Eudel

Berriak

Sailetako Albisteak

Azken berriak

  • EUDELek Tokiko Demokraziaren Defentsarako Europako Behatokiaren (ODELL) euskal egoitza hartuko du eta Bilbo izango da Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluak (CMRE) Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin sustatutako proiektuaren “itsasargi-hiria”.
  • Urriaren 2an, tokiko ordezkari hautetsien aurkako mehatxuei buruzko Europako lehen txostena aurkeztuko da, Milango Bocconi Unibertsitateak egina.

Bilbo, 2026ko ekainak 19. EUDELek eta Bilboko Udalak Demokraziaren Tokiko Defentsarako Europako Behatokia (ODELL) aurkeztu dute gaur Euskalduna Jauregian, Democracy Week Euskadi ekimenaren amaiera-ekitaldian. Bi erakundeak Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluak (CEMR) bultzatutako proiektu aitzindari honen partaideak dira. Proiektu honek Eusko Jaurlaritzaren (Hub Local2030 Euskadi) babesa eta Milango Bocconi Unibertsitatearen babes zientifikoa ditu.

Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluak (CMRE) sustatuta eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin (Hub Local2030 Euskadi), Tokiko Demokraziaren Defentsarako Europako Behatokiak (ODELL) Euskadi erreferente bihurtuko du Europan kalitate demokratikoa indartzeko eta Europako tokiko ordezkarien belaunaldi berria sustatzeko. Ekitaldian hauek hartu dute parte: Juan Mari Aburto, Bilboko Alkatea; Esther Apraiz, EUDELeko elkarteburua; Asier Areitio, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanen eta Organismo Multilateralen zuzendaria; eta Fabrizio Rossi, Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluko (CMRE) idazkari nagusia.

Euskadiko gazte hautetsiek ere esku hartu dute, politikaren arloko “harrobi berriak” dituen erronkei (polarizazioa, desinformazioa, desafekzioa), gazteen parte-hartzeari eta erakundeekiko konfiantza indartzeko moduari buruz duten ikuspegia partekatzeko.

Gaurko ekitaldian amaitu da joan den abenduan Bruselan hasitako prozesua, Bilbo “itsasargi-hiri” izendatu zutenean eta EUDEL Behatokiaren euskal egoitza izendatu zutenean. Une honetatik aurrera, Bilbo erreferente eta enbaxadore delarik, Euskadiko udalerriak Europako nodo nagusietako bat izango dira ezagutza sortzeko, jardunbide egokiak trukatzeko eta kalitate demokratikoa indartzeko eta udal-eremuan erantzukizun publikoak dituztenak babesteko gomendioak egiteko.

ODELL Europan konfiantza publikoa, bizikidetza eta tokiko bizitza politikoaren osotasuna indartzeko sortu zen. Behatokiak tokiko ordezkari hautetsien aurkako mehatxuak monitorizatu eta aztertuko ditu, Europa mailako datu konparagarriak sortuko ditu eta erantzun instituzionalak bideratzeko ekintzak proposatuko ditu. Bere lana, batez ere, sortzen ari diren fenomeno hauetan oinarrituko da: ziberjazarpena, desinformazioa, gorroto- eta larderia-kanpainak, politikan dauden emakumeen aurkako indarkeria sexista edo kargu publikoen eta haien ingurune pertsonalaren aurkako erasoak.

Ekimenak Europa osoan zabaltzen ari den kezkari erantzuten dio. Alkateek eta zinegotziek herritarrengandik gertuen dagoen erakundea dira eta, aldi berean, polarizazioaren, sare sozialetako presioaren eta erantzukizun publikoak dituztenen aurkako mehatxuen arriskurik handiena daukana da. ODELLen helburua da ebidentzia zorrotza ematea fenomeno horiek hobeto ulertzeko eta demokrazia oinarritik (udalerriak) indartuko duten erantzun instituzional eraginkorrak diseinatzen laguntzeko.

Demokrazia hurbiltasunetik eraikitzen da”

Jardunaldian, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Esther Apraiz EUDELeko elkarteburu eta Derioko alkatea, Asier Areitio Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanen eta Organismo Multilateralen zuzendaria,  eta Fabrizio Rossi CEMReko idazkari nagusia bildu dira, eta bat etorri dira tokiko gobernuek Europan demokraziaren lehen lerro gisa duten zeregina azpimarratzean.

Juan Mari Aburto: “Gogoetarako tresna bat baino gehiago da. Konfiantza handiagoa, erantzuteko gaitasun handiagoa eta tokikotik Europarantz kalitate demokratiko handiagoa sortzeko tresna operatiboa da”.

Bilboko Alkateak txalotu egin du ekimena, bere ustez “ekimen aitzindaria bezain beharrezkoa da eta egoitza biak gure udalerrian dauzka.”Alkateak bere itxaropenak partekatu ditu. “Epe laburrean, espero den emaitza oso zehatza da: ODELL osatzen dugun eragileen arteko lankidetza eraginkor eta aldeaniztuna sendotzea, benetako errealitate operatibo bihur dadin. Epe ertainean, inpaktu estrukturalagoa lortu nahi dugu: lehenik, mehatxuei aurrea hartzeko gaitasuna hobetzea; bigarrenik, demokrazia hurbiltasunetik sostengatzen dutenak indartzea; eta hirugarrenik, ezagutza hori gomendio eta politika erabilgarri bihurtzea”.

Fabrizio Rossi: “Bilbo eta EUDEL aukeratu ditugu Europan demokrazia berritzeko eta indartzeko abangoardia izan daitezen”.

Fabrizio Rossi CMREko idazkari nagusiak azaldu duenez, “Behatokian lan berritzaile eta funtsezkoa egiten dugu datuak biltzeko, ebidentziak sortzeko eta, Europa mailan, erantzun eraginkorrak eskaintzeko tokiko ordezkariek jasaten duten indarkeria gero eta handiagoaren eta kezkagarriaren aurrean. Mehatxu horri aurre egitea ezinbestekoa da gure erakundeen etorkizuna bermatzeko“.

Esther Apraiz: “Herritarren ‘ahotsa’ ordezkatzea jarduera arriskutsu bihurtzen denean, demokrazia osoa ahuldu egiten da”.

EUDELeko elkarteburuak adierazi duenez, “ODELL demokrazia hurbiltasunetik sostengatzen dutenak babesteko sortu zen, baina baita etorkizunari begiratzeko ere. Europak behar duen tokiko demokraziaren belaunaldi berri horren erreferente izendatu gaituzte: freskoagoa eta hurbilagoa, askotarikoagoa, gizarteari lotua eta udalerrien eta lurraldeen eraldaketa bultzatzeko gai dena“.

