen horrekin, EUDELek udalen parte-hartze proaktiboa bideratuko du 2030 Agendaren eragile anitzeko foroan.