Eudel
  • EUDELeko Elkarteburuak ohartarazi du desoreka-egoera bat egon daitekeela, bere errealitate soziolinguistikoa dela-eta, euskara egoera ahulago batean dagoen lekuetan. Gorka Urtaranek “hizkuntza-fronterik ez dagoen tokietan horrelakorik ez irekitzearen” alde egin du: “ez dezagun arazorik sortu, horrelakorik ez dagoen tokietan”.

2021eko abenduaren 17a. 2021eko abenduaren 17a. Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiak Euskadiko Toki Erakundeei buruzko 2/2016 Legearen (ETEL) 6.2 artikuluari buruz planteatutako   konstituziokontrakotasun-arazoa Konstituzio Auzitegiak izapidetzeko onartu izanaren aurrean, EUDELek adierazpen instituzionala bidali die gaur goizean EAEko udal guztiei, Batzorde Eragileko alkateek gai horren inguruan duten jarreran jasotzen duena. Jarrera hori aldez aurretik jakinarazi zien EUDELeko elkarteburuak euskal udalerri guztiei, elkartek azaroaren 11n Mungian egindako Batzar Nagusian.

Gorka Urtaran, EUDELen Elkarteburuaren adierazpena

EUDELen Adierazpenak hiru puntu ditu, eta hiru mezutan zehazten dira: udalen konpromiso irmoa euskararen sustapenarekin; ETELen 6. artikulua, toki-erakundeetan euskararen erabilerari buruzkoa, defendatzea; eta Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legea balioestea, udalerrien eskumenak eta finantzaketa ziurtatzeko “ezinbesteko lege” gisa, horiek baitira tokiko autonomiaren oinarria, kalitatezko zerbitzu publikoen bidez gizarte-beharrei erantzuteko.

Mezu nagusia Adierazpenaren bigarren puntuan jasotzen da. EUDELen Batzorde Eragilearen ustez, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeen zerbitzu- eta lan-hizkuntza gisa euskararen erabilera arautzen duen ETELen 6. artikuluak “bermatzen du herritarrek eskubidea dutela hurbilen dituzten erakundeekin harremanetan jarri nahi duten hizkuntza ofiziala aukeratzeko”.

Ildo horretan, Adierazpenaren lehen puntu gisa, EUDELek azpimarratu du udalek konpromisoa dutela euskal udalerrietan euskararen erabilera sustatzeko, “bereziki herritarrekin dugun hurbileko harremanaren bidez”. Batzorde Eragileak azpimarratu duenez, toki-erakundeek euskararen erabilera garatu eta normalizatzeko neurriak hartzeko egitekoa dute, “Euskal Herriaren ondare historikoaren eta kultura-ondarearen funtsezko zati gisa”, halaxe nabarmentzen baitu EUDELek akordioan.

IKUSI ADIERAZPENA OSORIK