Asier Areitiok Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanen eta Organismo Multilateralen zuzendariak nabarmendu duenez, Euskadiren konpromisoa “egunero abangoardiako demokraziaren herria eraikitzen jarraitzea da. Erakunde sendoak eta herritartasun erantzunkidea dituen herria. Europari eta munduari elkarbizitzarako, partaidetzarako eta kalitate demokratikorako eredu aurreratua ematen dion herria“.

TOKIKO ORDEZKARIEN AURKAKO MEHATXUEI BURUZKO EUROPAKO LEHEN TXOSTENA

Ekitaldian iragarri da, halaber, ODELLen urteko lehen txostenaren aurkezpena Bilbon egingo dela urriaren 2an. Txosten hori Milango Bocconi Unibertsitateak egin du. Alkate eta zinegotziek beren jarduera publikoa gauzatzean jasaten dituzten mehatxuen lehen erradiografia europarra eskainiko du azterlanak. Europako hainbat herrialdetatik datozen datuetan oinarrituko da, lehendik dauden iturri publikoetatik abiatuta, batez ere komunikabideetan eta dokumentatutako beste erregistro batzuetan argitaratutako informazioetan.

Behatokiaren lehen lanek Europako tokiko ordezkarien aurkako 1.000 eraso bortitz eta larderiazko eraso baino gehiago dokumentatu dituzte azken sei urteetan. Analisien arabera, gainera, gertakariak gero eta gehiago dira, batez ere hauteskunde-garaian. Gero eta mehatxu gehiago egiten dira sare sozialetan baina erregistro ofizialetan oraindik ez da askorik jasotzen.

Datu kezkagarrienen artean andrazkoek tokiko politikan daukaten kalteberatasun berezia dago. ODELLek aztertutako azterlanek erakusten dutenez, emakumezko alkateek gizonezkoek baino hiru aldiz eraso gehiago jasan ditzakete, batez ere agintaldiko lehen hilabeteetan.

Txostenak Europako, Estatuko eta tokiko erakundeei zuzendutako gomendioak jasoko ditu, ordezkari publikoen babesa eta tokiko gobernuen erresilientzia demokratikoa indartzeko.

BELAUNALDI-ERRELEBOA ETA PARTE-HARTZE POLITIKOA

Jardunaldian, halaber, Democracy Week Euskadi-ren esparruan, Gazteriaren Euskal Kontseiluarekin lankidetzan tokiko gazteriari eta demokraziari buruz egindako tailerraren ondorioak aurkeztu dira. Iratxe Uriarte Kontseiluko presidenteak eta sentsibilitate eta lurralde desberdinetako hiru ordezkari hautetsik –Iker Santocildes, Urduñako alkatea; Laura Ré, Pasaiako zinegotzia; eta Darío Ocio, Zambranako alkateordea- hausnarketa partekatua helarazi dute belaunaldi berriek tokiko bizitza publikoan sartzeko eta irauteko dituzten desafioei buruz.

Ondorio nagusien artean, hauek nabarmentzen dira: bizitza pertsonala, profesionala eta politikoa uztartzeko zailtasunak, gero eta gehiago agertzea jendaurrean, desinformazioaren eta polarizazioaren inpaktua, laguntza indartzeko beharra eta lidergo berrien sorkuntza. Eztabaidak arreta jarri du genero-desberdintasunetan, tokiko politikan sartzea eta irautea baldintzatzen jarraitzen baitute. Ondorio horiek ODELLen etorkizuneko lan-ildoetan txertatuko dira, parte-hartze demokratikoa indartzeko eta Europako tokiko gobernuetan belaunaldi-erreleboa bultzatzeko.

Foru eta udal lantaldeen elkarlanak emaitza horretarako aukera eman du : irizpideak adostu eta prebentzio jarduera indartzeko, arriskua detektatzen denetik.

Aurreko gida gizartearen aldaketetara zein adingabeen profil berrietara egokitu da, eta sexu indarkeriako kasuen aurrean jarduteko jarraibide zehatzagoak jasotzen ditu.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko ekainaren 16a. Arabako Foru Aldundiak ‘Arabako Lurralde Historikoan haurrei eta nerabeei zuzendutako gizarte zerbitzuetan jarduteko eskuliburu’ berria aurkeztu du gaur. Tresna hori funtsezkoa da lurraldean babesgabetasun egoeran dauden haur eta nerabeei eta haien familiei ematen zaien arretaren kalitatea hobetzeko. Foru eta udal mailako gizarte zerbitzuek elkarrekin dokumentua bateratzeak irizpideak adostu eta erakundeen arteko koordinazioa indartu ahal izan du arriskua hautematen den unetik, Araban haurrak zaintzeko eta babesteko sistemaren oinarrizko zutabeetako bat baita.

Eskuliburu berriak 2004az geroztik indarrean zegoen gida eguneratzea dakar. Gida berria azken urteotako legedia, antolaketa eta gizartearen aldaketarik garrantzitsuetara egokitu da, baita ezagutza teknikoaren bilakaerara eta babesgabetasun egoeran dauden adingabeen errealitate eta profil berrien agerpenera ere.

Eskuliburu berriaren edukiak honako egoeretan haurrei eta nerabeei ematen zaien arreta eta babesa ditu gai nagusi: babesgabetasun egoeretan – hau da, eskubideak urratzen direnean, familian indarkeria edo zailtasunak daudenean – eta sexu indarkeriako kasuetan. Etorkizunean beste gai batzuk ere hartuko ditu, eta xehetasun handiagoz txertatu ahal izango du beste indarkeria mota batzuen biktimen kasuetarako prebentzio jarduera.

Parte hartzeko prozesu zabal baten ondorioz, udaletako eta foru aldundietako gizarte zerbitzuetako profesionalek, arduradun teknikoek, tokiko erakundeek eta unibertsitate eremuko profesionalek hartu dute parte plana egiten. Zehazki, Arabako Foru Aldundiko Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak (GOFE) eta erakunde laguntzaileek hartu dute parte, baita Vitoria-Gasteizko eta Laudioko udaletako eta Arabako Lautada, Arabako Errioxa eta Añanako kuadrilletako gizarte zerbitzuek eta EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak ere. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) eta Oviedoko Unibertsitateko talde teknikoek ere hartu dute parte.

Gorka Urtaran Gizarte Politiketako foru diputatuak, Esther Apraiz EUDELeko presidenteak, Lucho Royero Vitoria-Gasteizko Udaleko Gizarte Politiketako zinegotziak eta Ignacia Arruabarrena EHUko Psikologiako irakasle eta eskuliburuaren koordinatzaile teknikoak hartu dute parte gizarte zerbitzuetako profesionalen aurrean aurkezteko ekitaldian.

