Bere udalerriaren esperientziatik, alkateak Udaletik (gainerako administrazioekin lankidetzan) eskain daitezkeen zenbait neurriren berri eman du. Hain zuzen ere, neurri horiek etxebizitza galtzeagatik gizarte-bazterketa arriskuan egon daitezkeen familiei babesa eta laguntza emateko eskain daitezke.
Urriaren 16an, asteartean, “Zordun hipotekarioak babesteko esparruan jarduteko proposamenak” izenburuko jardunaldia egin zen Bilbon, Bizkaiko Abokatuen Elkargoak (ICASV) antolatuta. Inplikatutako herri administrazioak, alderdi politikoak, kolektiboak eta agenteak bildu ziren bertan, betearazpen hipotekarioen arazoa ahalik eta ikuspegi gehienetatik jorratu ahal izateko.
12:00etan, herri administrazioen zereginari eskainitako saioa egin zen. Bertan, Sestaoko alkateak Udalean izan duen esperientzia azaldu zuen: “zoritxarrez, familiak beranduegi etortzen dira bertara, etxebizitza galtzeko zorian daudenean, eta beti nahi izaten dute alkatearekin hitz egin”. Alkateak azaldu zuenez, “babesik eta duintasunik gabeko” egoera zail honetan, familiek “sentsibilitate soziala” eta “lidergoa” eskatzen diete Udalari eta alkateari.