Eudel

Berriak

Sailetako Albisteak

Azken berriak

  • Gaur aurkeztutako gidak bide-orri praktiko, ireki eta malgu bat eskaintzen die udalerriei, tokiko zainketa-politikak erantzukidetasunetik, komunitatetik eta feminismotik sustatzeko.
  • Esther Apraiz: “Zainketen erronka globala eguneroko errealitate bat da gure udalerrietan, eta udalok eraldaketaren buru izan nahi dugu”
  • Zaintzaren arloari lotutako tokiko 153 erakunderekin eta profesionalekin egindako hiru urteko talde-lanaren emaitza da proiektua.

Bilbon, 2026ko maiatzaren 20an. EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak “Tokiko erakundeetan zaintza-lanak feminismotik demokratizatzeko gida” aurkeztu du gaur. Tresna estrategiko horrek indartu egiten du udalek herritarrengandik hurbilen dagoen esparrutik zainketen erronkari erantzuteko duten funtsezko zeregina.

Zainketen antolaketa sozial justuago, erantzukideago eta jasangarriago baterantz aurrera egitea planteatzen du gidak, ikuspegi feministarekin eta komunitatearen inplikazio aktiboarekin, auzolanaren balioa indartuz.

Dokumentuak ikuspegien eta araudien lehen zati kontzeptual bat jasotzen du, baita egungo zaintza-erregimenaren eta haren egiturazko arazoen azterketa kritiko bat ere. Bigarren zatian, udalerrietarako ibilbide-orria proposatzen da: bost fase toki-eraldaketako prozesuak hasteko, eta benetako jardunbide egokien 35 adibide.

Ekimen honen helburua udalak zainketen gizarte antolaketa berri batean orientatzea da, hiru gakotatik abiatuta: ikuspegi feminista, tokian tokiko errotzea, eta zerbitzu publikoen eta zainketen sare komunitarioen artikulazioa.

Esther Apraiz elkarteburu eta Derioko alkateak udalek premiazko erronka honen aurrean duten funtsezko zeregina azpimarratu du: “Zainketen krisia jada ez da eztabaida teoriko bat; eguneroko errealitate bat da gure udalerrietan. Gida honekin, udalek iparrorratz bat dugu historikoki emakumeek mantendu duten eredu ikusezin batetik erantzukidetasunean oinarritutako beste eredu batera igarotzeko, non zaintzea erantzukizun kolektibo bat izango den eta ez zama indibidual bat”.

Gidako esperientzia aintzidarien artean, Amurrioko, Hernaniko eta Portugaleteko udalak daude, zeinak erreferenteak baitira zaintzaren arloan politika berritzaileak sustatzen dituztelako. Maria Jose Blanco Portugaleteko alkateak, Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak eta Itsaso Lekuona Hernaniko alkateordeak euren esperientziak eta ikaskuntzak aurkeztu dituzte.

Hiru urteko elkarlana

2022an, EUDELek Emagin elkartearen laguntza adituarekin abiatu zuen proiektu aitzindari hori. Hiru urtez, udalekin eta eragile espezializatuekin partekatutako diagnostiko-, kontraste- eta eraikuntza-prozesu bat garatu da.

Lan horretan parte hartu dute berdintasuneko eta gizarte-zerbitzuetako udal teknikariek, etxeko langileen kooperatibek, sindikatuek, hirugarren sektoreko erakundeek eta adinekoen elkarte komunitarioek, desgaitasunak dituzten pertsonek, bai eta gai horretan adituak diren eta zainketen gizarte-antolaketarako modu berriekin konprometituta dauden pertsonek ere.

2023tik 2025era bitartean, proiektuak, gainera, Euskadiko 153 toki-erakunderen —udalak, mankomunitateak eta kuadrillak— errealitatea mapatzeko aukera eman du, eta lehendik zeuden baliabideak eta dagoeneko bidea markatzen ari diren esperientzia eraldatzaileak identifikatu dira.

Bost ekintza-lerro eta 35 praktika jarduteko

“Errealitate honek gizarte osoa interpelatzen du”, adierazi du Esther Apraizek. “Udalok gure gain hartzen dugu zainketen antolaketa sozial eraginkorrago, iraunkorrago eta gure garaiari egokituago baten buru izateko erronka”.