Eguneroko lanerako tresna praktikoa

Dokumentua profesionalen eguneroko lana erraztera bideratutako tresna praktikoa da, gizarte zerbitzuetan haurrak artatzean. Azken helburua esku hartzearen kalitatea hobetzea da, honakoak definituz: prozedura egituratuak, irizpide tekniko adostuak eta jarduteko oinarri komuna.

Dokumentu horren eguneratzeen artean, araudi berriak sartu dira, hala nola  Haurrak eta Nerabeak Indarkeriaren Aurka Erabat Babesteari buruzko 8/2021 Lege Organikoa, edo haurren eta nerabeen arloko autonomia erkidegoko legeria berria. Gainera, zehatz-mehatz deskribatzen du esku hartzeko prozedura osoa, babesgabetasun posiblearen jakinarazpena jasotzen denetik kasua amaitu arte.

Eskuliburuaren ekarpen nagusietako bat, garrantzi berezikoa, udaletako eta foru aldundietako gizarte zerbitzuen arteko koordinazioa indartzea da, batez ere elkarrekin erabakiak hartzeko une kritikoetan. Gainera, arrisku neurritsu, arrisku larriko eta desanparoko egoeretan jarduteko modua gehiago garatzen du, bai eta udaleko gizarte zerbitzuek babesgabetasun egoeretan jardutekoa ere.

Era berean, gehiago azpimarratzen du GOFEren Adingabeen eta Familiaren Arloaren eta haren baliabide nagusien funtzionamenduaren deskribapena, besteak beste, honakoena: familiako esku hartze espezializatua, egoitza harrera eta familia harrera, eta adopzioa. Dokumentuak funtsezko alderdiak ere azpimarratzen ditu, hala nola larrialdi egoeretako jardunbidea eta justiziarekiko edo segurtasun indarrekiko koordinazioa.

Dokumentuak, halaber, azken urteetan hautemandako errealitate berriei erantzutea ahalbidetzen duten protokolo eta irizpide berriak jasotzen ditu, adingabeen eta familien profil konplexuagoetara eta aldatzen dauden gizarte testuinguruetara egokituz.

Sexu indarkeriako kasuetarako irizpide espezifikoak

Berritasun nagusien artean, eskuliburuak jarraibide zehatzagoak jasotzen ditu haurren eta nerabeen aurkako sexu indarkeriako egoerak detektatzeko eta horien aurrean jarduteko. Atal honek kontuan hartu beharreko egoera motak mugatzen ditu, horiek goiz detektatzeko orientabideak ezartzen ditu eta udaleko gizarte zerbitzuen eta GOFEren jardun ildoak definitzen ditu.

Aldi berean, haurren sexu indarkeriaren biktimentzako arreta integraleko eta espezializatuko zerbitzu berriarekin (Barnahus) koordinatzeko prozedurak jasotzen ditu, eta horrek indartu egiten du erakundeen erantzuna larritasun bereziko egoera horien aurrean.

Gorka Urtaran foru diputatuak nabarmendu duenez, eskuliburu hau abian jarrita, “Arabak urrats erabakigarria ematen du haurrak eta nerabeak babesteko sistema hobetzeko, profesionalei tresna komun, zehatz eta eguneratu bat emanez egungo erronkei aurre egiteko. Gida berri bat da, oso beharrezkoa, esku hartze eraginkorragoa, koordinatuagoa eta babesgabetasun egoeran dauden adingabeen beharretara egokituagoa ahalbidetuko duena, eta, horrela, erakundeek haurren eskubideak babestearekin dugun konpromisoa indartuko da”.

Esther Apraiz EUDELeko presidenteak azaldu duenez, “haurrak babesteak familiei gehien behar dutenean laguntzea esan nahi du udalontzat. Haur edo nerabearen ikastetxetik, osasun zerbitzu batetik edo ingurune hurbilenetik udaleko gizarte zerbitzuetara iristen den kontsulta edo kezka batekin hasten da dena. Hortik aurrera, profesionalen funtsezko lan bat jartzen da abian: entzutea, baloratzea eta jardutea, Arabako Foru Aldundiarekin koordinatuta. Eskuliburu honek irizpide partekatuak eta egoera berrietara eguneratuak ematen ditu”.

Bestalde, Lucho Royero Vitoria-Gasteizko Udaleko Gizarte Politiketako zinegotziak adierazi duenez, “haurren eta nerabeen eskubideak urratzen diren egoeretan, ezinbestekoa da modu koordinatuan lan egitea, arreta ez dadin inoiz ahuldu. Udalak denbora, ahalegin eta gaitasun handiko profesionaletan inbertitu du eskuliburu hau egiten laguntzeko, betiere esku hartzea arina izan dadin eta adingabeak eta haien familiak zainduta eta lagunduta senti daitezen”.

Eskuliburua, gainera, etengabe eguneratzeko asmoarekin sortu da; izan ere, formatu elektronikoan argitaratzen da – hemen kontsulta daiteke –, eta erakundearteko jarraipen sistema bat du, hobekuntzak etengabe sartzeko.

Euskadiko Udalen Elkarteak hiru lurraldeetarako eredu harmonizatu bat jarri du tokiko erakundeen eskura, zerga 2027ko urtarrilaren 1ean indarrean jarri aurretik haien ordenantza fiskalak onartzea errazteko.

2026ko ekainaren 12an. EUDELek Egonaldi Turistikoen gaineko Zerga arautzen duen Ordenantza Fiskalaren eredua bidali die Arabako eta Gipuzkoako udalei, udal-zerga berriari buruzko lurralde bakoitzeko Foru Arauak onartu eta berehala. Eredu hori bera izango da Bizkaiko Lurralde Historikoko Ordenantza Fiskalaren oinarria. Ordenantza hori hurrengo egunetan Batzar Nagusietan onartzea aurreikusita dago.

Arabako ordenantza eredua

Bizkaiko ordenantza eredua

Gipuzkoako ordenantza eredua

EUDELek udalei udal-zerga berri hori ezartzen laguntzeko hartutako konpromisoari erantzuten dio ekimenak. Horretarako, tresna tekniko bat eskaintzen du, udal-ordenantza fiskalen izapideak bizkortzeko eta haien aplikazioan segurtasun juridikoa eskaintzeko, hiru lurraldeetan modu homogeneoan.

Elkarteak positibotzat jo du Egonaldi Turistikoen gaineko Zerga arautzen duen Foru Araua onartu izana, EUDELen lortutako akordioak ordezkatzen dituela iritzita. Era berean, arauaren izaera progresiboa nabarmentzen du; izan ere, zerga-ordainketa turismo-ostatuaren modalitateetara egokitzen du, eta lurralde historikoen esparru arautzaileekin harmonizatzen du, Euskadi osoan koherentziaz aplikatzea ahalbidetuz.

