- 2005az geroztik, EUDELek adierazpen instituzionalaren eredu bat prestatzen du Euskadiko udalentzat urtero, azaroaren 25aren harira.
- 2021ean, emakumeen aurka haien seme-alaben edo inguru hurbileko beste pertsona batzuen bidez gauzatzen den indarkeria bistaratu eta salatzea da helburua.
2021eko azaroaren 22an. EUDELen Berdintasun batzordearen proposamenez sortu zen adierazpen hau, eta Batzorde Eragileko alkateek onetsi zuten, azaroaren 11ko bileran. Egun horretan bertan –Elkartearen Batzar Orokorraren eguna ere izan zen–, testua 251 euskal udalei bidali zitzaien, haien osoko bilkuretan edo bozeramaileen batzordeetan aurkez zezaten. Adierazpen-eredua egitea udalerriek eurek –udalerri txikiek batez ere– egindako eskariaren erantzuna da; hala, eredu ireki bat bidaltzen zaie udalei, bakoitzak bere errealitatearen arabera egokitu dezan, udalen autonomia aintzat hartuta.
2021. urteko adierazpenaren ardatz nagusia emakumeen aurkako indarkeria matxista jasaten duten biktima adingabeak errekonozitzea eta bistaratzea da. Amaren aurkako indarkeria baliatzen den testuinguru batean bizitzeagatik seme-alabek jasaten duten min eta sufrimenduan jartzen du arreta adierazpenak, Istanbulgo Hitzarmenak (2011) aitortzen duenez. Era berean, indarkeria bikarioa ere salatzen du adierazpenak, alegia, seme-alabei edo pertsona maiteei egindako minaren bidez emakumearen aurka gauzatutako indarkeria; hori ere emakumeen aurkako genero-indarkeriaren beste forma bat da. Azaroaren 25eko Adierazpenak honako hau adierazten du, estatistiken arabera: “bikotekideen edo bikotekide ohien eskutik indarkeria jasaten duten EAEko hamar emakumetik seik seme-alaba adingabeak dituzte, eta horiek ere biktima bihurtzen dira”.
Adierazpenaren testua Emakunderi eta BERDINSAREAri ere helarazi zaie; hain zuzen, BERDINSAREA berdintasunaren aldeko eta emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako sarea da, EUDELek koordinatua eta Emakundek bultzatua.