EUDELek bide horri herritarrekin eta ehun sozial eta asoziatiboarekin batera ausardiaz ekitera animatzen ditu udalerriak. Konpromiso politikoaz gain (osoko bilkuren akordioak, ordenantzak, aurrekontuak…), udal arlo guztien arteko koordinazioaren eta udalaren eta eragile instituzional eta sozialen arteko lankidetzaren beharra nabarmentzen da.

Gidak ibilbide-orri malgu bat proposatzen du, udalerri bakoitzak bere errealitatera egokitu ahal izateko, bost jarduketa-ildo nagusiren bidez:

  1. Zaintzarako egitura publikoak-komunitarioak sustatu

Zainketetarako tokiko mahaiak sortzea, lehen mailako arreta indartzea (“leihatila bakarra”) eta zainketen zeharkakotasuna udal-politiketan.

  1. Zaintzaren balio soziala aitortzeko sentsibilizatu eta trebatu

Arduradun politikoei, teknikariei, zaintzaileei, gazteei eta gizonei zuzendutako prestakuntza, erantzunkidetasuna sustatzeko.

  1. Sare komunitarioak aktibatu, zainketak birbanatzeko

Belaunaldien arteko ekipamenduak, “saltoki zaintzaileen” sarea beharren antena gisa, auzo-sareak, denbora-bankuak eta auzolana.

  1. Zaintzen dutenen bizi eta lan baldintzak hobetu

Zaintzarako kooperatibak, laguntza publikoak eta baliabideak handitu, migratzaileei harrera egin eta familia-erantzunkidetasunerako bitartekotza-programak.

  1. Arreta pertsonalizatu eta baliabideak eskuratzea erraztu

Arreta-baliabideen koordinazioa, autonomia pertsonalerako zerbitzuak, garraio publiko irisgarria, irakurketa erraza eta sinplifikazio administratiboa.

EUDELek horiek udalerrietan ezartzen lagunduko du, sarean lan eginez, prestakuntza espezifikoa emanez eta herritarrekin, elkarteekin eta hirugarren sektorearekin batera gogoeta egiteko eta parte hartzeko tokiko guneak sortzen lagunduz.

“Eraldaketa orok denbora, konpromisoa eta borondate partekatua behar ditu. Baina aldaketa lehen urrats batekin hasten da beti”, esan du Esther Apraiz elkarteburuak.

Erronka sozial atzeraezina

Zaintzak birpentsatu beharra funtsezkoa izan da mugimendu feministaren agendan 2018ko grebez eta mobilizazioez geroztik. Pandemiaren ondoren, zainketen krisiak are garrantzi publiko handiagoa hartu zuen, agerian geratu baitzen egungo eredua akituta dagoela biztanleen zaintza-beharren hazkundeari eta konplexutasunari erantzuteko.

Horri errealitate iraunkor bat gehitzen zaio: zainketen “hiperfeminizazioa” eta “arrazializazioa”. Gidak adierazten duenez, Euskadin, zaintzagatiko eszedentzien % 84 eta etxeko zerbitzuko enpleguaren % 90 baino gehiago emakumeenak dira; horietako asko migratuak dira, eta, kasu askotan, zaurgarritasun-egoeran daude.

Gainera, Lanaren Nazioarteko Erakundearen arabera, azken hiru urteetan, emakumeen % 7,3k lana eten du familia eta lana uztartzeko arrazoiak direla-eta, eta gizonen kasuan, berriz, % 1,5ek. Horrek erakusten du zaintza-arduren banaketa ez dela orekatua.

Honekin batera bigarren Lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko Sailburuaren Agindua, 2026ko apirilaren 23rako, maiatzaren 14rako eta ekainaren 4rako deitutako grebetan EAEko Udaletxeetan gizarteari eman behar zaizkion funtsezko zerbitzuak mantenduko direla bermatzen duena, jakinaren gainean egon zaitezen eta dagozkion ondorioak izan ditzan.

