
EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak bere gaitzespenik irmoena azaldu du Tolosan eta Barakaldon gertatutako emakumeen aurkako sexu-erasoen aurrean, bigarrena taldean eginda. EUDELek elkartasuna adierazten die biktimei, senideei eta hurbilekoei.
Emakumeenganako indarkeria emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, era guztietan (psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala, bikarioa…) eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina.
Eraso horiek berriro dakarzkigu gogora hala erakundeek nola euskal gizarte osoak daukagun erantzukizuna, gure udalerrietan Berdintasuna eraginkor egiteko. Zentzu horretan, gure sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu behar dugu, etorkizuna ordezkatzen dutenei zuzenduta, gure herritar gazteenei zuzenduta, alegia.
EUDELek bat egin du Barakaldoko eta Tolosako Udalen gaitzespen-adierazpenarekin, bai eta euskal udalerrietan antolatzen diren gaitzespen-ekimen guztiekin ere.
2022ko otsailaren 28an.