EUDELen Batzorde Eragileak eredu hau udalen eskura jartzea erabaki zuen, arlo honetan udal-erabakiak hartzea errazteko asmoz. Testua Elkarteko Zerbitzu Teknikoek egin dute, eta hainbat udaletako Ekonomia eta Ogasuneko teknikariek osatutako lantalde batekin kontrastatu da. Lantalde hori aukeratzeko, kontuan hartu dira bai turismo-errealitateen aniztasuna, bai tokiko politikaren aniztasuna.

Ordenantza fiskalarekin batera, udalek ostatu turistikoen eskura jarri ahal izango dituzten erantzukizunpeko adierazpenen ereduak ere emango dira, ordenantza fiskalak jasotzen dituen salbuespenak justifikatzeko beharrezkoak izango baitira.

Ordenantza-eredua bidaltzearen osagarri, EUDELek zabalkunde- eta akonpainamendu-ekintza batzuk egingo ditu, udal-politikariei eta -teknikariei zuzenduta. Horien artean, lurralde bakoitzean informazio saio bat egingo dute, gai juridiko eta tekniko nagusiak argitzeko eta udaletan zerga behar bezala ezartzea errazteko.

Ordenantzak indarrean jartzea eta onartzea

EUDELek gogorarazi du Egonaldi Turistikoen gaineko Zergak 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera izango dituela ondorioak udalerrietan, data horrek ahalbidetuko baitie udalei beharrezko denbora izatea dagozkien ordenantza fiskalak izapidetu eta onartzeko.

Dagokion ordenantza fiskalaren bidez, udal bakoitzak, osoko bilkuraren erabaki bidez, foru arauak finkatutako tarteen barruan turismo ostatu mota bakoitzari aplikatu beharreko karga-tasak ezarri beharko ditu, eta, era berean, hala badagokio, foru araudian bertan ezarritako baldintzak betetzen dituzten udalerrietarako aurreikusitako hobari edo errekarguak zehaztu beharko ditu.

Era berean, Elkarteak gogorarazi du zerga derrigorrezkoa dela. Horregatik, udal batek 2027ko urtarrilaren 1a baino lehen ordenantza fiskala onartu eta argitaratzen ez badu, automatikoki aplikatuko dira Foru Arauan turismo-establezimendu mota bakoitzerako aurreikusitako gehieneko tasak. Horretarako, ordenantza fiskala onartzeko prozeduraren ondoriozko epeak planifikatzea eta kontuan hartzea komeni da: behin-behineko erabakia, gutxienez 30 laneguneko jendaurreko erakustaldia, behin betiko erabakia, erreklamazioak egitea aurreikusita, eta lurraldeko aldizkari ofizialean osorik argitaratzea.

Zergaren ezaugarri nagusiak

Egonaldi Turistikoen gaineko zerga udal-izaerako berehalako tributua da, eta pertsona fisikoek turismo-ostatuko establezimenduetan egindako egonaldiak zergapetzen ditu, bai eta gurutzaontziek itsas portua duten udalerrietan egindako geldialdietakoak ere.

Subjektu pasiboak egonaldia egiten duten pertsonak izango dira; establezimendu turistikoek, berriz, ordezko gisa jardungo dute, eta zergadunei zerga eskatzeaz eta dagozkien autolikidazioak aurkezteaz arduratuko dira.

Zerga-oinarria zergadun bakoitzak egindako egonaldi jarraituko unitateen kopuruaren arabera zehaztuko da, eta egonaldi bakoitzeko gehienez sei ostatu-gau zenbatuko dira. Tributu-kuota kalkulatzeko, egonaldia egiten den establezimendu turistikoari dagokion karga-tasa aplikatuko da.

Eragindako establezimenduen artean, hotelak, pentsioak, apartamentu turistikoak, kanpinak, nekazalturismoak, landetxeak, aterpetxeak, erabilera turistikoko etxebizitzak eta araudian jasotako beste ostatu mota batzuk daude.

Salbuespenak, hobariak eta errekarguak

Foru Arauak hainbat salbuespen jasotzen ditu kolektibo eta egoera jakin batzuentzat, besteak beste, administrazio publikoek sustatutako gizarte-programen bidez diruz lagundutako egonaldiak, adingabeek, minusbaliotasun edo mendekotasun aitortua duten pertsonek egindakoak, hezkuntza edo osasun arrazoiengatik desplazatutako pertsonak eta ezinbesteko egoeretatik eratorritakoak.

Era berean, udalek zerga-kuotaren % 100erainoko hobaria ezarri ahal izango dute ordenantza fiskalen bidez, udalerriaren ostatu-ahalmenak edo turismo-intentsitateak Foru Arauan ezarritako baldintzak betetzen dituztenean. Turismo-ostatuko establezimenduek ez dute autolikidaziorik aurkeztu beharko hobaria % 100ekoa denean.

Era berean, araudian aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten udalerriek % 50erainoko errekargua onartu ahal izango dute zerga-kuotan.

  • Ekainaren 17tik 19ra, ‘Democracy Week Euskadi’ ekimenaren lehen edizioa egingo da Euskalduna Jauregian, Eusko Jaurlaritzak, EUDELek eta Bilboko Udalak elkarlanean antolatuta.
  • Instituzioetako ordezkariek, gazte hautetsiek eta nazioarteko ahots ezagunek konfiantza publikoa nola indartu aztertuko dute, polarizazio, zarata eta desinformazioko une honetan.
  • Asteko mugarria ostiralean, ekainak 19, 10:30etatik aurrera, izango da, Bilbon ODELL- Demokraziaren Tokiko Defentsarako Europako Behatokia ekimena abian jarriko baita. Ekimen aitzindari hori euskal erakundeek eta Europako Udal eta Eskualdeen Kontseiluak (CEMR) sustatzen dute, tokiko hautetsien lana indartzeko eta udalen “harrobia” bermatzeko.
  • Behatokia Bilboko alkateak, EUDELeko elkarteburuak, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak eta CEMRko idazkari nagusiak aurkeztuko dute.

Bilbo, 2026ko ekainaren 16a.  Ekainaren 17tik 19ra, Democracy Week Euskadi ekimenaren lehen edizioa egingo da, eta, horrenbestez, Bilbo erreferentzia-gune bihurtuko da, demokraziaren etorkizunari buruz eztabaidatzeko eta udalerrien eguneroko bizitzan hura hurbiletik defendatzeko. Instituzioetako ordezkariek, gazte hautetsiek, adituek eta esparru batzuetan —herritarren parte-hartzean eta desinformazioan— eragin handia duten ahotsek elkarrekin hausnartuko dute demokrazia garaikideek gaur egun dituzten erronka nagusiei buruz.