ZERBITZU MINIMOEN AGINDUA

Ezohiko erregularizazio-prozesuari buruzko informazio eta baliabide guztiak webgune hauetan daude eskuragarri:

1990eko maiatzaren 17an, Osasunaren Mundu Erakundea-k (OME) homosexualitatea buruko gaixotasunen zerrendatik ezabatu zuen. Mugarri garrantzitsua izan zen, izan ere, LGTBI pertsonen eskubideen aitortzan urrats erabakigarria ekarri zuen. 2005etik, egun hau LGTBIfobiaren aurkako borrokarako eguna bihurtu da. Urte hauetan, hainbat aurrerapen egin dira lege- eta gizarte-esparruetan, eta horren ondorioz, babes handiagoa eta aitortza handiagoa eman zaio sexu- eta genero-aniztasunak dakarren aberastasunari.

Ikuspegik argitaratutako azken inkestan (“Diskriminazioaren inguruko pertzepzioak eta jarrerak Euskadin (EPADE) 2025”) islatzen da euskal herritarrek aniztasunaren aldeko jarrera dutela gehienbat. Zehazki, EAEko pertsonen % 77,8k dio nahiago duela askotariko gizarte batean bizi. Hala ere, aurrerapen horiek oraindik ere kezkagarriak diren errealitateekin talka egiten dute. Azken datuek erakusten dute diskriminazioak bere horretan dirauela. Zehazki, Euskadin, biztanleen %15 inguruk adierazi du azken urtean diskriminazioren bat pairatu duela. Egoera horien %76 baino gehiago ez dira salatzen, eta horrek zuzenean eragiten die LGTBI pertsonei.

Zenbait kolektibok, hala nola trans pertsonek, lesbianek, adinekoek, pertsona arrazializatuek edo desgaituek, zailtasun handiagoak dituzte oraindik askatasunez eta berdintasunez bizitzeko. Kasu askotan, gainera, egoera horiek areagotu egiten dira diskriminazio-faktore desberdinen konbinazioaren ondorioz. Errealitate horien aurrean, erantzun espezifikoak eta egokituak eman behar dira. Azken urteotan gorroto-diskurtsoek eta espazio publikoetan gertatzen ari diren erasoek gora egin dute, eta horrek agerian uzten du, urratsak ematen ari diren arren, benetako berdintasuna oraindik ez dela lortu.

LGTBI pertsonen eskubideak defendatzea giza eskubideak defendatzea da. Aniztasuna bermatzea, diskriminazioari aurre egitea eta ingurune seguru eta errespetuzkoak eraikitzea da. Izan ere, gizarte bidezkoago, anitzago, inklusiboago eta berdinzaleago bat eraiki ahal izateko, ezinbestekoa da pertsona oro askatasunez, ikusgarritasunez eta eskubide guztiekin bizitzea.

Eusko Jaurlaritzak beste behin berretsi du pertsona guztien eskubideen defentsarekiko duen konpromiso irmoa, salbuespenik gabe. Horretarako, politika publikoak garatzen eta ezartzen ari da; ERABEREAN Sarea sendotzen; eta Berdindu Zerbitzua bezalako zerbitzuak indartzen. Helburua da LGTBI-fobiari modu egituratuan aurre egitea.

 Maiatzak 17

LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Egunaren
adierazpen instituzionala

1990eko maiatzaren 17an, OMEk,
Osasunaren Mundu Erakundeak,
homosexualitatea gaixotasun mentalen
zerrendatik atera zuen.
Oso urrats garrantzitsua izan zen
LGTBI pertsonen eskubideak aintzatesteko.

2005etik, egun honetan
LGTBIfobiaren aurka borrokatzen da,
hau da, LGTBI pertsonen aurkako
arbuioaren edo diskriminazioaren aurka.

Urte hauetan aurrerapausoak eman dira
legeetan eta gizartean.
Orain babes eta onarpen handiagoa dago
sexu- eta genero-aniztasunarekiko.

Ikuspegiren inkesta baten arabera,
Euskadiko pertsona askok positiboki baloratzen dute
gizarte anitz batean bizitzea.
Adibidez, 10 pertsonatik ia 8k
diote nahiago dutela
dibertsitatea duen gizarte batean bizi.

