
- Akordioak udal euskaltegien finantzazio-sistema eguneratu, egonkortasuna indartu eta udalei plangintza egiteko gaitasun handiagoa emango die
- Ibone Bengoetxea lehendakariordea: “Euskararen erabileran jauzia eman nahi badugu, doakotasun-politikak ez ezik, euskaltegi sare sendo eta egonkorra ere behar dugu”
- EUDELeko elkarteburu Esther Apraiz: “Akordio honek milaka herritarrentzat funtsezkoa eta hurbila den zerbitzu baten finantzaketa blindatzea ahalbidetzen du”.
Vitoria-Gasteiz 2026-05-25
Eusko Jaurlaritzak eta EUDELek udal euskaltegien finantzazio-sistema berria adostu dute. Bi erakundeek lehen aldiz lortu dute udal euskaltegien finantzazioari egonkortasuna eta epe luzerako ikuspegia emango dion akordioa, Udal Legean jatorria duena. Sistema berriak orain arte indarrean egon den eredua eguneratuko du, kudeaketa administratiboa sinplifikatuko du eta udalen zein euskaltegien plangintza-gaitasuna indartuko du.
Akordioaren aurkezpena gaur goizean egin da Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzan. Bertan parte hartu dute Ibone Bengoetxea lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak; Esther Apraiz EUDELeko elkarteburuak eta Derioko alkateak; Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkateak (EAJ/PNV); Iñaki Olalde Oñatiko zinegotziak (EH BILDU); eta Jon Ugarte Irungo alkateordeak (PSE-EE). Halaber, bertan izan dira HABEko zuzendaria, Jokin Azkue, eta EUDELeko zuzendaria, Joseba Intxausti ere. Agerraldian azpimarratu da akordioak duen balioa eta euskararen inguruan lankidetza instituzionalerako eta herri ikuspegia partekatzeko dagoen gaitasuna.
Ibone Bengoetxea lehendakariordeak nabarmendu du gaur aurkeztutako akordioa “ez dela neurri isolatu bat”, baizik eta Eusko Jaurlaritzak JAUZIA GARA estrategiaren barruan helduen euskalduntzearen sisteman bultzatzen ari den eraldaketa zabalago baten parte dela. “Euskararen erabilera sozialean jauzi kualitatiboa eman nahi dugu eta, horretarako, lehentasunezko esparru bat dago: ezagutza eta hizkuntza-gaitasuna”, adierazi du. Ildo horretan, azpimarratu du “euskararen erabileran jauzia eman nahi badugu, doakotasun-politikak ez ezik, euskaltegi sare sendo eta egonkorra ere behar dugula”.
EUDELeko elkarteburuak, Esther Apraizek, euskal udalen aldarrikapen historiko bati erantzuteko erakundeen arteko lankidetza azpimarratu du eta udal sentsibilitate ezberdinen artean lortutako adostasunari balioa eman dio: “Gaur funtsezko urratsa ematen dugu udal euskaltegien finantziazioa blindatzeko eta milaka herritarrentzat funtsezko eta hurbileko zerbitzu publiko gisa sendotzeko”. Era berean, azpimarratu du akordioak hizkuntza eskubideak, gizarte kohesioa eta aukera berdintasuna indartzen dituela euskal udalerrietan.
Udal-ordezkariak bat etorri dira udalen eta ikastetxeen finantza-egonkortasunerako eta plangintza-gaitasunerako konpromiso bateratuan. Euskaltegi publikoek komunitatearen bizitzan duten garrantzia ere defendatu dute, baita udalerri guztietan euskararako sarbidea bermatzeko ere.
Aurkezpenean parte hartu duten udal ordezkariek akordioak udal euskaltegien egonkortasuna indartzeko, epe luzerako plangintza errazteko eta milaka herritarrentzat gertukoa eta funtsezkoa den zerbitzua sendotzeko duen garrantzia azpimarratu dute
Finantzazio-sistema berria udal euskaltegientzat
HABEren eta EUDELen arteko akordioak udal euskaltegien finantzazio-sistema berria ezarriko du 2026-2027 ikasturtetik aurrera, eta hasiera batean lau ikasturterako indarraldia izango du. Sistema berriak irakasleen kostuetan eta antzinatasunean oinarritutako aurreko eredua ordezkatuko du, jarduera-unitateetan eta emandako eskolorduetan oinarritutako sistema sinplifikatuago eta homogeneoago baten bidez.
Helburua udal euskaltegien finantza-egonkortasuna indartzea, kudeaketa administratiboa erraztea eta sistema euskaltegien gaur egungo errealitatera egokitzea da. Gainera, akordioak trantsizio-neurriak aurreikusten ditu, sistema-aldaketaren ondorioz kaltetuak izan daitezkeen euskaltegiek galerarik izan ez dezaten.
Eusko Jaurlaritzak handitu egingo du udal euskaltegietara bideratutako finantzazioa: 2025-2026 ikasturteko 14,1 milioi euroetatik 2026-2027 ikasturtean 15,1 milioi eurora igaroko da. Horrek %7tik gorako igoera ekarriko du.
Gaur egun, 38 udal euskaltegiek ia 9.000 ikasleri ematen diete zerbitzua, eta bostehun bat profesionalek egiten dute lan sare honetan. Guztira, euskaltegi publiko eta pribatuen sareak 35.000 ikasletik gora biltzen ditu Euskadin.
Akordioak, gainera, matrikulazio-kanpaina bateratuak egitea eta HABEren eta EUDELen arteko jarraipen-batzorde bat sortzea aurreikusten du, udal euskaltegien etorkizuneko beharrei erantzuteko eta bi erakundeen arteko koordinazioa indartzen jarraitzeko.
JAUZIA GARA eta ezagutzaren esparrua
Gaur aurkeztutako akordioa Eusko Jaurlaritzak bultzatutako JAUZIA GARA estrategiaren baitan kokatzen da. Estrategiaren helburua euskararen erabilera sozialean jauzi kualitatiboa sustatzea da.
Estrategia horren barruan, lehentasunezko esparruetako bat ezagutza eta hizkuntza-gaitasuna dira. Eusko Jaurlaritzaren helburua da gero eta pertsona gehiagok euskara ikastea eta, batez ere, gero eta pertsona gehiago euskaraz moldatzeko gai izatea eguneroko bizitzan.
Azken urteotan, Eusko Jaurlaritzak hainbat doakotasun-politika bultzatu ditu euskara ikasteko oztopo ekonomikoak murrizteko. Eta datuek erakusten dute politika horiek emaitzak ematen ari direla. Horren adibide da A1 mailaren doakotasuna: neurri hori martxan jarri ondoren, A1 maila gainditu dutenen kopurua 1.963tik 2.831ra igo zen ikasturte bakarrean. Hau da, %44ko hazkundea eta ia 900 ikasle gehiago euskararen lehen mailara hurbilduta.
Testuinguru berean kokatzen da Eusko Jaurlaritzak duela gutxi aurkeztu duen Euskara Bonua ekimena ere. Proposamen horren bidez, euskaltegietara gerturatzea ez ezik, ikasketa-prozesuan jarraitzea eta erabilerarako benetako gaitasuna eskuratzea ere sustatu nahi da.
Era berean, Eusko Jaurlaritza euskaltegi pribatuen etorkizuneko ituntze-sistema prestatzen ari da dagoeneko, helduen euskalduntzearen sare osoari egonkortasun handiagoa emateko eta herritarrei kalitatezko zerbitzua bermatzeko helburuarekin.