Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak Vitoria-Gasteizen otsailaren 14an egindako bileran, Eusko Jaurlaritzak, hiru foru-aldundiek eta euskal udalek, besteak beste, erabaki hauek hartu dituzte:
COVID-19aren pandemiak eragindako krisi ekonomikoaren ondorioz 2020an izan zen jaitsiera handiaren (-% 9,8) ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko tributuen diru-sarrerek igoera garrantzitsua izan dute, eta guztira 15.963,2 milioi euroko sarrerak izan dira (+% 14,4).
2019aren aldean, bilketa balantzea ere positiboa izan da, 493,6 milioi euro gehiago izan baitira; % 3,2ko igoera esan nahi du horrek.
Estatuari ordaindutako kupoari dagokionez, benetan ordaindutako zenbatekoa 723,9 milioi eurokoa da. Zifra horren barruan dago 2020ko ekitaldiaren likidazioa (277,3 milioi euroko saldo garbia, EAEren alde) eta 2021eko behin-behineko kupoa, 1.001,2 milioi eurokoa.
Zerga bilketaren itxiera eta Estatuari ordaindu beharrekoa jakinda, kalkulatu da 2021eko ekarpenen likidazioa 10.829,8 milioi eurokoa dela, hasieran aurrekontuan sartutakoak baino 1.210,6 milioi euro gehiago.
Bestalde, 2021eko bilketaren itxiera ikusita, Egokitzapenerako Funts Orokorrean 80,7 milioi euro esleituko dira, eta guztiak Arabara bideratuko dira.
Bileraren ondoko adierazpenetan, EUDELeko elkarteburu Gorka Urtaranek esan du Udal Finantzaketarako Foru Funtsen datu zehatzak Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Finantzen Lurralde Kontseiluen hurrengo bileretan jakinaraziko direla.
Gorka Urtaranek, EUDELeko elkarteburuak, hausnarketa hirukoitza helarazi du euskal udaletatik:
Lehenik eta behin, EUDELeko elkarteburuak gogorarazi du Ekarpenen Lege berri bat dela eta Euskadiko erakundeek eta, horien artean, toki-erakundeek hobeto parte har dezaten herrialdeko baliabideen banaketan.
Bigarrenik, berretsi egin dira erakunde guztiek egindako aurreikuspen ekonomikoak. “Aurreikuspen horiek diru-bilketaren bilakaera baikor eta, aldi berean, zuhurraren diagnostikoaren baitan egin ziren”, baieztatu du EUDELeko elkarteburuak.
Hirugarrenik, Gorka Urtaranek azpimarratu du horri esker udalok baliabide gehiago izango dituela udal-aurrekontuak garatzeko eta ahalmen ekonomiko handiagoa izango dutela udalerrietako proiektu eraldatzaileak bultzatzeko.
Zentzu horretan, EUDELeko elkarteburuak Udalen funtsezko eginkizuna aipatu du euskal gizartea normaltasunera itzultzen ari den “aldaketa garrantzitsuen” egungo etapari ekiteko. Gorka Urtaranek tokiko esparruaren hiru helburu nagusi azpimarratu ditu: “Euskal herritarren bizi-kalitatea hobetzen jarraitzea, gure udalerrien lehiakortasun ekonomikoa bultzatzea eta ingurune naturalarekiko errespetua ere bai”.
Udalen ordezkariak
Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan EUDELek (euskal udalen ordezkaria), Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru-aldundiek hartzen dute parte.
Hona hemen udalerrien ordezkariak:
- Gorka Urtaran, Vitoria-Gasteizko alkatea (EUDELeko elkarteburua)
- Nagore Alkorta, Azpeitiko alkatea (EUDELeko elkarteburuordea)
- Ángela Eguia, Gordexolako alkatea (EUDELen Batzorde Eragileko kidea)