Baina oraindik arazoak daude.
Euskadin, biztanleriaren ia % 15ek dio
diskriminazioa jasan duela azken urtean.
Gainera, 10 kasutik 7 baino gehiago ez dira salatzen.
Horrek LGTBI pertsonei ere eragiten die.

Hainbat taldek zailtasun gehiago dituzte,
adibidez, trans pertsonek, lesbianek,
adinekoek, pertsona arrazionalizatuek
eta desgaitasunen bat duten pertsonek.

Batzuetan, pertsona horiek
hainbat diskriminazio mota jasaten dituzte aldi berean.
Leku publikoetako gorroto-diskurtsoak
eta erasoak ere ugaritu egin dira.

Horrek erakusten du oraindik
ez dela benetako berdintasuna lortu.

LGTBI pertsonen eskubideak defendatzeak
giza eskubideak defendatzea esan nahi du.
Horrek esan nahi du aniztasuna errespetatzea,
diskriminazioaren aurka borrokatzea
eta espazio seguruak eta errespetuzkoak sortzea.

Gizarte justu eta berdinzalea bakarrik da posible
guztiok aske, ikusgarri eta eskubide berberekin bizi bagaitezke.

Eusko Jaurlaritzak pertsona guztien eskubideak
defendatzeko konpromisoari eusten dio.
Horretarako, ERABEREAN Sarea eta Berdindu bezalako
politika publikoak eta zerbitzuak bultzatzen jarraitzen du,
LGTBIfobiaren aurka borrokatzeko.

LGTBIfobia: LGTBI kolektiboko pertsonekiko
arbuioa, diskriminazioa edo gorrotoa.

LGTBI Lesbiana, Gay, Trans, Bisexual

eta Intersexualen siglak dira.

Trans pertsonak: Transexual eta transgenero pertsonak.

Sexu- eta genero-aniztasuna: sexu- eta genero-identitate desberdinak,
hau da, pertsona batek bere burua, gorputza edo ezaugarriak
nola ikusten edo sentitzen dituen.
Pertsona batzuk gizon jaio eta emakume sentitzen dira,
beste batzuk emakume jaioeta gizon sentitzen dira,
eta beste batzuk ez dira ez gizon ez emakume sentitzen.

  • Gida tresna baliagarria da udalek eta erakundeek egunero, eta harreman-gune guztietan, hala nola aisialdian, kirolean eta kulturan, hizkuntzaren erabilera sustatzeko.

EUDELek euskal udalen esku jarri du “Euskaraz eskaintzetik, erabilera sustatzera” Gida. Tresna praktiko berri honen helburua da udalerriei beren tokiko estrategiak diseinatzen eta garatzen laguntzea, haurrek eta nerabeek eskolatik kanpo euskaraz hitz egin dezaten, sozializazio-gune desberdinetan, hala nola aisialdian, kirolean edo kulturan.

Euskararen sustapenean jauzi kualitatiboa eman nahi dute euskal udalek: haurrek eta nerabeek egunero hizkuntza modu aktiboan erabiltzea lortu nahi dute. Eta, horretarako, ez da nahikoa euskarazko jarduerak programatzea; erabilera erreal eta esanguratsu baterako diseinatu behar dira. Hori da EUDELek aurkeztutako gida berriaren helburua; izan ere, gomendio eta estrategia erabilgarriak eskaintzen dizkie udal-teknikariei eta jarduera kudeatzen duten erakundeei eta elkarteei. Hainbat testuingurutara (kanpamentuak, ludotekak, kirol- edo kultura-jarduerak) egokitutako adibideak ditu.

Ekimen horien eragina, neurri handi batean, udaletako teknikarien, erakunde kudeatzaileen eta hezitzaileen arteko lankidetzaren mende dago. Hori dela eta, gidak prozesu egituratu bat proposatzen du, hasierako diagnostikotik amaierako ebaluaziora, helburuen definiziotik eta estrategiaren aplikaziotik pasatuz.

Jarduerak hasieratik diseinatu behar dira helburu horrekin, kontratazio-orrietan, familientzako komunikazioetan eta enpresekin edo/eta elkarteekin eduki beharreko koordinazioan ere txertatuz. Berritasun gisa, gidak tresna telematiko bat du, euskararen erabilerak jardueretan duen bilakaeraren jarraipen erraza egiteko, erabakiak hartzea eta etengabe hobetzea erraztuz.