DWE EGITARAUA

«Sostengatzen gaituena sostengatu» lelopean, ekimenak gonbit egingo digu gobernantza demokratikoa higatzen duten arriskuei eta mehatxuei buruz modu kolektiboan hausnartzera, eta elkarrizketa publikoa sustatuko du instituzioekiko konfiantza eta tokiko erakundeen funtsezko rola indartzeko, polarizazioak, desinformazioak eta higadura demokratikoak markatutako une honetan.

Ekitaldi nagusia ekainaren 19an izango da, ODELL-Demokraziaren Tokiko Defentsarako Europako Behatokiaren aurkezpen ofizialarekin. Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluak (CEMR), EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak eta Bilboko Udalak bultzatutako ekimena da. Era berean, proiektuak Eusko Jaurlaritzaren babesa du, Euskadi Local2030 Hub-en esparruan, bai eta Milango Bocconi Unibertsitatearen euskarri zientifikoa ere.

Europako Behatokia sortu da, tokiko komunitateetan kalitate demokratikoa indartzeko eta alkateen eta zinegotzien lana babesteko, gero eta handiagoak diren mehatxuen aurrean: ziberjazarpena, emakume politikoen aurkako indarkeria sexista, gorroto-diskurtsoak eta ordezkari publikoen aurkako larderia-kanpainak, besteak beste.

Joan den abenduan Bruselan aurkeztu ondoren, hemendik aurrera, proiektua hedatzen hasiko da, eta egoitza bikoitza izango du Bilbon (EUDEL) eta Belgikako hiriburuan. Euskal erakundeen helburua Euskadi Europan erreferente gisa kokatzea da, ezagutzaren, jardunbide egokien eta gomendio politikoen arloan, tokiko komunitateak haiei eusten dieten balio demokratikoetatik indartzeko.

Astebete demokraziarentzat

Programazioa ekainaren 17an hasiko da, “Demokraziaren krisia eta gobernantza demokratikoaren etorkizuna” nazioarteko mintegiarekin. Eusko Jaurlaritzako Berrikuntzako Sozialaren eta 2030 Agendaren Zuzendaritzak antolatu du, Arantzazulaben laguntzarekin. Asier Aranbarri eta Naiara Goia zuzendariez gain, nazioarteko erreferentziazko adituek hartuko dute parte sinposioan: José María Lassalle, Zuzenbidearen Filosofiako irakaslea Comillas Unibertsitate Pontifikalean; Johanna Dunaway, Siracusako Unibertsitateko Institute for Democracy, Journalism and Citizenshipeko zuzendaria; Piret Tonurist, ELGAko Berrikuntzako arduraduna; eta Mari Jose Rodríguez, Deustuko Unibertsitateko irakaslea.

Bigarren egunean, ekainaren 18an, “Tokiko politikaren belaunaldi berria” landuko da. EUDELek tailer bat antolatuko du udaletako gazte hautetsiekin, Gazteriaren Euskal Kontseiluarekin lankidetzan. Tokiko parte-hartze politikoa indartzeko oztopoak, jarduteko baldintzak eta erronkak identifikatzea izango du ardatz.

Ekainaren 19an, ODELL-Europako Behatokiaren aurkezpena egingo da. Saioan parte hartuko dute Bilboko alkate Juan Mari Aburtok, EUDELeko elkarteburu Esther Apraizek, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Ander Caballerok eta CEMRko idazkari nagusi Fabrizio Rossik. Gainera, Bilboko Udaleko zinegotzi eta CEMRko bozeramaile Eider Inuntziagak Behatokiaren hurrengo lan-ildoak aurkeztuko ditu.

Bestalde, azken jardunaldi horretan, tokiko ordezkari gazteen topaketaren ondorioak aurkeztuko dira, eta desinformazioari buruzko hitzaldi bat izango da. Alberto Alemanno arduratuko da hitzaldiaz; izan ere, The Good Lobbyren sortzailea, Europar Batasuneko Zuzenbideko irakaslea, eta herritarren parte-hartzearen eta gobernantza demokratikoaren arloko ahotsik ezagunenetakoa da. Gero, solasaldia egingo dute María José Cantalapiedrak, Braulio Gómezek eta Andoni Eizagirrek, zeinak Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU), Deustuko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko ordezkariak diren, hurrenez hurren.

  • Erakunde arteko kanpainak errespetuzko eta segurtasuneko giroa sustatu nahi du, egunez zein gauez
  • Emakundek euskal udal guztietara bidali du material eguneratua, aholku eta baliabideekin

Gasteiz, 2026/06/15

Emakundek, EUDELek eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek ‘Beldur Barik, gau eta egun’ kanpainaren berri eman dute gaur. Kanpaina horren helburua da eraso matxistak prebenitzea eta euskal herrietako jaietan eguneko 24 orduetan errespetu-, askatasun- eta segurtasun-giroa sustatzea.

Ekimena Ajuria Eneko Elkargunean aurkeztu da, eta bertan parte hartu dute Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak, EUDELeko elkarteburu Esther Apraizek, Arabako Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru diputatu Iñaki Gurtubaik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendari Nerea Isasik, eta Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun zuzendari Trinidad L. Vicentek.

Euskal erakundeak elkarlanean aritu dira aurten ere udako jaietako jai-guneetan eraso matxistak prebenitzeko kanpainan. “Jaietan espazio libre eta seguruak eraikitzeko ardura hartu behar dugu, pertsona guztiekiko errespetua bermatzeko”, adierazi du Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak.

Oraingo honetan, ‘Beldur Barik, gau eta egun’ kanpainaren leloak azpimarratu nahi du erasoak gauez ez ezik, eguneko edozein unetan ere gerta daitezkeela. Elgarrestak azpimarratu duenez, “ez dugu jarrera matxistarik onartuko, ez gauez, ez egunez. Indarkeria matxista presente dago oraindik gure gizartean eguneko 24 orduetan, eta hainbat modutan agertzen da: indarkeria sinbolikoa, psikologikoa, fisikoa… “.

Emakundek EAEko udal guztietan banatu diren kanpainako materialak eguneratu ditu. Alde batetik, Beldur Barik gidak jai-inguruetan eraso matxistak identifikatzen eta horiei aurre egiten laguntzeko tresnak eskaintzen ditu. Argitalpen horren osagarri, dekalogo bat egin da, eraso matxista bat ikusi edo biktima izanez gero aholku eta baliabideekin.

Miren Elgarrestak eskertu egin du udal askok jai-gune seguruak sustatzen egindako ahalegina: “Herri askotan aurrerapauso garrantzitsuak eman dira sentsibilizazioan, baina behin eta berriz esan behar dugu ez jaiak ez alkoholak ez dutela eraso matxista justifikatzen”.