Informazio gehiago:

Gida osoa eta segimendua egiteko tresna hemen daude:

GIDA-WEBGUNEKO BALIABIDEAK

Udalentzako gidaren aurkezpenaren bideoa (2026/05/11 webinarra)

  • Gizonduz, berdintasunaren aldeko gizonekin eta maskulinitateekin lan egiteko zerbitzuaren eskutik, euskal udalerrietako teknikariei eta politikariei prestakuntza eman zaie
  • Saio horiek Berdinsarearen gainerako sentsibilizazio-ekimenekin bat egiten dute, jai-gune seguruak eta eraso matxistarik gabeak lortzeko

Gasteiz, 2026/05/08

Emakundek eta EUDELek, Berdintasunaren aldeko eta Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Euskadiko Udalen Sarearen bitartez – Berdinsarea-, Berdintasunezko Tokiko Jaien Laborategiaren bi saio bultzatu dituzte, euskal udalerrietako teknikarien eta politikarien prestakuntzan aurrera egiteko.

Oraingoan, gizonen erantzukizunean eta inplikazioan jarri da arreta. Gizonduz Berdintasunaren aldeko gizon eta maskulinitateen Euskal Zerbitzuaren laguntzarekin, bi tailer egin dira gizonek jai-guneetan nola parte hartzen duten eta ingurune horietan eraso matxisten prebentzioan duten zeregina aztertzeko.

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak gogorarazi du gizonen inplikazioa erabakigarria dela berdintasunean aurrera egiten jarraitzeko, eta are gehiago tokiko jaien gai zehatzean. Adierazi duenez, “herri eta hiri gehienetan urrats nabarmenak eman dira eta guztiok dugu jaietan espazio libre eta seguruak eraikitzeko ardura “.

Elgarrestak azpimarratu duenez, ekimen horien azken helburua da “jaiak antolatzen hasten diren lehen unetik, beti gogoan izatea emakumeentzako espazio seguruak eta askatasunezkoak izan behar dutela, eraso matxistarik gabekoak”.

EUDELen ordezkari gisa, Nati López de Munain Burgeluko alkateak ere parte hartu du tailerretan. “Udalerriok aukera dugu praktika berdinzaleagoak entseatzeko, non pertsonek, gizonek eta emakumeek, beren aniztasun osoan, espazio guztiak partekatzen dituzten eta elkarrekin bizitzeko eta jaiez gozatzeko aukera duten, baldintza berdinetan: ikusgarritasunean, ospatzean eta parte-hartzean”.

Gizonduz-eko prestatzaile Josetxu Rivierek zuzendu ditu bi jardunaldiak, bata politikariei zuzendua eta bestea berdintasuneko teknikariei eta herriko jaien antolaketan inplikazioa duten beste udal-eremu batzuetako teknikariei. Maskulinitateei eta berdintasunari buruz hausnartzeaz gain, gizonak berdintasuna lortzera eta indarkeria matxistaren aurka egitera bideratutako esku-hartze metodologiak ere landu dira, bai eta gizonek jai-guneetan duten parte-hartzeari buruzko egoera praktikoak ere.

Aldi berean, Emakundek, urtero bezala, sentsibilizazio-materialak zabalduko ditu erakundeen artean, errespetuzko jaiak eta erasorik eta jarrera matxistarik gabekoen aldekoak.

  • Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketaren 18. edizioa maiatzaren 21ean eta 22an egingo da Lasarte-Oriako Manuel Lekuona Kultur Etxean
  • Dagoeneko zabalik dago izena emateko aukera eta maiatzaren 13ra arte luzatuko da  

Udaltop, Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketa, maiatzaren 21ean eta 22an egingo da Lasarte-Oriako Manuel Lekuona Kultur Etxean. Justizia linguistikoa izango da aurtengo edizioan hizpide, eta, bi egunetan, justizia linguistikoa ikuspegi filosofiko eta politikotik lantzeko ahalegina egiteaz gaiz, hizkuntza gutxituak indarberritzeko oinarriez hitz egingo da.  

Justizia linguistikoa: diskurtsoak, praktikak eta oinarriak berdintasuna helburu izenburupean, justizia linguistikoa izango da aurtengo jardunaldian ardatz. Bi egunetan zehar, justizia linguistikoa ikuspegi filosofiko eta politikotik lantzeko ahalegina egingo da, eta, besteak beste, hizkuntza gutxituak indarberritzeko oinarri etiko eta politikoak azalduko dira; oinarri horiek hizkuntza-politiken marko teoriko eta praktikoetara nola ekarri; araubideetan nola islatu…

Hitzaldi sorta zabaltzeko, Vicenta Tasa Fuster (Oliva, 1974) gonbidatu dugu, berea izango da XVIII. edizioa zabaltzeko ardura. Valentziarra Konstituzio Zuzenbideko irakaslea da Valentziako Unibertsitatean eta bere hitzartzean, justizia linguistikoaren ikuspegi filosofiko eta politikoa eskainiko du eta egoera minorizatuan dauden hizkuntzak indarberritzeko oinarri etiko eta politikoak azaltzen ahaleginduko da.

Gainerako gonbidatuen artean, besteak beste, Xabier Arzoz Santesteban, UNEDeko Zuzenbide Administratiboko katedraduna; Iñigo Urrutia Libarona, EHUko Justizia Soziolinguistikoaren Katedrako zuzendaria; edota, berdintasun soziolinguistikorako Equiling izeneko ekintza-ikerketan aritu den Soziolinguistika Klusterreko Miren Otxotorena Aranguren.

Egitarauak badu berrikuntza nagusi bat. Izan ere, aurten ez da ohiko talde-lanik egingo. Bere ordez, Gure plaza, lekukotasunak eta eztabaidak izeneko dinamika egingo da bigarren egunean, ostiralean. Justizia linguistikoarekin lotura duten lau errealitate azalduko dira, euskararen lurralde guztiak ordezkatuz (Nafarroa, Iparraldea, Araba eta Bizkaia-Gipuzkoa). Eta jarraian, eztabaida-plaza sustatuko da. Bertan, dinamika ezberdinak baliatuz, parte-hartzaileek beren iritziak plazaratzeko aukera izango dute.

Izen-ematea, zabalik

Maiatzaren 21ean eta 22an egingo den topaketarako izen-ematea zabalik da, maiatzaren 13ra arte. Matrikulazioa www.udaltop.eus webgunean egin behar da; bi aukera izango dira jardunaldia jarraitzeko, aurrez aurre edo online. Prezioa, berriz, aukeratutako formatuaren araberakoa izango da: aurrez aurre, 70 €, eta, online, 30 €.  Lehenengo aukerak osteguneko bazkaria, bi egunetako hamaiketakoa eta Udaltopen materiala barneratzen ditu. Online aukeratzen dutenek jardunaldia jarraitzeko lotura jasoko dute jardunaldia hasi baino aste bete lehenago.

Antolatzaile lanetan euskararen lurralde guztietako erakundeak ariko dira: Euskal Hirigune Elkargoa; Eusko Jaurlaritza; Nafarroako Gobernua; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak; eta Lasarte-Oriako Udala. Laguntzaile gisa, berriz, EUDEL, UEMA eta Kataluniako Consorci per a la Normalització Lingüística (CPLN) erakundea bidelagun izango dira.

Informazio gehiago: https://www.udaltop.eus/eu/

Apirilaren 26an, ikusgarritasun lesbikoaren egunean, oraindik ere beharrezkoa da lesbianen ikusgarritasunaren aldeko adierazpen argia egitea: gaur egun oraindik ere, lesbiana asko ez dira ausartzen beren bizitzaren esparru guztietan lesbiana direla esatera.

Familia, lana, lagunartea edo aisialdirako guneak oraindik ere ez dira beti espazio seguruak lesbiana askorentzat. Sarritan, aurreiritziak edo ondorio negatiboak agertzen dira haien bizitzetan. Ikusezintasunak, gainera, kostu handia du: askotan, eskubideak modu libre eta berdinean baliatzea eragozten du.