Esther Apraiz EUDELeko elkareburuak nabarmendu du udalek urtean zehar lan egiten dutela jai seguruak, berdintasunezkoak eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabekoak diseinatzeko, konpartsekin, ostalaritzarekin eta mugimendu feministarekin koordinatuta. Halaber, edozein erasoren aurrean “beste alde batera ez begiratzeko” deia egin die herritarrei, eta arduraz eta konpromiso kolektiboz jokatzeko eskatu die. “Jaiak 24 orduz bizitzen badira, berdintasuna ere bai”, azpimarratu du.

Iñaki Gurtubai Arabako Foru Aldundiko Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako diputatuak adierazi duenez, uda honetako leloa “festa seguruak uneoro eraikitzeko deia da, eguneko lehen ekitalditik gaueko azkeneraino. Jaiek emakumeentzako gune seguruak izan behar dute, askatasunean dauden espazioak. Hori kontuan hartu behar da jaiak planifikatzen eta antolatzen diren une beretik “.

Kanpainak presentzia izango du sare sozialetan eta irratietan, euskal gazterian zuzenean eragiteko. Materialak esteka honetan deskarga daitezke.

Gobernantza demokratikoa tokiko mailan indartzeko moduari buruzko eztabaida politikoan parte hartuko du gaur Esther Apraiz elkarteburuak

Rovaniemi (Finlandia), 2026ko ekainaren 4a. Esther Apraiz EUDELeko elkarteburu eta Derioko alkateak CEMR-Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluko liderren goi-bileran parte hartuko du gaur eta bihar, ehun arduradun politiko inguru Rovaniemi hirian elkartuta, erakunde demokratikoek Europan dituzten erronka handiei aurre egitea helburu dutela. Bihar, ostirala, Bilboko Udaleko zinegotzi Eider Inuntziagak CGLU-Hirien eta Tokiko Gobernuen munduko sarearen panelean parte hartuko du, CEMRko Tokiko Demokraziaren bozeramaile moduan.

EUDELek eta Bilboko Udalak goi-bilera honetan parte hartzearekin, indartu egingo da EAEko udalerriek Europaren eraikuntzarekin eta tokiko gobernantza sendo, berritzaile eta hurbilekoarekin duten konpromisoa; izan ere, aktiboki esku hartuko du tokiko politiken etorkizuna Europan eta nazioartean markatuko duten eztabaidetan.

CEMRren 75. urteurrenaren baitan, goi-bileran, bi jardunalditan zehar, ziurgabetasuna, gizarte-eraldaketak, klima-erronkak eta herritarrek erakunde demokratikoeekiko konfiantza indartzeko beharrak eragindako testuinguruan, tokiko gobernuek duten zeregina aztertuko dute.

Gaurko saio nagusia arratsaldean izango da, izenburutzat hartuta “Prospektiba eta prestakuntza: gobernantza demokratikoa indartzea”. Eztabaida politikoaren ardatza izango da tokiko gobernuek arriskuei aurrea nola hartu, erakundeen arteko koordinazioa nola indartu eta herritarrekiko hurbil dauden zerbitzu publiko sendoak izatea nola bermatu.

CEMRko batzorde politikoko kidea den EUDELeko elkarteburuak Suediako, Portugalgo edo/eta Estoniako udal-ordezkariekin parte hartuko du eztabaida horretan. Saioari hasiera emateko hitza hartuko du Finlandiako lehen ministrordea izandako Katri Kulmuni eurodiputatuak, eta, besteak beste, gai hauek jorratuko ditu: krisien aurreko prestakuntza, udal-politiken plangintza, zibersegurtasuna, gizarte-kohesioa eta herritarren parte-hartzea.

Esther Apraizen esanetan, “egungo erronkak aintzat hartuta, hala nola etxebizitzaren krisia, aldaketa demografikoa, larrialdi klimatikoa edo desinformazioa, hobeto prestatutako tokiko erakundeak behar dira, herritarrekin elkartuagoak eta elkarlanean aritzeko gai direnak. Etorkizuneko gobernantza demokratikoa gure hiri eta udalerrietan eraikitzen da orain”.

Beste hainbestean, EUDELeko elkarteburuak nabarmendu duenez, “Europak udalak behar ditu bazkide estrategiko moduan. Gu gara politika publikoak pertsonentzako emaitza jakin bihurtzen ditugunak, eta konfiantza demokratikoari hurbiletik sostengatzen diogunak”.

Bilbo, CGLUn

Goi-bileraren bigarren egunean ere protagonista izango da euskal ordezkaritza. Bilboko Udaleko zinegotzi Eider Inuntziagak, CEMRko Tokiko Demokraziaren egungo bozeramailea den heinean, CGLU-Hiri eta Tokiko Gobernu Batuen etorkizunari buruzko eztabaida politikoan parte hartuko du ostiralean. Europako, Afrikako, Asia-Pazifikoko eta Ekialde Ertaineko udal-arduradunak izango dira bilkuran, eta ikuspuntuak trukatuko dituzte tokiko gobernantza globalaren erronkak eta erakundearen lehentasunak jorratzeko, Tangerren izango den hurrengo Mundu Batzarrari begira. Parte-hartzaileen artean honakoak izango dira: Emilia Saiz, CGLUko idazkari nagusia; Jan van Zanen, Hagako alkatea; Fatiha El Moudni,  Rabateko alkatea; Wang Xiankun, Shijiazhuangeko alkatea, eta Ibrahim Ugur Altay, Konyako alkatea. 

CEMRko Liderren Goi Bilerari buruz

Udalerrien eta eskualdeen ordezkaritzako Europako erakunde handiena da Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseilua, 41 herrialdetako 130.000 toki-erakundetik gora biltzen baititu. Tokiko autonomia defendatzea eta Europan kohesioa eta demokrazia sustatzea du eginkizun.

Tokiko Liderren Goi Bileran, CEMRko gobernu organu gorena den Batzorde Politikoko 150 kideak elkartuko dira ekainaren 4an eta 5ean, Rovaniemin. Prestakuntza, erresilientzia eta indartze demokratikoa goiburu izanda, Europako tokiko gobernuen etorkizunerako gai estrategikoak jorratuko dituzte topaketan, bai eta Europar Batasunaren hurrengo Urte Anitzeko Finantza Esparrua eta hirien eta eskualdeen arteko nazioarteko lankidetza ere.

  • Negoziazio Mahaia akordio berriarekin (2026-2032) ari da lanean, eta Euskadiko toki-esparruko 23.000 langile publikoen lan-baldintzak arautuko ditu.
  • Proposamen instituzionalak 90 neurri ditu, arau- eta gizarte-aldaketekin bat datozenak. Hobekuntzak ditu ordainsarietan, lanaldi-murrizketan, kontziliazioan, edo soldata-estaldura bajetan; eta berrikuntzak, berriz, telelanean, deskonexio digitalean, mugikortasun jasangarrian, euskara, berdintasunean, aniztasunean eta belaunaldi-erreleboan.

Bilbo, 2026ko maiatzaren 29a. Gaur, maiatzaren 29an (ostirala), EUDELen egoitzan, negoziazio-mahai berri bat bildu da, Udalhitz Akordio Arautzailea eguneratzen aurrera egiteko, hala udal-funtzionarioei, nola lan-kontratudunei dagokienez. Euskadiko udalen ordezkaritza instituzionalak proposamen integral bat aurkeztu die ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuei, toki erakundeetako langileen lan-baldintzak hobetzeko. EUDELek espero du dokumentu hori oinarria izatea akordio bat lortzeko, eta, horrela, hurrengo agintaldiari begira, EAEko 23.000 udal-langile publikoren baino gehiagoren erreferentziazko hitzarmena berritu ahal izateko.

Udalen ordezkariek egindako proposamena urte eta erdi baino gehiagoko lanaren eta 12 negoziazio-mahairen emaitza da. Dokumentuak proposatzen du 2008-2010etik indarrean dagoen hitzarmen kolektiboa sakon eguneratzea, tokiko administrazioak gizarte-, lan- eta antolaketa-arloko erronka berrietara egokitzeko.

Testuak 90 hobekuntza-neurri inguru ditu, bost eremu handitan banatuta: soldatak eta ordainsariak, lizentziak eta kontziliazioa, berdintasuna eta telelana, lan-osasuna, karrera profesionala eta lanaldia, eta plantillak gaztetzea. Gainera, proposamenak planteatzen du hitzarmeneko hogei bat artikulu eguneratzea, gizarte-, familia- eta lan-errealitate berrietara egokitzeko.

EUDELek nabarmendu du bere proposamena elkarrizketa sozialaren eta “entzuketa aktiboko” prozesu baten emaitza dela. Egungo udal-agintaldiaren hasieratik udalekin eta beste instituzio batzuekin egin du entzuketa. Helburua hirukoitza da: langile publikoen lan-baldintzak hobetzea, tokiko erakundeen eraginkortasuna indartzea eta aurrera egitea herritarrei ematen zaizkien zerbitzu publikoen kalitatean.

Era berean, EUDELek proposatzen du Udalhitz berriaren indarraldia 2026-2032 aldirako luzatzea. Horrela, egonkortasuna eta segurtasun juridikoa bermatu, eta behar adina denbora utzi nahi du neurri berriak EAEko 252 udaletan eta gainerako toki-entitateetan ezartzeko.

Soldatak eta ordainsariak

Soldatei dagokienez, proposamenak 2025eko apirilean EUDELek eta sindikatuek sinatutako Protokolo Eratzailean lortutako konpromisoa jasotzen du. Zehazki, aurreikuspena dago hurrengo bost urteetan urtean %1eko funts gehigarri bat sortzeko –%5eko gehieneko metatura arte–, erosteko ahalmenaren galera konpentsatzeko. Funts horrek balioko du Estatuko oinarrizko araudiaren ondoriozko igoerak osatzeko, 2026an %1,5ekoa izan baita.

Udal-gobernuek formula desberdinak erabili ahal izango dituzte funtsa aplikatzeko, adibidez, lanpostuen balorazioen, karrera profesionaleko planen eta/edo jardunaren ebaluazioen bidez.

Lanaldiaren murrizketa, kontziliazioa eta estaldura osoa laneko bajagatik

EUDELen proposamenak hobekuntza garrantzitsuak ditu lanaldiari eta kontziliazioari dagokienez ere. Lanaldiaren arloan, proposamenak urteko benetako presentziaren 45 orduko murrizketa jasotzen du, eta urteko 1.547 orduko gehieneko lanaldia finkatzen du.

Lan-osasunaren arloan, ordainsarien %100eko estaldura sartzen da aldi baterako ezintasun aldi osoan, bai eta plan espezifikoak arrisku psikosozialak eta ergonomikoak prebenitzeko.

Gainera, EUDELek proposatzen du hobekuntzak egitea Udalhitz akordioaren Lizentzia eta Baimenen kapituluko 20 artikulutan, lana eta familia bateragarri egiteko, artikuluetan jasotako kasuetan.

Telelana, deskonexio digitala eta modernizazioa bultzatzea

EUDELen proposamenak indarrean dagoen hitzarmenean orain arte jaso ez diren neurriak sartzen ditu, hala nola telelana arautzea eta deskonexio digitalerako eskubidea onartzea.

Trantsizio ekosozialari eta mugikortasun jasangarriari lotutako ekimenak sartzen dira, baita ingurumeneko ordezkari sindikalaren figura sortzea ere. Antolaketaren arloan, programak jaso dira plantillak gaztetzeko eta ezagutza transferitzeko belaunaldien arteko erreleborako, hainbat formularekin. Era berean, apustu handiagoa egiten da zerbitzu publikoen kudeaketa zuzenaren alde eta behin-behinekotasuna murrizteko bermeak indartzeko.

Euskara, berdintasuna eta aniztasuna

Era berean, proposamenak berdintasun-politikak bultzatzen ditu, neurri zehatz eta ebaluagarriekin, eta berariaz onartzen dira LGTBI eta trans kolektiboaren eskubideak.

Negoziazio-prozesu honek balio izan du, halaber, Euskadiko tokiko administrazioetako hizkuntza-ereduari eta euskararen presentziari eta erabilerari buruzko eztabaida sakona abiarazteko, eta, horretarako, egungo errealitatea gainditzen saiatzen diren hainbat alternatiba planteatu dira.

  • Akordioak udal euskaltegien finantzazio-sistema eguneratu, egonkortasuna indartu eta udalei plangintza egiteko gaitasun handiagoa emango die
  • Ibone Bengoetxea lehendakariordea: “Euskararen erabileran jauzia eman nahi badugu, doakotasun-politikak ez ezik, euskaltegi sare sendo eta egonkorra ere behar dugu”
  • EUDELeko elkarteburu Esther Apraiz: “Akordio honek milaka herritarrentzat funtsezkoa eta hurbila den zerbitzu baten finantzaketa blindatzea ahalbidetzen du”.