Zertarako balio du eskubideak izateak, eskubide horiek baliatzeko baldintzak betetzen ez badira? Zergatik dirudi oraindik ere LGTBIQ+ pertsonek eta, kasu honetan, emakume lesbianek dutela agerian jarri beharraren garrantzia?

Herritar guztien eskubideen aldeko borroka erantzukizun kolektiboa da. Gizarte anitza eta irekia eraikitzea dagokigu, sexu- eta genero-aniztasuna errespetatuko duen gizartea. Pertsona guztiek eskubide berak aitortuta izan behar dituzte, eta, gainera, eskubide horiek askatasunez eta beldurrik gabe baliatzeko aukera erreala izan behar dute. Hori guztion ardura da.

Gizarte osoari dagokio, halaber, lesbofobiari eta lesbianek jasaten dituzten diskriminazio- eta indarkeria-mota guztiei aurre egitea. Adinekoek, gazteek, migratuek, aniztasun psikikoa dutenek, kalteberatasun-egoeran daudenek eta abarrek oso zaila izango dute beren eskubideez baldintza berdinetan gozatzea, beharrezko baldintzak betetzen ez badira.

Gaur, lesbiana guztiak aldarrikatu nahi ditugu, bai ikusgarri direnak bai ez direnak. Era berean, euskal gizarte osoari —pertsonei, elkarteei, kolektiboei, erakundeei eta organismoei— dei egiten diegu elkarrekin lan egin dezagun, lesbiana bakar batek ere ikusgarri izateak merezi ez duela pentsa ez dezan.

Apirilaren 26a. Ikusgarritasun Lesbikoaren Eguneko manifestua

Gaur, apirilak 26, Ikusgarritasun Lesbikoaren Eguna da.
Egun hau garrantzitsua da, emakume lesbiana askok oraindik ez dutelako esan hala direnik, eta beren bizitzako espazio batzuetan beldurra dutelako.

Emakume lesbiana batzuek arbuioa sentitzen dute familiaren, lanaren, lagunen edo aisialdiaren esparruan. Hori gertatzen da aurreiritzi edo ondorio negatiboen beldurragatik.

Ikusgai ez izateak, hau da, bat den bezala ez agertzeak ondorioak izan ditzake. Esan nahi du eskubideak ezin erabiltzea edo beldurrez edo segurtasunik gabe bizitzea. Eskubideak izatea ez da nahikoa ezin badira erabili.

Ikusgarritasun lesbikoa ez da soilik LGTBIQ+ pertsonen erantzukizuna. Gizarte osoak errespetatu behar du aniztasunaeta pertsona guztiei  erakutsi behar die babesa.

Helburua da gizarte irekia, errespetuzkoa eta beldurrik gabea lortzea. Horregatik da garrantzitsua lesbofobiaren, diskriminazioaren eta indarkeriaren aurka borrokatzea.

Emakume lesbiana guztiek berdintasunez bizitzeko aukera izan behar dute: gazteek, adinekoek, migratzaileek, gaitasun desberdinak dituztenek, edo kalteberatasun-egoeran daudenek.

Gaur lesbiana guztiak babestu nahi ditugu. Aho betean esan dutenei. Eta esaten ez dutenei. Euskal gizarte osoa gonbidatzen dugu:
pertsonak, elkarteak, kolektiboak, erakundeak eta organismoak, emakume lesbiana bakar batek ere pentsa ez dezan ikusteak ez duela merezi.

Lesbiana: Emakume homosexuala, emakumeenganako
erakarpen sexual, fisiko eta sentimentala sentitzen duena.

Aurreiritzia: ezagutu aurretik pertsona bati
edo gai bati buruz izaten den ideia da.

LGTBIQ+: Lesbiana, Gay, Trans, Bisexual,
Intersexual, Queer eta beste batzuen siglak dira (+).

Lesbofobia: emakume lesbianen aurkako
arbuioa, diskriminazioa edo gorrotoa.

Kalteberatasuna: pertsonak bizitzan
zailtasun gehien dituen egoera
(ekonomikoak, osasunekoak, familiakoak, etab.)
eta babes eta laguntza handiagoa behar duena.