Vitoria-Gasteiz 2026-05-25

Eusko Jaurlaritzak eta EUDELek udal euskaltegien finantzazio-sistema berria adostu dute. Bi erakundeek lehen aldiz lortu dute udal euskaltegien finantzazioari egonkortasuna eta epe luzerako ikuspegia emango dion akordioa, Udal Legean jatorria duena. Sistema berriak orain arte indarrean egon den eredua eguneratuko du, kudeaketa administratiboa sinplifikatuko du eta udalen zein euskaltegien plangintza-gaitasuna indartuko du.

Akordioaren aurkezpena gaur goizean egin da Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzan. Bertan parte hartu dute Ibone Bengoetxea lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak; Esther Apraiz EUDELeko elkarteburuak eta Derioko alkateak; Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkateak (EAJ/PNV); Iñaki Olalde Oñatiko zinegotziak (EH BILDU); eta Jon Ugarte Irungo alkateordeak (PSE-EE). Halaber, bertan izan dira HABEko zuzendaria, Jokin Azkue, eta EUDELeko zuzendaria, Joseba Intxausti ere. Agerraldian azpimarratu da akordioak duen balioa eta euskararen inguruan lankidetza instituzionalerako eta herri ikuspegia partekatzeko dagoen gaitasuna.

Ibone Bengoetxea lehendakariordeak nabarmendu du gaur aurkeztutako akordioa “ez dela neurri isolatu bat”, baizik eta Eusko Jaurlaritzak JAUZIA GARA estrategiaren barruan helduen euskalduntzearen sisteman bultzatzen ari den eraldaketa zabalago baten parte dela. “Euskararen erabilera sozialean jauzi kualitatiboa eman nahi dugu eta, horretarako, lehentasunezko esparru bat dago: ezagutza eta hizkuntza-gaitasuna”, adierazi du. Ildo horretan, azpimarratu du “euskararen erabileran jauzia eman nahi badugu, doakotasun-politikak ez ezik, euskaltegi sare sendo eta egonkorra ere behar dugula”.

EUDELeko elkarteburuak, Esther Apraizek, euskal udalen aldarrikapen historiko bati erantzuteko erakundeen arteko lankidetza azpimarratu du eta udal sentsibilitate ezberdinen artean lortutako adostasunari balioa eman dio: “Gaur funtsezko urratsa ematen dugu udal euskaltegien finantziazioa blindatzeko eta milaka herritarrentzat funtsezko eta hurbileko zerbitzu publiko gisa sendotzeko”. Era berean, azpimarratu du akordioak hizkuntza eskubideak, gizarte kohesioa eta aukera berdintasuna indartzen dituela euskal udalerrietan.
Udal-ordezkariak bat etorri dira udalen eta ikastetxeen finantza-egonkortasunerako eta plangintza-gaitasunerako konpromiso bateratuan. Euskaltegi publikoek komunitatearen bizitzan duten garrantzia ere defendatu dute, baita udalerri guztietan euskararako sarbidea bermatzeko ere.

Aurkezpenean parte hartu duten udal ordezkariek akordioak udal euskaltegien egonkortasuna indartzeko, epe luzerako plangintza errazteko eta milaka herritarrentzat gertukoa eta funtsezkoa den zerbitzua sendotzeko duen garrantzia azpimarratu dute

Finantzazio-sistema berria udal euskaltegientzat

HABEren eta EUDELen arteko akordioak udal euskaltegien finantzazio-sistema berria ezarriko du 2026-2027 ikasturtetik aurrera, eta hasiera batean lau ikasturterako indarraldia izango du. Sistema berriak irakasleen kostuetan eta antzinatasunean oinarritutako aurreko eredua ordezkatuko du, jarduera-unitateetan eta emandako eskolorduetan oinarritutako sistema sinplifikatuago eta homogeneoago baten bidez.

Helburua udal euskaltegien finantza-egonkortasuna indartzea, kudeaketa administratiboa erraztea eta sistema euskaltegien gaur egungo errealitatera egokitzea da. Gainera, akordioak trantsizio-neurriak aurreikusten ditu, sistema-aldaketaren ondorioz kaltetuak izan daitezkeen euskaltegiek galerarik izan ez dezaten.

Eusko Jaurlaritzak handitu egingo du udal euskaltegietara bideratutako finantzazioa: 2025-2026 ikasturteko 14,1 milioi euroetatik 2026-2027 ikasturtean 15,1 milioi eurora igaroko da. Horrek %7tik gorako igoera ekarriko du.

Gaur egun, 38 udal euskaltegiek ia 9.000 ikasleri ematen diete zerbitzua, eta bostehun bat profesionalek egiten dute lan sare honetan. Guztira, euskaltegi publiko eta pribatuen sareak 35.000 ikasletik gora biltzen ditu Euskadin.

Akordioak, gainera, matrikulazio-kanpaina bateratuak egitea eta HABEren eta EUDELen arteko jarraipen-batzorde bat sortzea aurreikusten du, udal euskaltegien etorkizuneko beharrei erantzuteko eta bi erakundeen arteko koordinazioa indartzen jarraitzeko.

JAUZIA GARA eta ezagutzaren esparrua

Gaur aurkeztutako akordioa Eusko Jaurlaritzak bultzatutako JAUZIA GARA estrategiaren baitan kokatzen da. Estrategiaren helburua euskararen erabilera sozialean jauzi kualitatiboa sustatzea da.

Estrategia horren barruan, lehentasunezko esparruetako bat ezagutza eta hizkuntza-gaitasuna dira. Eusko Jaurlaritzaren helburua da gero eta pertsona gehiagok euskara ikastea eta, batez ere, gero eta pertsona gehiago euskaraz moldatzeko gai izatea eguneroko bizitzan.

Azken urteotan, Eusko Jaurlaritzak hainbat doakotasun-politika bultzatu ditu euskara ikasteko oztopo ekonomikoak murrizteko. Eta datuek erakusten dute politika horiek emaitzak ematen ari direla. Horren adibide da A1 mailaren doakotasuna: neurri hori martxan jarri ondoren, A1 maila gainditu dutenen kopurua 1.963tik 2.831ra igo zen ikasturte bakarrean. Hau da, %44ko hazkundea eta ia 900 ikasle gehiago euskararen lehen mailara hurbilduta.

Testuinguru berean kokatzen da Eusko Jaurlaritzak duela gutxi aurkeztu duen Euskara Bonua ekimena ere. Proposamen horren bidez, euskaltegietara gerturatzea ez ezik, ikasketa-prozesuan jarraitzea eta erabilerarako benetako gaitasuna eskuratzea ere sustatu nahi da.

Era berean, Eusko Jaurlaritza euskaltegi pribatuen etorkizuneko ituntze-sistema prestatzen ari da dagoeneko, helduen euskalduntzearen sare osoari egonkortasun handiagoa emateko eta herritarrei kalitatezko zerbitzua bermatzeko helburuarekin.